"Lehenengo txapelketa izanik, ez nuen espero irabaziko nuenik"
18 urteko surflari irundarra surf egokituko Espainiako txapeldun izan da Kanaria Handian. Epe motzera ikasketetan zentratu nahi duen arren, kirol horretan aurrera urratsak egin nahi ditu.
Kirolarien hiria da Irun. Azken txapelduna Saioa Huarte Sustaeta izan da, surf egokituko Espainiakoa irabazi duelako. Ekainaren 12tik 14ra Kanarietan izan zen, eta puntu ugari lortuta lehenengo postua lortu zuen. 18 urteko gazteak datozen belaunaldietarako erreferente izan nahi du, eta uste du surf egokituak oihartzun handiagoa izan behar duela.
Surf egokituko zirkuituko Espainiako txapeldun izan zara berriki.
Lan handiko zortzi urte izan dira, eta lortutakoarekin oso pozik nago. Gainera, tartean lesioak izan ditut. Espainiako Txapelketan debuta egin berri dut eta txapelduna izan naiz. Esperientzia izugarria izan da. Lortutakoa barneratzea kosta egin zait. Orain hasi naiz lortutakoa barneratzen.
Urte hauetan lan handia egin duzu. Espero al zenuen zure lehenengo Espainiako txapelketan garaile izatea?
Ez, lehenengo txapelketa izateko ez nuen espero txapelketa irabaziko nuenik. Kanarietara esperientzia bizitzeko helburuarekin joan nintzen, ez nuen garaipena begiz jota. Urte gogorra izan da entrenamenduengatik eta eskolagatik. Ahalik eta hoberen egin nahi nuen, besterik gabe.
Nolakoa izan da txapelketa?
Hiru egun iraun ditu, ostiraletik igandera. Olatuengatik, ordea, ezin izan nuen hiru egunetan itsasora sartu. Soilik ostiral eguerdian eta larunbat goizean sartu nintzen. Ostiraleko txandan lehia estua izan genuen, eta bakarrik bi olatu txiki hartu nituen.
Euskal Herrian ez bezala, itsasertzeko olatu asko eta ur azpian izugarrizko arrokak zeuden. Ostiralean hartutako bi olatuak eta larunbatean hartutako beste hiruak nahikoak izan ziren puntuazio ona lortzeko eta txapelketa irabazteko.
Nola prestatzen dituzu entrenamenduak?
HS2 talde hondarribiarraren parte naiz, eta Hondarribian entrenatzeaz gain, Hendaian, Donostian edota Zarautzen ere izaten naiz entrenamenduak egiten. Olatuen araberakoak izaten dira entrenamenduak, normalean, bi ordukoak. Euskal Herrian ditugun olatuak desberdinak dira. Hemengoetara ohituago nago, eta Kanaria Uharteetan kosta egin zait hango egoerara egokitzea. Euskal Herriko hondartzetan hondarra dugu; han, berriz, arrokak daude.
Entrenamenduetan txapelketetako dinamika jarraitzeko ohitura dugu, alegia, txandaka antolatzen ditugu prestaketa saio horiek. Adibidez, entrenatzaileak txandak antolatzen ditu, eta txanda bakoitzean bi olatu onenak hartzen ahalegindu behar gara, ahalik eta puntu gehien lortzeko. Aurten, gainera, fisikoa lantzen hasiko naiz eskuekin egiten dugun arraunketan hobeto aritzeko.
Ez da lehenengo aldia podium batera iristen zarela. Nola deskribatuko zenuke orain arteko ibilbidea?
Nire lehenengo podiuma 2022an lortu nuen etxeko txapelketa batean. Hori izan zen nire lehenengo txapelketa, eta gutxinaka-gutxinaka hazten ari naiz. 2024ko martxoan, desgaitasuna dugun pertsonok talde bat osatu genuen eta Pirinioetara joan ginen. Stand Up Paddle txapelketa izan genuen, eta lehia hartan podiumera igotzea lortu nuen. Nire lehenengo garaipena izan zen, balio handikoa niretzat. Txapelketa horretaz gain, 6 kilometroko proban ere izan nintzen. Stand Up Paddlen bitan izan naiz Gipuzkoako txapeldun. Orain, Espainiako surf egokituko txapelduna izan naiz.
