Hondarribiko Udalaren moteltasuna salatu du PSEk, eremu tentsionatu izendatzeko prozesuaren harira
Sozialistek diote Hondarribiko Udalak hainbat hilabete behar izan zituela eremu tentsionatu izateko eskaera egiteko, eta ondoren moteltasunaren erantzukizuna beste erakunde batzuen gain jarri nahi izan duela.
Urria hasieran, zehazki 9an, Igor Enparan Hondarribiko alkateak eskaera bat egin zion Eusko Jaurlaritzari, arintasuna eskatuz Hondarribia eremu tentsionatu izendatzeko prozesuan. Alkateak Denis Itxaso Etxebizitza sailburuari bideratu zion gutun bat, maiatzetik haiek itxaroten ari direla esanez, eta Hondarribiari lehentasuna emateko eskatuz. Orain, aldiz, PSE-EEk haren erantzuna eman du, esanez, udalak hamabost hilabete beha izan zituela prozesua bideratzeko.
Kritikotasunez mintzatu dira sozialistak. “Deigarria da, gutxienez, alkateak orain beste erakunde batzuei azkartasuna eskatzea, udalak hamabost hilabete behar izan baititu prozedura hasteko beharrezkoa zen dokumentazioa bidaltzeko”, esan du PSEk ohar bidez. Sozialistek udalari galdetzen diote ea atzerapen horren aurrean gobernu taldeak izan dituen hutsuneak aztertu beharrean, eantzukizuna beste erakunde batzuen esku utzi nahi ote duten.
Era berean, sozialistek planteatu dute udalaren atzerapena administrazio prozedurak ez ezagutzearen ondorioa izan daitekeela. “Gogoratu behar da 2025ean PSE-EEk mozio bat aurkeztu zuela Hondarribia eremu tentsionatu izendatzeko prozedura sustatzeko, etxebizitza eskuratzeko zailtasunei aurre egiteko tresna horrek duen garrantziaz jabetuta”, esan du PSEk. 2025eko apirilean Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen udalerriak eremu tentsionatu izateko baldintzak betetzen zituela. Momentu horretan Hondarribiko Udalaren ardura zen prozesua hastea.
Kronologia
12 hilabete geroago Hondarribiko Udalak izapideak hasteko erabakia hartu zuen, lau udal taldeen erabakiz. “Alkateak dokumentazioa maiatzean bidali zela adierazi bazuen ere, ez zen uztailaren amaierara arte osatu”, esan dute sozialistek. Hurrengo berria urriaren 16an iritsi zen: Hondarribia eremu tentsionatu izendatzeko prozedura hasi zen.

