Erasoak salatzeko agerraldia egi du udalak
Faxismo zantzuak dituzten jarrerak sustatzen dituzten pertsonak ez dituztela onartuko esan zuen atzo Ainhoa Zabalo alkateak. Hamarnaka herritarrek babestuta eta bi aldetara Kepa Garbizu EAJko bozeramailea Lezoko Udalean eta Mikel Antxon Arrizabalaga PSE-EEko zinegotzia zituela egin zuen agerraldia atzo iluntzean Gurutze Santuaren plazan. Herritar baten izandako erasoa salatzea zuen helburu atzoko agerraldiak, eta baita erasotutako 62 urteko lezoarrari eta bere gertukoei elkartasuna adieraztea. Udalak bere esku dituen baliabide guztiak erabiliko dituela arazoa konpondu eta herritarren segurtasuna eta bizi kalitatea bermatzeko gaineratu zuen Zabalok, eta ezinbestekoa jo zuen halako egoeren aurrean salaketa egitea: “Erasoak, mehatxuak edo eta irainak pairatzen ditzuten herritarrei gertaerak salatzeko eskatu nahi diegu, salaketarik gabe, ezer gutxi egin dezakegulako”.
Arazoari konponbide bateratua eman beharra ere nabarmendu zuen alkateak, “herritarrok batu egin behar dugu, eta guztion artean bakarrik daudela sentiarazi behar diegu”. Erasotzaileen probokazioetan ez erortzeko ere eskatu zien lezoarrei Zabalok, “haserrea, ezinegona eta kezka ulertuta ere, argi dugu arazoari konponbide bateratua eta baketsua eman behar diogula”.
Manifestazio isila
Plazan bildutako hamarnaka lagunen txalo artean amaitu zuen agerraldia Zabalok, eta bertatik, erasoa izan zen lekura joan ziren manifestazioan. Jaizkibel hiribiderainoko bidea isilik egin zuten bertan bildutako hamarnaka lagunek
Eraso faxistarik ez. Gure indarra, elkartasuna zion pankartaren atzean.
Joan den asteartean izan zen atzoko agerraldian salatu zuten erasoa eta 62 urteko lezoar bat izan zen zauritua. Masailezurra apurtuta eta begia galtzeko zorian izan da lezoarra erasoaren ondorioz. Asteartekoa ordea, ez dela gertaera isolatua izan salatu zuten atzoko agerraldian, erasotzaileek azken aldian herritarrak eta zenbait kolektibo mehatxatu, iraindu eta erasotu dituztela azaldu zuen Zabalok.