
Bihar eta etzi Trintxerpen bilduko dituzte atez atekoaren kontrako sinadurak, 10:30etik 13:30era Hondakinak atez ate biltzearen kontra dauden hainbat herritarrek Pasaia Garbia plataforma eratu dute, aipatu sistemaren kontrako «desadostasuna azaltzeko». «Pentsatzen dugu, zaborra ekidin, berrerabili, eta birziklatu egin behar dela, baina gure hondakinak jasotzeko sistema edukiontziak izaten jarrai dezan nahi dugu, atez atekoa baino sistema garbiagoa eta merkeagoa delako», esan dute. Zentzu horretan, udalari prebentzioaren eta birziklapenaren kontzientziazioa eta heziketa bultzatu dezan eskatu diote. Horrez gain, «kontsulta prozesu bat egitea exijitu» diote udalari, «herritarroi modu argian galdetuz sistema horren alde gauden ala ez» . Plataforman bildu direnek sinadurak jasotzeari ekin diote. Esan dutenez, dagoeneko 800 sinadura lortu dituzte. Astebukaera honetan sinadurak Trintxerpen bilduko dituztela iragarri dute, 10:30etik 13:30era, Serafin Esnaola plazan, elizara igotzeko igogailuan eta Azkueneko beheko aldean. Datozen asteburuetan beste barrutietan izango direla jakinarazi dute.

Albaolak kudeatuko ditu dragaren bisitak, eta Itsas Interpretazio Zentroarekin batera ikusterik izango da Bi urte berritze lanetan eman eta gero, atzo eguerdian aurkeztu zuten San Pedroko ontziolan zaharberritu duten Jaizkibel draga, enbata sartzear zela. Aurkezpenean, Portu Agintaritzako buru Lucio Hernandok, Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuorde Antonio Riverak eta Gazteria, Kirola eta Kultura diputatu Ikerne Badiolak parte hartu zuten. Han izan ziren baita ere berritze lanak gidatu dituen ondare teknikari Manu Izagirre, Albaolako Xabier Agote eta Untzi Museoko Jose Maria Unsain eta Soco Romano, besteak beste. Guztiak pozik ziren atzo. Hernandok ospatzeko moduko bi arrazoi aipatu zituen: «Ondare kultural bat berreskuratu» izana txalotu zuen, eta baita «dragaren zaharberritzea ahalbidetu duen erakundeen arteko elkarlana». 2010ean sinatu zuten draga zaharberritzeko akordioa Eusko Jaurlaritzak, aldundiak, eta Portuak, eta hiruren artean 640.000 euro inbertitu dituzte, 1992. urtean Eusko Jaurlaritzaren Ondarearen Batzordeak monumentu izendatutako ontzia berreskuratzeko. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Antonio Riverak Jaizkibel dragaren zaharberritzea «iragana, oraina eta geroa azaltzen» lagunduko digula nabarmendu zuen eta draga «txatarra izatetik, ondare izatera» pasatu delako poza agertu zuen. Kultura diputatu Ikerne Badiolak, bere aldetik, «itsas ondarearen pieza garrantzitsuenetakoa» berreskuratzeko «urte gehiegi» eman dituztela gogoratu zuen, baina baikor hitz egi zuen «Pasaiak hain beharrezkoa duen biziberritzean, draga hau guztiz garrantzitsua» [...]

‘Gernika bajo las bombas’ telebistarako filma grabatzen ari dira. ETBk emango du udazkenean, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena bete ondoren. Oiartzungo plazak eta Donibane kaleak itxura aldatuta zuten atzo. Animaliak, azoka bateko erakusmahaien antzekoak, garai bateko arropa zuen jendea… ‘Grabatzen!’ entzun zitekeen, eta minutu batzuetako isiltasuna. Gernika bajo las bombas (Gernika bonben pean) filmeko eszena batzuk grabatzen ari ziren. Ez zen grabazio erraza izan eguerdi aldekoa. Herritar ugari hurbildu zen ikusminak lagunduta, eta sakelakoen soinuek traba pixka bat egin zieten filmeko langileei. Hori konponduta, txakur batek hartu zuen grabazioa oztopatzeko lekukoa. Filmean lanean ari direnek, txakurra zegoen etxeko leihoraino igo behar izan zuten, eta leihoa itxi. Oztopo txiki horiek gaindituta, grabazioak aurrera jarraitu zuen, eta atzo, 1937. urteko Gernika (Bizkaia) bihurtu zen Oiartzun. Aurten, 75 urte betetzen dira Gernika bonbardatu zutela. 1937. urteko apirilaren 26an izan zen. 36ko Gerra puri-purian zegoen urte hartan, eta Gernikak hegazkin-erasoa pairatu zuen. Luftwaffe naziaren Kondor Legioa eta italiar faxisten Aviazione Legionaria-ko hegazkinak izan ziren erasotzaileak. Erasoaren ondorioz zibil asko hil ziren, eta hiria suntsituta geratu zen. Urteurrena aitzakia hartuta hasi dira filma grabatzen. Egileek aitortu dutenez, 100. urteurrena izango litzateke biribilagoa, baina ordurako hura sufritu zuen inor bizirik egotea zaila izan daitekeelako, filma aurten grabatzea [...]

Gaixotasuna gizarteratzeko eta sentsibilizazioa bultzatzeko jardunaldia antolatu dute Pasai Antxon biharko Alain Ferreresek (Antxo, 2003) X hauskorraren sindromea du. Lehengo abenduan diagnostikatu diote gaixotasuna, bere gurasoek urteetan mediku, psikologo eta psikiatra askoren kontsultetan ate joka ibili ondoren. Alainek duen gaitzari izena jarrita, bere gaixotasunari buruzkoak ezagutzera eman nahi dituzte gurasoek, eta hori dela eta sentsibilizazio egun bat antolatu dute biharko Pasai Antxon, bizi diren herrian. «Jendeak Alainek duen gaixotasuna zein den jakin dezan nahi dugu», diote gurasoek. Kasua ezagutzera emanda, bizilagunek Alainen portaera hobeto ulertuko dutela espero dute. Alainen gaitzari izena jarri izanak zapore gazi- gozoa utzi du Ferreres Obeso familiaren etxean. «Hasieran ikaragarrizko nahigabea hartu genuen, Alainek bizitza osorako urritasun mentala duela esan digutelako», dio amak, «baina nolabaiteko lasaigarria ere izan da, guk bagenekielako zerbait ez zebilela ondo. Orain, gaixotasuna ezagutuz Alainekin nola jokatu ere hobeto uler dezakegu», gaineratu du aitak. Ferreres Obeso sendia Euskal Herrian X hauskorraren sindromea pairatzen dutenen familiak biltzen dituen elkartera bildu dira informazio eta babesa eske. Aipatu elkarteak Bilbon du egoitza eta urtean behin, bihar Antxon egingo den jardunaldiaren antzekoa antolatu ohi dute. «Guk berriak izanik, animatu eta Antxon antolatzea erabaki genuen», azaldu dute Alainen gurasoek. Hitzaldia, haurrentzako jarduerak, Antxora etorriko diren elkarteko lagunentzako [...]