Iluntasuna, izuak, arimak... Hondarribian ere badute lekua
Aurten, lehen aldiz, Gau Beltza ospatuko dute hondarribiarrek. Udaleko Euskara sailak sustaturik, larunbatean izango da egun handia, eguzkia sartzen den heinean handitzen joango dena.
Errenteriako Gau Beltzeko artxibo argazki bat. Gau Beltzak hartuko ditu Hondarribiko kaleak larunbatean. Sustrai luzeko ohitura da Euskal Herrian, eta Hondarribian, baserrietan, urte askoz jendea izutzera ateratzen ziren bizilagunak. Gaua, iluntasuna, beldurrak… dena batzen da Gau Beltzean, eta aurten Hondarribian bere lekua izango du. Udaleko Euskara sailak bultzaturik, hainbat aktibitate prestatu dituzte, denak larunbatean uztartuko direnak.
Hondarribiko Udalak identifikatu du Gau Beltzaren egunak beste itxura bat hartu duela azken urteetan, Halloween fenomeno amerikarrak bultzaturik. Muliate aldean azken urteetan Halloween bera ospatu dute, eta udalak, euskal ohiturak sustatze aldera egingo du aurten Gau Beltzaren apustua. Halere, Muliateko Auzo Elkarteak protagonismo berezia izango du, eta haurrentzako programazioa egingo dute larunbatean, 16:30eatik aurrera. Haur eta familiei zuzendutako jarduerak egingo dira: ipuin kontaketa, mozorro-lehiaketa, argazkien txokoa, beldurraren tunela eta haurrentzako goxokiak.
Muliatekoaren ondoren, Sainduan jarraituko du iluntasunak. Urte asko daramatza Gaztelekuak izuaren etxea antolatzen, bertaratzen diren gazteekin batera. 18:30ean egingo dute, eta ondoren, izua Alde Zaharrera pasako da. Alde Zaharreko argiak itzaliko dituzte, giroa sortzeko, eta Baluartetik hasita, ibilaldi bat egingo dute, bertaratuko diren guztientzat, izua protagonista izanik. Gipuzkoa plazan amaituko da eguna, ekitaldi berezi batekin, izuak errez, dantza ikuskizunekin eta gaztaina jate batekin.
Hemen ere kalabazak
Kalabazak badira Halloween-eko ikur nagusiena, baina Euskal Herrian ere kalabazak husteko ohitura zaharra da. Baserri inguruetako bizilagunek, etxeko arropa zaharrak eta maindireak jartzen zituzten, eta kalean zebiltzan pertsonak izutzen zituzten. Hamarkada askotan ahaztuta egon den arren, gutxinaka Euskal Herriko herri askok ohiturak berreskuratzeko lanketa egin dute, eta horrela, urriaren 31n programazio zabala egoten da herriz herri.
Ganbarara igo eta arropa zaharrak hartzera gonbidatzen ditu udalak herritarrak, mozorratzera, eta Gau Beltzara batzera. Hainbat eragilek parte hartuko dute egunean, euskara mahaiak bildurik. “Aurten lehen hazia erein dugu, eta datozen urteetan guztion artean zaindu eta errotu beharko dugu”, esan du Lupe Queiruga zinegotziak.

