EAJk dio Abotsanitzen txanda dela hondartzako eremuetan
Gezurra esatea leporatu diete jeltzaleek udal gobernuko kideei. EAJk iragarri du uztailetik duela udalak baimena futbol zelaian obrak egiteko.
Aurreko astean Abotsanitzek salatu zuen EAJk “kea saldu” ziela herritarrei, esanez hondartza eremuko lurrak jada Eusko Jaurlaritzaren eskumenen barnean zeudela, Madrilen lortutako akordio batengatik. Udal gobernuko alderdiak adierazi zuen oraindik ez zela aldaketa hori eman, eta EAJk titularrak lortzeko erabiltzen zuela “gezur” hura. Orain, EAJk erantzun egin du, esanez Abotsanitz dela “gezurretan ari dena”.
Maribel Vaquero Espainiako kongresuan EAJren bozeramailea eta Maria Serrano Hondarribiko EAJko alkategaia Hondartza Kiroldegian izan ziren ostiralean, medioen aurrean. Vaquerok argi adierazi zuen EAJk “bidea erraztu” egin duela, baina orain udalarena dela ardura.
Jeltzaleek diote Hondarribiko Udalak uztailetik duela mahai gainean Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsasertzaren Zuzendaritzaren baimena Ondartza futbol zelaian obrak egiteko. “Ordutik, Hondarribiko Udalari dagokio Ogasunaren Ordezkaritzarekin egin beharreko izapideetan aurrera egitea, lurren lagapena gauzatu ahal izateko. Hala ere, Udalak berak baieztatu du oraindik ez dituela osatu eta Ogasunari bidali horretarako beharrezkoak diren agiriak eta txostenak”, esan du EAJk.
Informazio bilerak
Horrenbestez, jeltzaleek gezurtzat jo dituzte Abotsanitzen adierazpenak, eta eskatu diete sortzen duten “zalaparta eta desinformazioaren aurrean arduraz jokatzea”. Serranok iragarri du prestasun osoa dutela prozesu guzti honen inguruko egia guztia jakin nahi duen ororekin biltzeko. Horren harira, Hondarribia Futbol Elkarteko zuzendaritza batzordearekin elkartuko direla adierazi du jeltzaleen alkategaiak.

