Saioa Huarte Surf Egokituko Munduko Txapelketan izango da
Surflari irundarra Kalifornian arituko da azaroaren 19tik 22ra, Stand 1 kategorian; munduko txapelketan estreinakoz izango da Espainiako txapelduna.
Saioa Huarte surflari irundarra lehenengo aldiz izango da Surf Egokituko Munduko Txapelketa batean. Stand 1 kategorian lehiatuko da, eta denboraldian zehar lorturiko emaitza bolada onari jarraipena eman nahi dio. Munduko Txapelketa azaroaren 19tik 22ra izango da Kalifornian, AEBtan. Etorkizun handiko kirolaria denboraldi bikaina egiten ari da, eta emaitza onen boladari jarraipena eman nahi dio. Nazioarteko surflari onenekin lehiatzeak esperientzia pilatzeko aukera emango dio irundarrari.
Stand 1 kategorian surflariak taula gainean zutik aritzen dira, eta halaxe egin du HS2 surf elkarteko Huartek denboraldi honetan. Espainiako txapelduna izan berritan, HITZArekin elkartu zen Huarte. Elkarrizketan, bere ibilbidea eta aurtengo denboraldiaren errepasoa egin zuen. Ekainean Espainiako txapeldun izan ondoren, Galiziako txapelketa esanguratsuan bigarrena izan zen. Abuztuan eta irailean hainbat lehiaketa izan ditu. Duela hilabete Kantabrian EDP Surf Pro Spain txapelketan ere bigarrena izan zen.
Emaitza horiek aukera eman diote Munduko Txapelketara joateko hamahiru surflarien artean hautatua izateko. Kalifornian Gipuzkoako Wavegarden enpresaren teknologiarekin eraikitako olatu artifizialean izango da. Kantauri itsasoarekin konparatuta, oso bestelako ingurunea izango da.
Bestalde, surflari gazteak bere webgune propioa martxan jarri du: www.saioahuarte.com. Erronka berriari buruzko informazioa, egindako ibilbidearen errepasoa eta lehiaketen berri emango du. Honela, surf egokituari ikusgarritasun handiagoa emango dio. Gainera, nazioarteko erronka honetan lagundu nahi dioten enpresa eta erakunde babesle bila ari da, kirol ibilbidea garatzen jarraitu ahal izateko.

