Alain Ducasse Frantziako sukaldariak Hondarribia bisitatu zuen asteburuan. Bixente Muñozen sukaldaritzak erakarrita egin zuen bisita, eta Gran Sol jatetxeko sukaldaritza tradizionala ezagutzeko aukera izan zuen ospe handiko sukaldari horrek. Ducasse hogei Michelin izar lortu dituen sukaldari bakarra da eta munduko hainbat tokitan ditu jatetxeak: Frantziako Estatuan, Britainia Handian Japonian eta Ameriketako Estatu Batuetan, besteak beste.
Astelehenetik asteazkenera egingo dute IX. Euskal Herriko Pintxo Txapelketa, Hondarribiko Itsas Etxean. Irabazleak 3.000 euro eta Ramon Rotetaren Pintxoa eskultura irabaziko du. Iaz Gran Solentzat izan zen sari nagusia eta aurten Bixente Muñoz finalerdietarako sailkatu da dagoeneko, Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuelako.