Gutuna: ''Hondarribia-Irun-Donostia autobusen gehiegikeria'
Komunikabideetan E21 autobusak maizago izan behar dutela irakurri dut, eta ziur aski horrela izango da. E21 autobusak, dirudienez, aireportuak duen eraginagatik Hondarribiko biztanleriarengan, sarriago jarri dituzte. Hau ere lehendik horrela izan da, duela hilabete gutxi batzuetatik izan baita hauen maiztasuna, nik dakidanez. Baina nahiz eta komunikabideetan behin eta berriz esan, Hondarribia-Irun-Donostia autobusak ez dituzte gehiago jarri, baizik eta alderantziz, beste batzuk kendu baitituzte.
E20a, alde batetik. Azkeneko autobusa 16:25ean da Donostiatik, beste ordutegi guztiak kendu egin dituzte. Eta E26a, bestetik, (Donostia-Irun), Donostiatik 16:45ean da azkenekoa. Azken hauen ordez, hau da, bi hirietako bi autobus hauek kentzen, beste bat jarri dute, ordutegi horretatik aurrera, eta hori E27a da, bi hiriei batera zerbitzua emateko. Bi autobus kentzen, bat jarri dute.
Orduan, zer gertatzen da? Autobus hauek hartzen ditugunak, normalean, langileak (gehienak emakumeak) gara, eta Gros, Ategorrieta, Herrera, Errenteria edo Pasaian lan egiten dugu (E21a gaizki datorkigu), eta arratsalde-gauean hartu behar dugunak, esan dudan bezala gehienak emakumeak gara (komertziotan, zerbitzuetan lan egiten dugunak gehienetan), eta ordutegia aldatzeaz aparte (hau Irungoei eragiten die, eta beraiek ere kexatu egin dira), askoz gehiago tardatzen dute, eta ordutegi batetik aurrera zerbitzurik gabe geratzen gara. Adibidez, E27 autobusa, Hondarribitik 21:55ean da azkenekoa, eta badaude langileak 22:00etan edo beranduxeago ateratzen direnak Hondarribitik (txofer batek esandakoa), hoteletan adibidez lan egiten dutelako: autobusik gabe gelditu egin dira Errenteria, Pasaia, Donostiara eta horrelakoetara joateko. E21a, ondo dago turistak eta zentro-zentrora doanarentzako, baina beste autobusen zerbitzu etenek langileoi batez ere kalte egiten digute.
Nik dakidala, Irungoei ere aldaketa hau oso gaizki datorkie, beraiei batez ere ordutegian eragin baitie. Denei datorkigu gaizki, gainera turistek gainezka egiten duten sasoi honetan, guk behar ditugun autobusak, jendez lepo doaz eta kanpoan gelditu beharra dugu batzuetan.
Eta hori ez da dena. E28aren (Hondarribia, Irun eta Donostia, Antiguatik lotzen dituena autopistatik) Donostiako erdialdeko geldialdia kendu egin dute, hor lan egiten dutenen kalterako (jende asko).
Azkenik, guzti honen galerak, esan dudan bezala, erreklamazio asko eragin ditu, dirudienez, ezertarako balio ez dutenak. Bai, Lurraldebusi eginak daude, Donostian lan egiten duten erdialdeko zerbitzuetako neska gazte xumeek egindakoak dira gehienak, eta dirudienez, ez dute ezertarako balio. Nik behintzat eginak ditut (erreklamazioa eta erreklamazioaren erreklamazioa ere bai), eta ez didate erantzun ere egin, eta hilabeteak dira eginak ditudala.
Jakinaren gainean jarri nahi dut, eta eskatuko nuke, autobus zerbitzu bat indartzen badute, ez besteak kentzea. Azkenean ez bakarrik Hondarribiaren, eta abarren kalterako direlako, baizik eta jasangarritasunaren garaian baldin bagaude, ez delako bidezkoa azkenean kotxea hartzea pentsatzen hastea autobusak kentzen dituztelako. Era berean, garai honetan Irun-Hondarribiko autobusak maizago jartzea ere nahi nuke, adibidez 10 minutuero, 15 minutuero beharrean.
Itziar Iridoi Iruretagoiena. Hondarribia.