Preferentekoak dira
Lortu dute, azken aukeran gauzatu du Lehen Erregionaleko taldeak igoera. Bosgarren posturako lehiako itzuliko partida 3-0 irabazi zion Idiazabali, Goierrikoek joanekoan eskuratutako gol bakarreko errenta gaindituz.
Igoera fasean multzoko aurreneko bien artean sailkatzea lortu ez zutenez, aukera bakarra geratzen zitzaion Hondarribiko bigarren futbola taldeari mailaz igotzeko, multzoen arteko bosgarren postua eskuratzea. Bosgarren geratzeko, Idiazabalen kontrako kanporaketa zuzena irabazi behar zuen Hondarribiak. Horretarako, lehen partidan emaitza ona lortzea inportantea zen, baina helburu hori ez zuten guztiz lortu, 1-0 galdu baitzuten joan den asteburuan. Kanpoan golik sartu ez zutenez, hondarribiarrek bi goleko abantailaz irabazi beharko zuten Hondartzan eta hori ez zen erraza izango, Erregionaleko defentsa onena baita idiazabaldarrena.
Baina egin dute, 3-0 irabazi zuten atzo eta Hondartza, bigarren asteburuz jarraian, festa gune bilakatu zen. Bi astetan, lehen taldeak Ohorezko Mailari eutsi dio eta bigarrenak Preferentera igo da. Hortaz, datorren denboraldian talde bana izango du Hondarribia Futbol Elkarteak Gipuzkoako lehen bi mailetan.