San Juan Harria plazan eraikitako obaloaren azpian kokatuta egongo da Carlos Blanco Aginaga liburutegi berria. 3.208,34 metro koadroko azalera izango du lurrazpiko eraikinak, baina lehen fasea bukatuta, beste 2.000 metro koadroko azaleran jardungo dute beharginek Irungo azpiegitura kulturala osatzeko asmoz. Lanen lehen fasea orain arteko erritmoan garatuz gero, liburutegia datorren urteko maiatzean prest egotea aurreikusi dute.
Etxolak eta baratzeak kentzea, eta oinezkoentzako bide berri bat egitea, atseden guneak prestatuz San Migel-Anaka eremuko obren lehen fasearen helburua izango da. Era honetan, San Migel eta Anaka bide berri batekin lotzea eta bide batez, Hiri debekatuaren mapan zehaztutako puntu ilun batekin bukatzea aurreikusi du tokiko gobernuak. Lanak 8 astez luzatuko direla adierazi dute Irungo Udaleko Bide Publiko eta Obra arlotik.