Saioa Huarte, munduko txapeldun

Surflari irundarra munduko txapelduna izan da Kalifornia (AEB) jokatutako Surf Egokituaren Munduko Txapelketan, Stand 1 kategorian.

Olatuekin bogan aritzen dira surflariak. Saioa Huarte irundarrak denboraldiari ginga jarri berri dio Kalifornian (AEB) jokatutako Surf Egokituaren Munduko Txapelketan. Munduko txapelduna izan da Stand 1 kategorian. 18 urte besterik ez dituela, Espainiako eta munduko txapelduna izatea lortu du aurtengo denboraldia. Emaitza onez harago, zailtasun handiak izan ditu denboraldian; baina amaiera ezinhobea ematea lortu du. “Orain arteko bere kirol ibilbideko lorpenik handiena da”.

Huartek Euskal Herriko hondartzetan entrenatzen du; kasu honetan, berriz, baldintza berezietan lehiatu behar izan du: lehen aldiz aritu da olatu artifizialeko igerileku batean. Olatu programatuetara egokitu behar izan du; nahiz eta orain arte bizi gabeko esperientzia izan, emaitza bikainarekin gainditu du txapelketa. Aipatu beharra dago DRST surf instalazioetako igerilekuak Gipuzkoako Wavegarden enpresaren teknologia erabiltzen duela.

5,17 puntu lortuta, Lara Llanos argentinarra gailentzea lortu du irundarrak. Sailkapen faseko txandetan Stand 1 eta Stand 3 kategorietako surflariak aritu dira. Tartean, Mireia Cabañes, Lara Llanos eta Stella Papettirekin batera. Txapelketa amaitzean, Huartek pozik azaldu du munduko mailako bere lehen esperientzian bizitakoa: “Lehen postu hau azken hilabeteotako konstantziaren eta lanaren ordaina da, baina baita hobetzen jarraitzeko eta etorkizunean etor daitezkeen kirol erronka berriei ilusio handiz aurre egiteko motibazio gehigarria ere”.

Zailtasunak zailtasun, aurrera

Denboraldi honetan, “emaitza handiak” lortu ditu. Ekainean, Espainiako txapeldun izan zen, eta titulua lortu berritan HITZArekin izan zen. Udan, gainera, Galizian eta Kantabrian bigarrena izan zen maila handiko txapelketatan. Emaitzen aldetik urtea bikaina izan arren, urte hasiera nolabaitekoa izan zen. Ebakuntza bat egin behar izan zioten oinean. Hala ere, osatzea lortu zuen eta kirol ibilbide sendoari eutsi zion. Munduko txapelketa “urte zorrotz batean egindako ahaleginaren aitortza” da. 

Huarterekin batera aritzeko, Espainiako selekzioak dozena bat surflari hautatu zituen Kaliforniara bidaiatzeko. Horien artean, beste bi gipuzkoar aritu dira Ibon Gurrutxaga eta Aitor Francesena Gallo. “Esperientzia honi esker, surf egokituko erreferente handiekin bizipenak partekatzeko aukera izan dut”, adierazi du. 2016an, hasi eta ordutik hona surfari oso lotuta egon da, “bere bizitzako funtsezko parte bihurtzeraino”. 

Gaur egun, surfa Irudi bidezko Diagnostikoko eta Medikuntza Nuklearreko ikasketekin uztartzen du. Bere proiektu pertsonal gisa, webgune propioa martxan jarri du. Webgunearen bitartez, kirol ibilbidean lagundu nahi dioten eta surf egokituari ikusgarritasun handiagoa ematen laguntzeko bultzada bilatzen du, baita babesleak ere.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.