“Emaitza polita lortzen badugu, hobe, baina bidea da inportantea”

Elena Berazadi, Hartu Hitza Irun Elkarteko presidentea
Elena Berazadi Hartu Hitza Irun

Elena Berazadi, Hartu Hitza Irun elkarteko presidentea

Bederatzi egun geratzen dira herri galdeketarako. 16 urtetik gorako 51.618 herritar daude bozkatzera deituak, eta 300 pertsona mobilizatuko dira. Elena Berazadi Hartu Hitza Irun elkarteko presidentea ziur dago hilaren 18an erantzungo dutela herritarrek. Nolanahi ere, emaitza dena izanda ere, Irunen egin egin behar zela uste du.

Udara eta gero, ikasturte berriarekin hasi zarete motorrak berotzen galdeketari begira. Dagoeneko berotu al dituzue?
Urruti ikusten genuen hura gainean dugu. Hala ere udaran egin izan da lana, azpiegitura batzuk, eta harremanak zaindu izan dira, oporren ondoren berriro hartzeko. Baina dudarik gabe, irailetik aurrera izan da hilaren 18ari begira dena aktibatzeko garaia. Eta dagoeneko lehertzear ditugu motorrak.

Zenbat pertsona mobilizatuko dira azaroaren 18an?
300 pasatxo, eta interesgarriena gure kasuan da auzokideak direla, auzo bakoitzak antolatu du bere mahaia, eta atonduko du, prestatuko du. Larunbat honetan [bihar] auzo bakoitzean eratuko dute mahaia, ez bozkatzeko, informazioa emateko baizik, propagandarako. Hilaren 18an egongo den toki berean eratuko dituzte hamasei mahaiak larunbat honetan, bizilagunek ikus dezaten non egongo diren mahai horiek. Oso gauza polita iruditzen zait hori.

Urriaren 29an bozka aurreratua hasi zen Arbelaitz kalean Hartu Hitza Irunek duen egoitzan. Zer moduz joan da orain arte?
Luze doa, kontuan hartu behar da urriaren 29tik azaroaren 16ra dezenteko denbora delako. Lehen astean polikixeago joan da, baina hortik aurrera geroz eta jende gehiago ikusi dugu etortzen. Ikusiko dugu azkenean zenbat jende etorriko den, baina aukera hau zabaldu dugu eta horretan gaude lanean.

Aldez aurretiko bozka izanik ere, hilaren 18ko berme guztiekin egiten da, ez?
Dena oso protokolizatua dago. Protokolo marko bat dago Gure Esku Dago-k antolatu izan duena 200 galdeketa baino gehiagotan, eta galdeketa bakoitzean finduz joan da protokolo hori, normala denez. Guk, protokolo horren gainean gurea antolatu dugu, dena oso arautua dago, eta zentzu horretan laguntza handia da prozesua martxan jartzeko.

Zer ekarri behar dute aldez aurretik bozkatu nahi dutenek? Zein agiri?
Galdeketaren egunean ekarri behar dituen agiri berberak. Nortasun agiria edo pasaportea eguneratuta, eta iraungita badu edo Irunen bizi dela jartzen ez badu, errolda agiria ere ekarri behar da. Irunen oso erraz lor daiteke, HAZ bulegoan 24 orduz funtzionatzen duen makina bat dagoelako, eta zuk nahi duzunean atera ahal duzu zure errolda, bulegoa itxita badago ere.

Nola bermatzen da prozesuaren garbitasuna, esaterako, erroldan ez dagoen norbaitek parte hartzea, edo pertsona batek bitan bozkatzea?
Oso modu errazean egiten da hori. Intranet bat antolatu dugu mahai guztietan, bozkatzera datorren pertsonaren zenbakia sartzen dugu, eta beste nonbaiten aurretik sartua bada, programak debekatu egiten digu. Horrekin ziurtatzen dugu pertsona batek ez bozkatzea bitan. Hori bera momentu honetan egiten ari gara, aldez aurretiko bozketan. Gainera, lehen aldia da, Irungo galdeketan, boto aurreratuari begira dispositibo hau martxan jarri dena.

Beste lekuetan nola egin izan dute?
Zenbakiak apuntatzen ziren, eta bozketaren eguneko lehen lana hori izaten zen, zenbaki horiek sisteman sartzea. Horrek ziurgabetasun puntu bat sortzen zuen… Orain dispositiboa lehenago prestatu da, eta lehen momentutik erabili ahal izan dugu. Abantaila da. Horri esker, galdeketa formala urriaren 29an hasi zen, boto aurreratua galdeketa egunean egingo den bezala egiten ari delako.