Zer berezitasun ditu surf egokituak?
Desgaitasuna dutenentzako surfa da. Bederatzi diziplina daude guztira. Diziplina bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Nire kasuan, adibidez, surf oholaren gainean zutik noa. Beste batzuk, aldiz, kayakaren antzeko diziplinan parte hartzen dute. Bakoitzaren desgaitasunaren arabera kategoria ugari daude. Puntuazioan ere aldeak daude surfarekin alderatuta. Agian, niri posizio jakin batek ez dit punturik emango, baina beste batek bai. Diziplina bakoitzak puntuatzeko irizpide desberdinak ditu.
Surf egokituan zenbat modalitate daude?
Nazioarteko Surf Federazioak (ISA) bederatzi kategoria bereizten ditu guztira. Espainiako estatuan arazoak daude modalitate guztietan kirolariak izateko, ordea. Jendea behar da, eta horretan ari gara, kirolariak erakarri nahian. Surf egokitua ez da kirol oso ezaguna. Gainera, emakumeen kasuan oso gutxi ari gara lehian. Ateak zabalik ditugu, eta animatu nahi ditut esperientzia polit hau barrutik bizitzeko. Sartzen zarenetik ez duzu atzera bueltarik.
Interesa duenak zer egin dezake surf egokituan murgiltzeko?
Guk atea irekita dugu eta prest gaude surf egokituan hasi nahi duenari laguntzeko. Horretarako, niri edo taldeko beste kideren bati deitu eta beharrezko informazioa emango diogu. Gero eta jende gehiago izan, aukera gehiago izango ditugu instituzioen aldetik laguntzak jasotzeko. Egun, ez ditugu nahikoa laguntza instituzioen aldetik, eta horiek beharrezkoak dira materiala erosteko. Babesleek bilatzen dutena da sare sozialetan duzun inpaktua, eta hori ez da normala. Horren ordez, beka gehiago edukitzea eskatzen dugu.
Oihartzuna eman behar diogu kirolari, pertsonak behar ditugu. Euskal Herrian soilik hamar kirolari gara. Kopurua handitzen badugu aukera gehiago izango ditugu hemen bertan txapelketaren bat antolatzeko. Entrenatzeko talde bat sortzea ere onuragarria da guztiontzat, taldekide guztien arteko konexioa sortzen baitu. Denak gara berdin, denak gara bat. Bereziki, emakumeak animatzen ditut. Behar ditugu.
Surfa oso barrutik bizi duzu, noiz hasi zinen?
2017an hasi nintzen, eta hainbat egunez Aritz Aranbururekin batera izan nintzen ikasten. Izugarri motibatu ninduen horrek, eta gaur arte. Gipuzkoako Surf Federazioari esker, Iñaki Navascues Triki ere ezagutu nuen, eta ordutik familia bilakatu da. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin. Surfa nire fisikorako onuragarria zela esan zidaten, eta probatu nuen. Azken urteotan kirol pila bat egin ditut: futbola, saskibaloia, hipika… Surfa egiteko aukera izan nuen, eta lehenengo egunetik katigatu ninduen kirol honek.
Aurretik surfarekin harremanik al zenuen?
Ez. Orain hasi naiz surfa zer den ikasten, informazioa biltzen, eta beste surflariekin harremana edukitzen. Txapelketekin, ordea, 2024an hasi nintzen. Ordutik, Espainiako surflari ugari ezagutzeko aukera izan dut. Euskal Herrian, emakumeen artean maila handia dago, eta horiek duten maila izatea gustatuko litzaidake.
18 urte bete dituzu aurten. Zein helburu dituzu aurrera begira?
Orain ikasketetan zentratuko naiz, Irudi Diagnostikorako eta Medikuntza Nuklearrerako goi mailako ikasketak egingo ditut. Udan, entrenamendu asko egiteko asmoa dut Galizian izango den txapelketa baterako ahalik eta mailarik gorenean heltzeko. Abuztu bukaeran izango da, eta han izango naiz senideekin batera. Presioa alde batera utzi nahi dut. Lehiaketa bakoitzean nire onena ematen ahaleginduko naiz.

