Saneamendu sistema barrutik ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko dituzte
Txinzerrek Sanemenduaren Munduko Egunaren harira, Atalerrekako saneamendu instalazioak bisitatzeko irteera antolatuko du Txinzerrek, hilaren 22an.
Txingudi Zerbitzuak hilaren 19an izango den Saneamenduaren Munduko Egunaren harira, Atalerrekako saneamendu instalazioak ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko ditu. Hilaren 22an, igandearekin, saneamendu sistema gertutik ezagutzeko ibilbidea egingo dute. Bisitaren helburua ura erabili ondoren ingurunera itzuli aurretik egiten duen lana herritarrei hurbiltzea da.
Bisita gidatuak bi txandatan egingo dira. Batetik, 09:00etatik 12:15era Hondartzako ponpaketa estazioa eta Atalerrekako araztegia bisitatuko dituzte. Honen bidez, ponpaketak duen eginkizuna azalduko dute. Bestetik, 11:15etik 13:45era Atalerrekako araztegia bisitatuko dute, instalazioen funtzionamendua eta arazketa prozesuaren faseak azaltzeko.
Jarduera den arren, izena eman beharko dute bertaratu nahi direnek Txinzerren webgunearen bitartez. Bisitak elebitan izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, Irungo Gipuzkoa hiribidetik autobus bat jarriko dute Atalerrekara heltzeko, hainbat geldialdi egingo ditu.
“Saneamendua ezinbesteko zerbitzua da osasun publikoa eta ingurumena babesteko, nahiz eta haren azpiegitura asko eta eguneroko lanaren zati handi bat oharkabean geratu”, azaldu du Txinzerrek. Prozesuan hainbat arazo egon daitezke. Komunetik edo hustubidetik bota behar ez diren hondakinek eragiten dituzten arazoak sor litzakete, hala nola, toailatxoak, olioak, janari soberakinak eta bestelako produktu kimikoak.
Horretaz jabetzeko, Txinzerrek aste honetan Exporetrete erakusketa martxan jarri du Mendibil merkataritza zentroan. Hilaren 20ra arte ikusgai egongo da, eta saneamendu sarean sor daitezkeen arazoen ondorioei gaineko informazioa jakinaraziko dute panelen eta jardueren bitartez. Bi ikuspegi eskaintzen ditu: ura erabili ondoren zer gertatzen den ezagutzea eta eguneroko ekintzek uraren bilketan eta tratamenduan zer eragin duten ulertzea.

