Estatus politikoaren gaineko Hartu Hitzaren herri galdeketa azken txanpan sartu da. Bazkalostea eta gero boto emaileen emaria handitu da, baita giroa ere.
Arratsaldean giroz gainezka egon da San Juan plazako karpa.
Herri galdeketaren azken minutuak dira. Hilabete luzez ilusioz, elkarlanean eta parte hartzean eraikitako prozesuaren zatirik mamitsuenaren bukaerako uneak: hala nahi izan duten irundarrek Euskal Herriaren estatus politikoaren gaineko iritzia emateko aukera izan dute. 20:00etan itxiko dira hamasei hauteslekuak, eta hortik aurrera hasiko da kontaketa. 20:00etatik 22:00etara kontaketa jaia egingo dute Maddalen Arzallusek eta Ander Pozak gidatua; aurretik, 19:00etatik 20:00etara, Kemen Dantza Taldearen emanaldia San Juan plazako karpan.
Elena Berazadi Hartu Hitza Iruneko kideak HITZAri emandako elkarrizketan nabarmendu zuen gaurkoa zifretatik eta emaitzetatik harago doan eguna izango zela. Eguna baino, hainbat hilabetetako prozesu landua izan da, gaur egikaritu dena, auzoz auzo gainera. Irundarrak irribarre batekin atera dira botoa ematera, pozik, zirraraz asko. Inoiz ez diete galdetu ea zer nolako Euskal Herria nahi duten. Gaur bai.
Beraz, 20:00etatik aurrera kontaketa hasten denean, papeleten kopuruan baino, hiria egun batez erabakitzeko gai izan dela izango da nabarmenena. Bidea izan da inportanteena.
Emaitzak jakin bezain pronto, HITZAk horien berri emango du. Eta behean, Irunen arratsaldean hedabide honek jaso dituen hainbat argazki ikus daiteke, auzoetakoak, San Juan plazako gune zentralekoak, eta Hartu Hitza Irunen egoitzakoak, besteak beste.
Lotura duten albisteak