Besteak beste, protokolo horren berri emateko Jose Antonio Santano alkatearekin elkartu zineten astelehenean.
Hirugarren aldia izan zen alkatearekin egoten garena. Lehen aldiz uztailean egon ginen, gure proiektua aurkezteko, zer egin nahi genuen, zer jende ginen, zein helburu eta zein asmo genituen. Irailean berriro egon ginen berarekin, eta hor gure kanpainaren berri eman genion, nola ikusten genuen garapen guztia. Eta orain, herenegun [astelehenean], dena biribildua eta itxia aurkeztera joan ginen alkatearengana, protokoloa, bozketarako mahaiak nola izango diren, berme batzordea nola antolatua izango den… xehetasun guztiak eman genizkion. Eta eskatu genion, alkate gisa, ea argazkia atera ahal genuen berarekin, protokoloaren entrega egiten geniola irudikatzeko. Baietz esan zuen, eta sareetan zabaldu da irudi hori.

Nola hartu zintuzten?
Harrituta zegoela esan zigun, epeak nola bete ditugun, zer nolako seriotasunarekin ari ginen ikusita. Bera ez dago galdeketaren alde, baina ikusten du bizilagunak, herritarrak ari direla horretan.

Udalari, zer eskatzen diozue?
Udalari deus ere ez. Hain zuzen ere, ekimen pribatua da, ez dugu inolako harremanik inorekin, mesfidantza sortzen ahal duen ezer ere ez. Dena pribatuki egingo da, eta jendearen laguntzaz eredugarri. Benetako auzolana izango da.

Elena Berazadi 2 Hartu Hitza Irun

Aldez aurretiko bozketa urriaren 29an hasi zuten

Alkateak harrituta dagoela esan dizue. Zuek ere harrituta zaudete?
Beno. Halako proiektua hasten duzunean beti bertigoa hor dago. Dena den, gurea ez da lehenengoa, gu ez gaude Etxarrin —lehen galdeketa izan zen, 2014ko apirilean—, oso bestelako egoeran gaude, berrehun eta luze egin dira jada, ikusi da jendeak nola erantzun duen.

Hori bai, geroz eta herri handiagoa, geroz eta zailagoa izaten da komunikatzeko, iristeko, sarea osatzeko, beste indar bat jarri behar da. Ez da berdin mila bizilaguneko herri bat edo 60.000tik gorakoa. Baina esan behar da sarea egiten dela harrigarri, jendeak gauza zehatzetarako deitu izan digu, jende pila prest esku bat botatzeko… Adibidez, mahai bakoitzean informatika arduraduna egongo da, eta beste lau teknikari gisa koordinaziorako. Oso harro egoteko modukoa da gure taldea.

Iazko apirilean sortu zen Hartu Hitza Irun. 50 pertsona esanguratsu elkartu zenituzten aurkezpenerako, arlo eta ideologia desberdinetakoak, gazteak, helduak… Aniztasuna bilatu zenuten.
Hori izan da gure helburua beti. Adosgune deitzen dugun batzarra eratu genuen, bertan 80 pertsona baino gehiago egon gara lanean antolakuntza eta adostasuna behar zuten aspektu guztiak lantzen, eta hor beti bilatu izan dugu aniztasuna, bai adierazpen publikoetan, bai harremanetan, aniztasuna gorde. Irun oso anitza da, eta hori irudikatu nahi izan dugu, sexu, adin eta ideologia aldetik aniztasuna bilatu eta irudikatu dugu beti.

Hilaren 18an herritarrak izango dira protagonistak Irunen, baina baita galdera ere. Galdera oso zehatza da, ulertzeko erraza…
Bai, hala da. Aniztasun hori bilatzearren, iritzien aniztasuna lortzearren, proposamenak egiteko aukera zabaldu genuen, sare sozialetan, eta egoitzan bertan. Proposamenak jaso eta batzorde bat sortu zen, oso jende desberdinarekin, hogei bat pertsona, eta Hartu Hitzakoek koordinazio lanak besterik ez genituen egiten. Talde horretan proposamenak biltzen hasi ziren, hurbilenak zirenak biltzen, eta hori dena asanblada batera eraman zen, betiere irekia.

Galdera erabakitzeko, Irungo aniztasuna eta aukera desberdinak ematea, bi irizpide horiek kontuan hartu ziren. Guretzat inportanteena parte hartzea zen, bidea da helburua, galdeketa sinbolikoa da, herritarrek hartzen dutelako parte, eta erabakitzeko eskubidea gizarteratzea, gure hitza inportantea dela sentiaraztea, hori guztia dago galdeketaren atzean.

