Kereila penala aurkeztuko du udalak, Higertoki eta Zaldunborda Berri enpresen dokumentazioa aztertzeko
Iaz 13,8 milioi euroko demanda jarri zuten bi enpresek, udalari zuzendua. Orain, demanda aztertu ondoren, iruzurra egon daitekeela antzeman du udalak, eta epaile bati kasua ikertzeko eskatu dio.
13,8 milioi euroko demanda bat aurkeztu zuten Higertoki eta Zaldunborda Berri enpresek iaz, Hondarribiko Udalaren aurkakoa. Zaldunbordako auzia izan zen arrazoia. Udalak, horren aurrean auditoretza independente bat eskatu zuen, demanda hura ikertzeko, eta orain, ikerketan aurkitutako kontraesanak ikertzeko, kereila penal bat aurkeztu du udalak, epaileak azter dezan afera.
Igor Enparan alkateak, gaur egindako prentsaurrekoan, adierazi du, udalbatzako lau alderdien artean hartutako erabakia izan dela kereila penala aurkeztearena. “Udalaren betebeharra argia da: erreklamazio horri erantzutea, eskatzen diguten dirua benetan zor ote dugun aztertzea eta batez ere, herritarren interes ekonomikoak defendatzea”, azaldu du Enparanek. Auditoria independenteak emandako ondorioek hainbat zalantza piztu dituzte udalean, bi enpresek aurkeztutako dokumentazioaren harira. Auditoria ez ezik, zigor zuzenbidean espezializatutako abokatu baten txostena ere eskatu zuen udalak.
Udalak argi utzi nahi du ez duela adierazi inor erruduna denik, epaile bati ikertzeko eskaera egin duela soilik. Edonorren errugabetasun presuntzioa errespetatzen dutela adierazi du alkateak. “Justiziarekin lankidetzan jardungo dugu behar duen guztian, eta, bitartean, Udala defendatzen jarraituko dugu prozedura zibilean. Hondarribiko dirua herritarrena da, eta gure betebeharra da diru hori ardurarekin kudeatzea”, esan du Enparanek.
Azken finean, Higertokik eta Zaldunborda Berrik, haiek azaldu dutenez, Zaldunbordako makro outletaren proiektuan egin zituzten gastuak erreklamatu dizkio udalari. Makro outleta bertan behera geratu zen, eta beraz, ez zen ezer eraiki bertan. Lurrarengatik 2 milioi euro ordaindu zituen Higertoki enpresak (erosketa baino hiru aste lehenago sortu zena). “2 milioi eurotan saldutako lur batengatik 13,8 milioi euro eskatzen badizkigute, zer gastu egin dituzte? Gastu horiek egiaztatuta daude?”, galdetu du alkateak. Gastu horiek aztertzen izan da udala azken urtean, eta ondorioztatu dute “iruzurra” egon daitekeela demandaren atzean.
Fakturetan kontraesanak
6,1 milioi euroko gastuak justifikatzeko, 39 faktura aurkeztu dituzte demandan. Ia 40 dokumentu horietatik, 5,5 milioi, enpresen arteko fakturak dira, hau da, ez dira kanpoko enpresa independenteen zerbitzuetatik. “Zenbait kasutan, fakturak egiten dituztenek edo ordainketetan parte hartzen dutenek harreman ekonomiko edo administratiboak dituzte beren artean. Hori ez ezik, ordainketak, ez ziren fakturetan jartzen ziren kontu korrontean egiten. Honekin ez dugu esan nahi ez zirenik ordaintzen. Baina askotan ere, faktura batean jarri arren, ez du esan nahi zerbitzu hori benetan eman denik”, gehitu du alkateak.
Udalak auditoretzan antzemandako hiru kontraesanen adibideak aurkeztu ditu:
-
2019ko abuztuan, Zaldunborda Berrik 5 milioi euro transferitu zizkion Vusari. Transferentziaren kontzeptua hitz bakarra da: “aurrerakina”. Baina, enpresen arabera diru horrekin ordaindu ziren fakturak geroago jaulki ziren. Batzuk irailean, beste batzuk hurrengo hilabeteetan, eta beste batzuk 2020an. 2024ko uztailean sinatutako ziurtagiri batek lotzen ditu ordainketa eta fakturak. Hau da, ia bost urte geroagoko ziurtagiri batek. Eta kobratu zuen enpresak berak sinatuta, bere administratzailearen bitartez. Baina bada beste zerbait ere. Fakturetan ordainketarako adierazten zutena ez zen beste banku-kontu batera egin zen transferentzia.
-
2018ko urtarrilean, Durruti XXI enpresak Higertokiri 650.000 euro gehi BEZa fakturatu zizkion, lursailak lortzeagatik. Baina lursail horiek Higertokiri lehiaketa publiko baten bidez esleitu zitzaizkion 2017ko ekainean, eta salerosketa-eskriturak urte hartako urrian egin ziren. Hau da, faktura egin zenean, lurrak lehendik esleituta eta salerosketa formalizatuta zeuden. Gainera, faktura hori beste faktura baten kostua berriro kobratzeko moduan aurkeztu zen, baina ustezko jatorrizko faktura sei egun geroago egin zen, eta zenbateko txikiagoarekin.
-
Zigilatze-lanengatik ia 690.000 euroko faktura aurkeztu da. Fakturaren arabera, banku-transferentzia bidez ordaindu behar zen. Baina ordainketaren frogagiri gisa aurkeztutako dokumentua egun berean eta zenbateko berarekin sinatutako zor-agiri bat da. Gainera, zor-agiria ez zuen faktura egin zuen enpresak kobratu, talde bereko beste sozietate batek baizik.

