Saneamendu sarea arduraz erabiltzeko, Exporetrete
Hustubidetatik botatzen ditugun hondakinek sortzen dituzten ondorioak azaltzeko 'Komuna ez da zakarrontzia' lelopean erakusketa antolatu dute, Mendibilen.
Txinzerrek Exporetrete erakusketa berreskuratu du. Gaurtik, hilak 3, hilaren 20ra bitarte ikusgai egongo da Mendibil merkataritza gunean. Saneamendu sarea arduraz erabiltzeko gonbita egingo diete herritarrei, alegia, komunetik eta harraskatik toailatxoak, janari soberakinak, olioak eta produktu kimikoak botatzeak dituen ondorioak azalduko dituzte. Horretarako, QR kode duten informazio panelak eta jolasak prestatu dituzte haurrengan ere kontzientzia pizteko. Panelen bitartez, telefono mugikorretik entzuteko audiogida bat edukiko dute, eta horregatik entzugailuak eramatea gomendatzen dute.
Komuna ez da zakarrontzia lelopean aurkeztu du Txinzerrek, Irungo eta Hondarribiko alkateekin batera. Aurtengo protagonistak toialatxo hezeak izango dira, saneamendu sarean ez ezik, ibaietan eta itsasoan ere arazoak sor baitezakete. “Sortutako kutsadura hori saihesteko lehen urratsa etxeko ohitura batzuk aldatzea da”, adierazi du Cristina Laborda Irungo alkateak. Igor Enparanek, Hondarribiko alkateak, ibilbide horiek ezagutzeak dakarren garrantzia azaldu du: “Exporetrete bisitatzen dutenek ibilbide hori ulertzea nahi dugu, eta ideia argia izatea: hondakin bakoitza dagokion tokian utzi”.
Erakusketak Mendibilen bi gune izango ditu. Batetik, -1 solairuan, BM supermerkatuaren parean, uraren ziklo integrala azaltzen duten panelak izango dira. Gune horretan, produktu kimikoek eragindako kutsadura, koipeek eta olioek sortzen dituzten arazoak ere landuko dituzte.
Solairu bat gorago, berriz, 0 solairuan, komuna erraldoi bat izango dute. Kasu honetan, hondakinak saneamendu sarera iristeko bidea azalduko dute, higienerako produktuetan fokua jarrita. Adibidez, haurtxoak garbitzeko edota makilajea kentzeko toailatxoei edota komuneko paper hezeari arreta berezia eskainiko diete.
Erakusketak merkataritza guneak duen ordutegia izango du; alegia, hilaren 20ra bitarte 09:00etatik 21:00etara zabalik egongo da. Aurkezpenean gogoratu nahi izan dute, hilaren 19an Saneamenduaren Munduko Eguna dela eta erakusketa honek data horrekin bat egin duela.