Hori horrela, galderak aukera guztiak irekitzen zituela iruditzen zitzaigun. Eta beste gauza inportante bat. Hilaren 18ko galderaren erantzuna ez da ‘bai’ ala ‘ez’. Pentsatzen genuen ‘ez’ aukeratu ahal izatea ez zela ideia ona, ezezkoaren aldekoek esan dezaketelako: ‘zertarako joango naiz, ezetz esateko?’. Nahiago genuen irundarrei aukera desberdinak eskaini.

Hainbeste gauza kontuan hartu eta hainbeste lan egin eta gero, pena litzateke azaroaren 18an irundarrak etxean geratzea…
Egia da. Esfortzu handia egiten ari gara komunikazioan, publizitate alorrean, gure eskura dauden medio guztietan, mahaiak jarri izan dira informatzeko, 3.800 sinadura lortu genituen galdeketa egin ahal izateko, 2002tik aurrera jaiotakoen %7,3 iaz Eustatek emandako datuen arabera… Jakitun gara horrelako ekimen pribatuan zaila dela jendearengana iristea, hiri handietan zailagoa, ahoz ahokoak ikaragarrizko garrantzia duelako, hiri handietan zaila den ezagunen arteko lotura hori… Bai, zailtasunak badira, baina kontziente gara hau lehen urratsa besterik ez dela, horrela hasten da bidea, eta bidea da helburua. Horregatik argi genuen Irunen egin egin behar zela, zer nahi izanda ere emaitza. Lortzen badugu emaitza polita, askoz hobe, baina bidea da inportantea, eta horregatik egin behar zen Irunen ere.

Zenbatek bozkatzea nahiko zenukete, prozesuari nolabaiteko bermea emateko?
Aterako da aterako dena, eguraldia barne. Zer kopuru aterako den, ez dugu hitz egin, bakoitzak bere aurreikuspenak ditu, baina hau berria da, denentzat. Batzuei ilusioa pizten die, beste batzuentzat, loteslea ez denez, ez hainbeste. ‘Loteslea ez bada, zertarako?’ esaten dute. Bada guk egin dugulako, indar hori duelako, hiritarrok hiritarrontzako egin dugulako. Hori transmititu nahi dugu.

Herri galdeketa

51.618

Errolda. Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) iaz emandako datuetan oinarrituta egingo dute hilaren 18an herri galdeketa. Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako 51.618 herritarrak daude bozkatzera deituak.
Ia 4.000 sinadura. Gutxiago behar zituzten, 3.000 —biztanleriaren %5 gutxi gorabehera—, baina langa aise gainditu zuten. Hartu Hitza Irunek 3.861 babes bildu zituen udaberrian eginiko sinadura bilketan, bozketarako oinarria den erroldaren %7,3a.

Hautes-mahaiak

  • Anaka (Zubelzu, 3)
  • Alde Zaharra 1 (San Juan plaza)
  • Alde Zaharra 2 (Urdanibia plaza)
  • Arbes 1 (Arbesko Errota, 5)
  • Arbes 2 (Alzukaitz, 13)
  • Artia (Pio Baroja, 30-32)
  • Behobia (Endarlatza, 6)
  • Belaskoenea (Eliza parean)
  • Dunboa (San Pedro kaleko plaza)
  • Elitxu-Lapitze (Pio XII.a plaza)
  • Erdigunea (Colon, 32)
  • Katea-Landetxa (Bizkaia, 15)
  • Larreaundi (Eguzkitza, 21-23)
  • Pinar-Anzaran (Lucas de Berroa, 2)
  • San Migel (Basurko, 5)
  • Santiago-Beraun (Santiago, 51)

Galdera Hartu Hitza IrunGaldera

Galdera bat. Honakoa da irundarrek erantzun beharreko galdera: Irundar gisa, nolako etorkizun politikoa nahi duzu gure herriarentzat.
Hiru erantzun aukeran. Herritarrek hiru erantzun hauetako bat hautatu behar dute:

  • Euskal estatu burujabe eta independentea.
  • Estatus politiko berri bat, estatu espainiarraren barruan.
  • Gaur egungo Euskal Autonomia erkidegoa.

Aldez aurreko bozketa

Non. Hartu Hitza Irunen egoitzan, Arbelaitz kaleko 3. zenbakian (Irungo Atsegiña jatetxearen atzealdean).
Noiz. Azaroaren 16ra arte. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 21:00etara. Larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Eta igandeetan, 11:00etatik 14:00etara.

Abestia

Erabaki. Horixe da hilaren 18an irundarrek egingo dutena, eta izen hori jarri diote Irungo Herri Galdeketaren kanta ofizialari. Eneritz Furyakek idatzi du letra eta Los Secos taldeak grabatu du.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend