Euskara eta euskal kultura bultzatzea helburu duen Saretuz egitasmoak bere eskola abian jarri zuen atzo arratsaldean. Esperientziak partekatzeko gunea izatea du helburu, eta atzo Beñat Irasuegi Talaios aholkularitza teknologiko eta informatikoko kooperatibako kidea izan zen Lau Haizetararen egoitzan. Olatukoop proiektua aurkeztu zuen bertan. Hainbat elkartek, enpresak eta kidek osatzen dute sare hori, guztiak “ekonomia eraldatzailean” lanean ari direnak.

Saretuz eskolan Olatukoop eta kooperatibismo eraldatzailea izan zuten hizpide
Irasuegik azaldu zuenez, orain dela urte eta erdi abiatu zen Olatukoop. Hainbat helburu dituzte finkatuta. Alde batetik, kideen elkartasuna sustatzen dute, “interkooperazioaren bitartez”. Bestetik, jendartearen ongizatea bilatzen dute, eta azkenik, euren jarduera ekonomikoak “ondare komunari ekarpena egitea” dute xede. Horrela, software librea edo pirateatzea jarri zituen azken helburu horren adibide gisa.
Kidetza, bakoitzak definitua
Olatukoop sarearen kidetzari dagokionez, eurak “label banatzaileak” ez direla argi utzi nahi izan zuen Irasuegik. “Bakoitzak ikusi behar du bertako kide den, arauak irekiak baitira”, gaineratu zuen. Modu eskematikoan azaldu zituen lau oinarriak. Demokrazia ekonomikoak izan behar du Olatukoopeko kideen lehen ezaugarria. “
Pertsona bat, boto bat, azken finean”, zehaztu zuen. Informazioa partekatzeko eskubidea ere izango dute sareko kideek. Aberastasuna banatu behar dute, elkartasunaren printzipioa jarraituz. Azkenik, ondare komuna, jasangarritasuna eta ongizatea bilatu beharko dute.
Olatukoopen oinarri horiekin bat egin eta sare barruan dauden hamalau enpresa edo elkarte daude, momentuz, Euskal Herrian. Euren lan ildo nagusia ekonomia sozial eta eraldatzailea saretzea dela argitu zuen Talaioseko kideak, baita ere kooperatiben munduko hainbat
egia zalantzan jartzea. Horrela, Euskal Herriko kooperatiben “errelatoa” Jose Maria Arizmendiarretarekin hasten dela ukatzen du Irasuegik: “Herri lurrak askoz zaharragoak dira, eta Bizkaiko Sutearo mutualitatea XIV. mendean hasi zen, eta gaur egun oraindik irauten du”. Gainera, ekintzaletasunaren gaur egungo kontzeptuarekin bat ez datoz: “Ideia geniala eduki eta aberastu egin behar den eredua dago indarrean, eta guk eraldatzailea bultzatzen dugu”.
Bestalde, urriaren 9an konferentzia bat egingo dutela iragarri zuen Olatukoopeko kideak.