Podemosek salatu du udal taldeko Elkarrekin taldearen ordezkaritza David Nuñoren izenean mantentzea
Ezker Anitzaren ordezkari gisa soilik jardun dezake gaur egun; zinegotzia koaliziotik baztertzeko izapideak egin ditzala eskatu diote udalari.
Bi hilabete pasa dira Podemosek David Nuño alderditik behin betiko kanporatu zuenetik. Erabakia hartzean, Podemosek Elkarrekin koalizioko zinegotzi izaera eta Irungo Udaleko udal taldeko bozeramaile kargua kentzeko prozedura abian jarri zuen. Alderdi moreak argitu du oraindik ez dutela espedientea ebatzi, eta Ezker Anitzari eskatu diote idatziz adieraz dezala Nuño koaliziotik kanporatuta dagoela. “Ezker Anitzak behin eta berriz uko egin dio gai horri buruz udalari zuzendutako edozen idatzi sinatzeari, eta horrek espedientea behar bezala ebaztea eragozten du”, salatu dute.
Elkarrekin koalizioak bi zinegotzi ditu egun, Irungo Udalean. “Elkarrekin koalizioaren akordioan berariaz jasota dago udal taldeko bozeramailetza Podemosi dagokiola, akordioaren %75a osatzen duelako”, azaldu dute. Gainera, gogoratu dute kargu horretan David Nuño Podemosen izenean aurkeztu zela, eta ez Ezker Anitzaren izenean. Horren aurrean, Podemosek udaleko idazkariari “desadostasuna” adierazi dio.
“Udaleko idazkariak ez du uste aipatutako arrazoi horiek nahikoak direnik David Nuñori udalean Podemosen eta Elkarrekinen ordezkaritza kentzeko”. Era berean, alderdi moreak argitu du espedientean “koalizioaren legezko ordezkariak sinatutako idatzia” aurkeztu zutela, baztertzeko eskatzen zuena. Bozeramaile izateko erabaki horrek eragin zuzena du Podemosen udal jardunean. “Udal taldearen legezko ordezkaritza David Nuñoren esku soilik mantentzeak taldeko beste kideri edozein jarduera egiteko aukera kentzen dio, kuadeaketa arazo larriak sortuz”, azaldu dute.
Ez da nolanahiko kontua, “arazo larri” bat eragin du: “David Nuño bere kabuz bereganatzen ari da Elkarrekin taldeari lotutako kontratazioen eta liberazioen gaineko kontrola”.
Horregatik guztiagatik, Podemosek argi utzi nahi du David Nuñok egindako edozein adierazpen edota agerraldi Ezker Anitzaren ordezkari gisa ulertu behar dela. Podemosek egoera zuzentzeko ekintza guztiak aztertuko ditu eta David Nuñok zinegotziakta mantentzen jarraitzea deitoratu du. Argitasuna eta erantzukizuna eskatu dute inplikatutako eragile guztien aldetik.

