Gernika bihurtu da Oiartzun
‘Gernika bajo las bombas’ telebistarako filma grabatzen ari dira. ETBk emango du udazkenean, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena bete ondoren. Oiartzungo plazak eta Donibane kaleak itxura aldatuta zuten atzo. Animaliak, azoka bateko erakusmahaien antzekoak, garai bateko arropa zuen jendea… ‘Grabatzen!’ entzun zitekeen, eta minutu batzuetako isiltasuna. Gernika bajo las bombas (Gernika bonben pean) filmeko eszena batzuk grabatzen ari ziren. Ez zen grabazio erraza izan eguerdi aldekoa. Herritar ugari hurbildu zen ikusminak lagunduta, eta sakelakoen soinuek traba pixka bat egin zieten filmeko langileei. Hori konponduta, txakur batek hartu zuen grabazioa oztopatzeko lekukoa. Filmean lanean ari direnek, txakurra zegoen etxeko leihoraino igo behar izan zuten, eta leihoa itxi. Oztopo txiki horiek gaindituta, grabazioak aurrera jarraitu zuen, eta atzo, 1937. urteko Gernika (Bizkaia) bihurtu zen Oiartzun. Aurten, 75 urte betetzen dira Gernika bonbardatu zutela. 1937. urteko apirilaren 26an izan zen. 36ko Gerra puri-purian zegoen urte hartan, eta Gernikak hegazkin-erasoa pairatu zuen. Luftwaffe naziaren Kondor Legioa eta italiar faxisten Aviazione Legionaria-ko hegazkinak izan ziren erasotzaileak. Erasoaren ondorioz zibil asko hil ziren, eta hiria suntsituta geratu zen. Urteurrena aitzakia hartuta hasi dira filma grabatzen. Egileek aitortu dutenez, 100. urteurrena izango litzateke biribilagoa, baina ordurako hura sufritu zuen inor bizirik egotea zaila izan daitekeelako, filma aurten grabatzea [...]
‘Gernika bajo las bombas’ telebistarako filma grabatzen ari dira. ETBk emango du udazkenean, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena bete ondoren.
Oiartzungo plazak eta Donibane kaleak itxura aldatuta zuten atzo. Animaliak, azoka bateko erakusmahaien antzekoak, garai bateko arropa zuen jendea… ‘Grabatzen!’ entzun zitekeen, eta minutu batzuetako isiltasuna. Gernika bajo las bombas (Gernika bonben pean) filmeko eszena batzuk grabatzen ari ziren.
Ez zen grabazio erraza izan eguerdi aldekoa. Herritar ugari hurbildu zen ikusminak lagunduta, eta sakelakoen soinuek traba pixka bat egin zieten filmeko langileei. Hori konponduta, txakur batek hartu zuen grabazioa oztopatzeko lekukoa. Filmean lanean ari direnek, txakurra zegoen etxeko leihoraino igo behar izan zuten, eta leihoa itxi.
Oztopo txiki horiek gaindituta, grabazioak aurrera jarraitu zuen, eta atzo, 1937. urteko Gernika (Bizkaia) bihurtu zen Oiartzun.
Aurten, 75 urte betetzen dira Gernika bonbardatu zutela. 1937. urteko apirilaren 26an izan zen. 36ko Gerra puri-purian zegoen urte hartan, eta Gernikak hegazkin-erasoa pairatu zuen. Luftwaffe naziaren Kondor Legioa eta italiar faxisten Aviazione Legionaria-ko hegazkinak izan ziren erasotzaileak. Erasoaren ondorioz zibil asko hil ziren, eta hiria suntsituta geratu zen.
Urteurrena aitzakia hartuta hasi dira filma grabatzen. Egileek aitortu dutenez, 100. urteurrena izango litzateke biribilagoa, baina ordurako hura sufritu zuen inor bizirik egotea zaila izan daitekeelako, filma aurten grabatzea erabaki dute.
ETBn udazkenean
Gernika bajo las bombas, bi ataleko telebista filmea izango da, eta udazkenean emango du ETBk. Egileek zehaztu dutenez, elkarren artean lotura duten hainbat istoriok osatuko dute.
Luis Marias da zuzendaria, eta Aitor Vitoria zuzendari laguntzailea. Horrez gain, Asier Bilbao ekoizpenaren zuzendaria da, eta Mikel Huercanos produkzio burua. Filma, Euskal Telebistak, Erpin 360º-k, Vertice Cinek eta Baleukok ekoitziko dute. Horrez gain, ETB, TV3, TVG eta Canal Surrek ere parte hartuko dute, eta ICAA (Espainiako Kultura Ministerioko laguntza publikoetarako elkartea) eta Eusko Jaurlaritza laguntzaile izango dira.
Aktoreetako batzuk honakoak dira: Marc Clotet, Aito Mazo, Lander Otaola, Teresa Calo, Egoitz Sanchez, Sara Casanovas, Roberto Alvarez, Antonio Dechente, Pep Tosas eta Ramon Barea.
Egileek nabarmendu dutenez, «une eta garai zehatz hartako Gernikako gizartearen isla izan nahi du lan honek», batetik. Eta «gerrak uzten dituen ondorioen historia unibertsala ere izan nahi du», bestetik.
Donostian, Hernanin, Oñatin eta Burgosen (Gaztela eta Leon, Espainia) ere egingo dituzte grabazioak.