Haur bakoitzaren erritmora egokitzen dira Urmendin. Argazkia: Urmendi
Urmendi Oiartzungo 0-3 adin tarteko haurren heziketaz arduratzen den haur eskola da, heziketa integralaren bidean beharrezkoak diren arlo guztiak bateratuz, modu goxoan. Horretarako 21 profesionalez edo hezitzailez osatutako lantaldea dute, hainbat alorretan espezializatuak. Hainbat eraikinetan daukate banatuta euren eskaintza, nagusiena
Urmendi eraikina, ikastolaren ondo-ondoan. Bi lelo dituzte euren zeregina definitzeko, Jolastuz izan eta hazi, eta Lagunduz izan eta hezi. Datorren ikasturterako matrikulazio epea zabalik dute, uztailaren 4ra arte (beheko koadroan informazio gehiago).
Lelo horiek ez dituzte ausaz hautatu, ordea. Haurraren espontaneitate eta jakin-minari helduz, txikitatik behar duen ziurtasuna ematen diote, ingurune atsegin batean. Hori haurren autonomiaranzko bidearekin lotzen dute, azken fase batean sozializazioari ekiteko. «Guk eskaintzen duguna da ibilbide hori egiteko marko egoki bat, haurren behar eta erritmoetara egokitua, eta horiek errespetatuz. Ibilbide horretan haurrari lagundu egiten diogu; prozesu horretan haren bidelagun gara», argitu du Naiara Arbelaitz Urmendiko zuzendariak.
Jolastuz, ingurunea ezagutu haurra den bezala hazi dadin; horrekin batera, bide horretan hezitzaileen eta gurasoen babesa ingurune egoki eta atsegin batean. Horiek Urmendiren oinarriak.
Ordutegi eta zerbitzuak
Ordutegi aldetik eskaintza berezitua dute Urmendin. Esaterako, egun osoko eskaintza dute (gehienez 8 ordukoa), eta 1-2 eta 2-3 adin tartekoek goizeko aukera balia dezakete soilik gurasoek hala nahi badute. Hortaz, ordutegi aldetik aukera zabala da. Gainera, Arbelaitzek nabarmendu du gurasoekin harreman zuzena izaten dutela, egunerokoa, bai goizez zein arratsaldez.
Sukalde propioa ere badu Urmendik, bertan prestatzen dute jangelan gelditzen direnentzako otordua. Gainera, 2010etik Ekolapiko egitasmoaren barruan dago Oiartzungo haur eskola: jaki ekologikoekin egiten dituzte janariak egitasmo horren barruan daudenek (zerealak, barazkiak, frutak…), eta aurten, esaterako, Igeldoko Ariztondo baserritik ekartzen hasi dira barazkiak.