Zaharberrituta, bisitariak hartzeko prest dago ‘Jaizkibel’ draga
Albaolak kudeatuko ditu dragaren bisitak, eta Itsas Interpretazio Zentroarekin batera ikusterik izango da Bi urte berritze lanetan eman eta gero, atzo eguerdian aurkeztu zuten San Pedroko ontziolan zaharberritu duten Jaizkibel draga, enbata sartzear zela. Aurkezpenean, Portu Agintaritzako buru Lucio Hernandok, Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuorde Antonio Riverak eta Gazteria, Kirola eta Kultura diputatu Ikerne Badiolak parte hartu zuten. Han izan ziren baita ere berritze lanak gidatu dituen ondare teknikari Manu Izagirre, Albaolako Xabier Agote eta Untzi Museoko Jose Maria Unsain eta Soco Romano, besteak beste. Guztiak pozik ziren atzo. Hernandok ospatzeko moduko bi arrazoi aipatu zituen: «Ondare kultural bat berreskuratu» izana txalotu zuen, eta baita «dragaren zaharberritzea ahalbidetu duen erakundeen arteko elkarlana». 2010ean sinatu zuten draga zaharberritzeko akordioa Eusko Jaurlaritzak, aldundiak, eta Portuak, eta hiruren artean 640.000 euro inbertitu dituzte, 1992. urtean Eusko Jaurlaritzaren Ondarearen Batzordeak monumentu izendatutako ontzia berreskuratzeko. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Antonio Riverak Jaizkibel dragaren zaharberritzea «iragana, oraina eta geroa azaltzen» lagunduko digula nabarmendu zuen eta draga «txatarra izatetik, ondare izatera» pasatu delako poza agertu zuen. Kultura diputatu Ikerne Badiolak, bere aldetik, «itsas ondarearen pieza garrantzitsuenetakoa» berreskuratzeko «urte gehiegi» eman dituztela gogoratu zuen, baina baikor hitz egi zuen «Pasaiak hain beharrezkoa duen biziberritzean, draga hau guztiz garrantzitsua» [...]
Albaolak kudeatuko ditu dragaren bisitak, eta Itsas Interpretazio Zentroarekin batera ikusterik izango da
Bi urte berritze lanetan eman eta gero, atzo eguerdian aurkeztu zuten San Pedroko ontziolan zaharberritu duten Jaizkibel draga, enbata sartzear zela.
Aurkezpenean, Portu Agintaritzako buru Lucio Hernandok, Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuorde Antonio Riverak eta Gazteria, Kirola eta Kultura diputatu Ikerne Badiolak parte hartu zuten. Han izan ziren baita ere berritze lanak gidatu dituen ondare teknikari Manu Izagirre, Albaolako Xabier Agote eta Untzi Museoko Jose Maria Unsain eta Soco Romano, besteak beste. Guztiak pozik ziren atzo.
Hernandok ospatzeko moduko bi arrazoi aipatu zituen: «Ondare kultural bat berreskuratu» izana txalotu zuen, eta baita «dragaren zaharberritzea ahalbidetu duen erakundeen arteko elkarlana».
2010ean sinatu zuten draga zaharberritzeko akordioa Eusko Jaurlaritzak, aldundiak, eta Portuak, eta hiruren artean 640.000 euro inbertitu dituzte, 1992. urtean Eusko Jaurlaritzaren Ondarearen Batzordeak monumentu izendatutako ontzia berreskuratzeko.
Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Antonio Riverak Jaizkibel dragaren zaharberritzea «iragana, oraina eta geroa azaltzen» lagunduko digula nabarmendu zuen eta draga «txatarra izatetik, ondare izatera» pasatu delako poza agertu zuen.
Kultura diputatu Ikerne Badiolak, bere aldetik, «itsas ondarearen pieza garrantzitsuenetakoa» berreskuratzeko «urte gehiegi» eman dituztela gogoratu zuen, baina baikor hitz egi zuen «Pasaiak hain beharrezkoa duen biziberritzean, draga hau guztiz garrantzitsua» izango delakoan. «Polemika antzuetatik harago Pasaiak erakundeen arteko elkarlana guztiz beharrezkoa» duela aldarrikatu zuen kultura diputatuak.
1933tik 1984ra bitartean
Bilboko Euskalduna Ontzioletan eraiki zuten Jaizkibel draga, eta mende erdiz aritu zen Pasaiako portuan lanean, 1984. urtean erretiroa hartu zuen arte.
Ontzien trafikoa ahalbidetzeko portuko hondarra garbitzea. Horixe izan zen dragaren egitekoa 1933ko azaroaren 3an Pasaian uretaratu zutenetik.
Gertuko iragana ezagutzeko balio handiko pieza honek, aste gutxiren buruan edonork bisitatu ahalko du. Ondartxoko Itsas Interpretazio Zentroak kudeatuko ditu bisita gidatuak, eta han egin beharko dira erreserbak, 3 euroren truke, draga eta Itsas Interpretazio Zentroan dauden bestelako ontzien gainekoak ezagutu ahal izateko.
Ospatzeko moduko eguna Untzi Museoko arduradunentzat
Bereziki pozik, Untzi Museoko arduradun Jose Maria Unsain eta Soco Romano zeuden atzo. Han ziren biak, ia ezin sinetsita, hogei urteko borroka latzaren ondoren, beren ahaleginaren fruitua bertatik bertara ikusita. Beraiei esker ez zuten bere garaian draga txatarra bihurtu, beren ekimenez lortu zelako monumentu izendapena draga enkantera ateratzear zela. Gerora, baina, urte latzak etorriko ziren, monumentu izendatuta ere, draga ahanzturan erori zelako. Utzikeria, lapurretak, piezen desagerpenak, … guztiak jarraitu dituzte kemenez denbora honetan guztian. Horregatik atzo, ez zituzten ahaztu nahi izan, beraiekin batera draga zaintzen aritu diren herritarrak. «Jendeak telefonoz deitzen zigun, dragaren ingurukoak jakinarazteko. jende asko aritu da zaintzan», esan zuten esker onez.


