Bost izarreko hotelak
Badoa 2013-2014 ikasturtea, joan da ia. Neka-neka eginda bukatu dugu denok, opor premian, urtero bezala. Eta hasiak gara oporrak antolatzen. Pasa den ostiralean Goiatz Labandibarrek maleta egiteko hamar aholku eman zizkigun. Bikain! Aurten maleta txukun egingo dugu denok. Baina, nora joango gara oporretan? Noiz? Eta zer egingo dugu? Badator urteroko eztabaida.
Uda hurbiltzen hasi ahala oporrak antolatzen hasi ohi gara. Eta opor munduan, bizitzan bezala, zuritik beltzera kolore gama zabala izaten da. Bidaiari mota asko dago gurean. Batzuentzat oporrik onenak Euskal Herrian barrena parrandaz parranda ibiltzea dira: sanjoanak, sanpedroak, sanmartzialak, sanferminak, san… Santu guztiak gurtzen dituzte eta gustura ibiltzen dira. Zerbeza eta kalimotxoa, hau da euren bost izarreko hotela. Eta euren lema berdina izaten da urtero: zertarako joan kanpora Euskal Herria ezagutzen ez badugu? Arrazoi puska bat ere badute, ezin ukatu.
Beste bidaiari batzuentzat, ordea, ez da oporrik izaten Euskal Herritik ateratzen ez badira. «Geroz eta urrunago joan orduan eta opor hobeak», izaten da euren lema. Badirudi deskonektatu nahi baduzu mapan agertu ere egiten ez diren herrialdetara joan behar duzula: urruti, oso urruti. Hemen inguruan galtzeko lekurik egongo ez balitz bezala… Munduan barna galtzea, desagertzea da euren bost izarreko hotela.
Badira bidaiari tradizionalak ere, urtero toki berera joaten direnak, jaioterrira (lagunarteko hizkeran a la casa del pueblo). Herri txikietako lasaitasuna eta segurtasuna nabarmentzen dituzte, baita oporraldiaren prezioa ere. Euro gutxiren truke eguraldi ona eta poteo bikaina edukitzea da euren bost izarreko hotela.
Beste bidaiari mota bat plastikozko eskumuturrekoa jarri eta irla exotikoetara joaten dena da. Ehunka kilometro egiten dituzte hotelean sartu eta bertatik ez ateratzeko. Hori bai, bost izarreko hotelean!
Batzuek urte guztia pasatzen dute udako bidaia prestatzen. Beste batzuk, ordea, azken uneko eskaintzen zain egoten dira. Batzuk kanpinetara joaten dira, besteak apartamentuetara, besteak ostatu eta hoteletara, eta furgonetan bidaiatzen duenik ere bada. Argi dago guztiok ez dugula gauza bera bilatzen, ez leku berak ezta oporraldia bizitzeko modu berak ere. Eta eskerrak!
Tokiak toki, moduak modu, oporrez gozatzea da garrantzitsuena. Hortaz, ganoraz egin maleta eta gozatu zuen bost izarreko hoteletan!