Errenteria-Oreretako autobus publikoen erabiltzaileek flota berria estreinatzeko aukera izango dute gaur. Izan ere, mikrobus bat izan ezik, gainontzeko ibilgailuak —hiru autobus eta bi mikrobus— berritu dituzte. Orain arte bezala, Herribus enpresak emango du zerbitzua, kontratua bukatu eta berriro esleitu ondoren.
Udalak jakinarazi duenez, 1.246.901 euroko inbertsioa egin dute. Gainera, erregai gutxiago kontsumituko dute, eta dirua aurreztuko dela aurreikusi dute: urtean 30.000 euro inguru izango dira, orain baino %19,26 gutxiago.
Ordutegi eta linea berriak
Ibilgailuez gain, hainbat aldaketa egin dituzte ordutegietan eta lineatan. Honakoak izango dira hiribusen lineak zein maiztasunak:
- U5 linea: Xenpelar – Alaberga – San Markos kalea – Sanmarkosene – Txirrita Maleo – Maisti Loidi – Xenpelar. Astean zehar 5 minutu aurreratuko dira ordutegiak, eta zerbitzua orduro izango da 08:35etik 19:35era; bat etorriko dira asteburuko hasiera ordutegiarekin. Larunbatetan autobus bat gehiago igoko da Sanmarkosenera, 17:35ean, erabiltzaileek hiribusean igotzeko eta jaisteko aukera izan dezaten. Orain arte zerbitzu bakarra ematen zen arratsaldez. Igande eta jaiegunetan, eta larunbatetako arrazoi beragatik, goizean beste igoaldi bat egingo da, 11:35ean, eta, arratsaldean, beste bat, 17:35ean.
- U6 linea: Xenpelar – Parke kalea – San Markos kalea – Beraun etorbidea– Arramendi – Pontika – Xenpelar. Zerbitzuaren hasiera eta amaiera ordu erdi atzeratu ditugu astelehenetik ostiralera, lehen zerbitzuan ez zelako inor ibiltzen; hau izango da astelehenetik ostiralerako ordutegia: 08:55etik 20:55era.
- U7 linea: Xenpelar – Galizia biribilgunea (Niessen) – Zumardia – Fanderia – Erramun Astibia – Agustinak – Markola – Perurena – Masti Loidi – Arramendi – Xenpelar. Zerbitzuaren ordutegia zabaldu da aste guztian. Azken zerbitzua, 19:50ean beharrean, 20:50ean aterako da Perurenarantz.
Horrez gain, Mugi txartelaren erabiltzaileen gaineko informazioa eman du udalak. 30.873 erabiltzaile daude, populazioaren %78 inguru, eta heren batek deskontu bereziak ditu. 708.055 bidaiari izan ziren iaz, eta 29.091 autobus aldaketa izan ziren (Mugi txartelarekin doakoak dira).