Hondarribia eremu tentsionatu izendatzeko prozedura bizkortzeko eskatu dio udalak Jaurlaritzari
Apirilean onartu zuten udalbatzan eta maiatzean helarazi zuten eskaera. Enparanentzat "funtsezkoa" da neurria etxebizitza eskuragarria sustatzeko eta etxebizitza eskubidea babesteko.
Etxebizitzaren auzia pil-pilean dago, baita Hondarribian ere. Udalak atzo iragarri zuen etxebizitza publikoak antolatuko dituen ordenantza berria abian jarriko duela, eta gaur, berriz, Hondarribia Gune Tenkatu izendatzeko prozesuaren berri eman du. Udalak jakinarazi duenez, Igor Enparan alkateak gutun bat bidali dio Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuari, eskatuz bizkortu dezala udalerria bizitegi-merkatu tenkatuko eremu izendatzeko prozedura.
Udal Osoko Bilkurak joan den apirilean onartu zuen udalerria tentsio eremu izendatzeko Ekintza Plana, aztertu ostean udalerriak eremu tenkatu izendatzeko hiru baldintzetatik bi betetzen zituela, etxebizitzaren prezioaren igoera eta herritarren erosahalmena gero eta desorekatuago daudelarik. Gauzak horrela, maiatzean bidali zion eskaera Eusko Jaurlaritzari. Ordea, ordutik ebazpenaren zain daude, alkateak adierazi duenez.
Enparanek “funtsezkotzat” du izendapena, izan etxebizitza eskuragarria sustatzeko izan herritarren etxebizitza eskubidea babesteko neurriak martxan jarri eta indartzeko. Era berean, ohartarazi du herrian badirela etxebizitza galtzeko arriskuan dauden familiak eta ebazpena “ezinbestekoa” izango litzatekeela horientzat ere: “Familia horien aurkako etxegabetze prozedurak berrikusteko eta geldiarazteko beharrezko neurriak hartzeko ezinbestekoa dugu tramitazio honekin amaitzea”.
Apirilean aurkeztutako Ekintza Planak lau puntu ditu: alokairu eskuragarria sustatzea, etxebizitza parkea hobetzea eta zaharkitutako eraikinak birgaitzea, etxebizitza eskuratzeko laguntza publikoak indartzea eta etxebizitza politikaren gobernantza eta tresna juridikoa hobetzea. Plana aurrera ateratzeko, baina, Jaurlaritzak udalerria eremu tenkatu izendatu behar du. Udaletik ohartarazi zuten izendapenak ez lukeela herrian etxebizitzarekin dagoen arazoa konponduko, baina “aurrerapauso garrantzitsua” izango litzatekeela.

