Ezker Anitzak adierazi du David Nuñorena Podemosen barne arazoa dela
Podemosek salatu du udal taldearen ordezkaritza David Nuñoren izenean egotea; Ezker Anitzak azaldu berri du ez dela Podemosek sortutako auziaren erantzulea.
Bi hilabete pasa dira Podemosek David Nuño ordezkaria alderditik behin betiko kanporatu zuenetik. Atzo, hilak 3, Podemosek udal taldearen odezkaritza David Nuñoren izenean jarraitzea salatu zuen. Salaketa horretan, Ezker Anitzak izandako jarrera seinalatu zuen. “Ezker Anitzak behin eta berriz uko egin dio gai horri buruz udalari zuzendutako edozen idatzi sinatzeari, eta horrek espedientea behar bezala ebaztea eragozten du”, adierazi zuten. Gaur, hilak 4, Ezker Anitzak adierazpen horien gaineko erantzuna helarazi du, eta David Nuñoren auzia Podemosi bakarrik dagokion barne arazoa dela adierazi dute.
“Sortutako egoerak bere estatutu propioekin eta barne erabakiekin zerikusia du”, adierazi du Ezker Anitzak. Gaur egun, Podemos eta Ezker Anitzak osatzen duten koalizioak bi ordezkari ditu udal taldean. “Elkarrekin koalizioaren akordioan berariaz jasota dago udal taldeko bozeramailetza Podemosi dagokiola, akordioaren %75a osatzen duelako”, hala azaldu zuen atzo alderdi moreak.
Ezker Anitzak argitu nahi du legegintzaldi osoan Podemosek ez duela alderdi horrekin Irungo udal taldearen ekintza politikoaren garapena partekatu. “Ezker Anitzak ezin du esku hartu Podemosen barruan konpondu behar den gai batean”, bukatu dute.

