Lehenengoz aurkeztuko da hauteskundeetara Si Se Puede Irun. Elkarlanaren bidetik doaz euren proposamen asko. David Soto da zerrendaburua.
Lehenengoz aurkeztuko da Si Se Puede Irun hauteskundeetara. Elkarlanaren ideia garatu dute kanpainan zehar, arloa edozein izanda ere. David Soto zerrendaburuak dituzten asmoen berri eman du.
Zein proposamen ditu Si Se Puede Irunek, Irun hobetzeko?
Enpresa txikiak eta egitasmo berriak finantzatzeko berme funtsa beharrezkoa ikusten dugu, eta aldi berean, hiriko komertzio txiki eta ertainak lagundu behar dira. Energia alorrari dagokionez, energia berriztagarriak, hondakinen tratamendua, adinekoen zaintza, haurtzaindegiak ere gure lehentasunen artean daude enplegua sustatzeko zereginean.
Lehen sektoreari indarra eman behar zaio, nekazaritza ekologikoa bultzatuz, eta nekazari horien produktuen salmenta zuzena errazteko neurriak jarriz.
Eta hiriko lur eremuei dagokionez, horiei gizarte errentagarritasuna bilatzeko estrategia ezartzea da gure asmoa.
Kultura eta aisiari indarra eman behar zaio, Irun hiri erakargarriagoa izan dadin.
Herritarren parte hartzeaz asko hitz egin da azken legealdian. Baina zuen ustez, udaletik hartzen diren erabakietan zein funtzio bete behar dute herritarrek? Hau da, zein da zuen herritarren parte hartze eredua?
Guretzat herritarren parte hartze eraginkorrak hiru fase ditu beharrezko: informazioa, eztabaida, eta erabakitzeko gaitasuna izatea. Eta hiru fase horiek betetzeko tokiko gobernuaren hautua izan behar da erabakitzeko ahalmena herritarrei ematea, hortaz, horrek esan nahi du uko egin behar diola hainbat erabaki hartzeari.
Horren aurrean, hainbat neurri zehatz proposatzen ditugu: Udal Legedia Ekimena ezartzea, herri galdeketak egitea, aurrekontu parte hartzaile prozesuak era eraginkorragoan arautzea, eragileen jarduera erraztu kooperatibismoa bultzatuz, besteak beste.
Gipuzkoa mailan langabezia tasarik handienetakoa du Irunek. Zein neurri planteatzen dituzue hiria ekonomikoki eta enplegu arloan suspertzeko?
Tokiko lan poltsaren ideia aztertuko dugu, gizarte klausulekin. Horren bidez zailtasun edo behar bereziak dituztenentzat neurri zehatzak hartzeko gai izango gara.
Gainera, teknikoki lagunduko dugu kooperatibak edo lan elkarteak sortzen, eta espazioak sortuko ditugu gure adinekoen esperientzia sortzaile berriei laguntza emateko.
Formazioa lagundu behar da, IKT eta marketin baliabideak handituz, lanbide tailerrak bultzatuz, Lanbide Heziketako zentroekin harremana hobetuz, eta lan txertaketarako bideak zabalduz. Eta lan berritzailea sortzen duten jarduerak bultzatu eta lagunduko ditugu, horien artean haurtzaindegiak, adinekoen zaintza, hondakinen tratamendua, energia eraginkortasuna…