2014. urteko sanmartzialak ailegatzear direla-eta, Bilgune Feministak Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala aurkeztuko du ostegunean, Lakaxita gaztetxean (19:30). Euskal Herriko jaien ereduaren gaineko hausnarketa eta emakumeen parte hartzeaz gogoeta egiten du ikus-entzunezkoak.
Aste Berdeari lotuta, mugikortasun iraunkorrari buruzko lehiaketa egiten ari dira Tokiko Agenda 21eko webgunean. Bizikleta tolesgarri bat zozkatuko dute asmatzen dutenen artean. Lehiaketan parte hartzeko epea hilaren 8an bukatuko da.
Ion Areitio trialsin pilotu hondarribiarrak laugarren bukatu zuen Krakow hirian (Polonia) egin duten Munduko Bike-Trial Kopako lehen proban. Lauko super finalerako sailkatzea lortu zuen, baina hiru puntu soberan izan zituen podioa zapaldu ahal izateko. Gorka Susperregi irundarra 32. sailkatu zen.
Hasi da Alkartasuna euskal dantza taldearen kultur hamabostaldia. Larunbat arratsean ikuskizun handia eman zuten egungo taldeko kideek nahiz izandakoek Gure Zumardian, aurretik Antxotik desfilea egin eta gero. Ederra izan zen belaunaldi ezberdinetako dantzariak elkarrekin oholtza partekatzen ikustea. http://youtu.be/X2NZBbX2A7w