"Taberna itxita egon ondoren, gogoz ekingo diogu etapa berri honi"
Hiru hilabetez itxita egon ondoren, Kabigorriko tabernak ateak irekiko ditu gaur (ostirala). Etapa berri bat hasiko dute, eta pozarren dira proiektuak aurrera jarraituko duelako, 29 urteko lanari eutsiz.
Pedro Martin eta Txaro Ayesa zuzendaritzako kideak, Kabigorrin. Gorka Correyero Llamas Hiru hamarkada betetzeko urtebete falta zaio Kabigorri Bidasoako Ateneoari. Duela 29 urte martxan jarri zuten, eta urteotan ehunka jarduera kultural antolatu dituzte: kontzertuak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak… Gaur bertan (hilak 16, ostirala), taberna hiru hilabetez itxita egon ondoren berriro irekiko ditu ateak, eta zuzendaritza batzordeko kideak pozarren dira etapa berri honi ekiteko. Proiektuak iraun dezan gazteen bultzada ezinbestekoa dela azaldu dute Txaro Ayesak eta Pedro Martinek.
Gaur egun zein egoeratan dago Kabigorri?
Pedro Martin: Azken boladan larri gabiltza. Ostiral honetan taberna berriro martxan jarriko dugu gazte batzuei esker, eta horiek bultzada bat emango diote. Udan taberna itxita egon da. Hiru hilabetez ezin izan dugu taberna ireki langile faltagatik. Ilusio handia dugu taberna berriro martxan jartzeagatik, inoiz ez baita hainbeste denboraz itxita egon. Asko saiatu arren, zaila izan zaigu langile berriak topatzea. Oporrak hartu izan ditugu, edota garbiketa lanak egiteko aste batzuk itxi dugu, baina hainbeste denborako geldialdirik ez dugu izan orain arte. Hilabeteotan, gainera, lanak egin ditugu aretoa tenperatura egokian egon dadin. Bakarrik bilerak egiteko erabili dugu, eta hura ere probatzeko irrikaz gaude. Gogoz ekingo diogu etapa berri honi.
Zenbat kidek osatzen duzue zuzendaritza batzordea?
Txaro Ayesa: Gaur egun zortzi kidek osatzen dugu zuzendaritza batzordea, eta bestalde, aurretik aipatutako langileak ditugu. Gero ere, urteroko kuota ordaintzen duten bazkideak ere badaude. 29 urte ditu areto honek, eta ordutik aldaketa gutxi izan dira zuzendaritza batzordean. Eraikin zaharra da, eta gutxi batzuen artean egoki mantentzen ahalegindu gara urte hauetan.
Irunen halako espazioek garrantzia izaten jarraitzen al dute?
Martin: Kulturari lotutako halako espazio bakarra da Kabigorri. Udalak eta instituzioek erabiltzen dituzten beste aretoez gain, Kabigorri bezalako aretorik ez dago. Autogestionatua den hiriko areto bakarra da. Proiektu hau sortzea eromena izan zen, baina urteekin ikusi dugu eromen horrek denboran aurrera egin duela eta era iraunkorrean martxan izatea lortu dugula. Erosi genuenean zulo beltz bat zen, eta ilusioarekin aurrera ateratzea lortu genuen.
Urte hauetan zer bilakaera izan du Kabigorrik?
Ayesa: Hasieratik izan naiz proiektu honen bazkide, eta Pedrok [Martin] hamar urte daramatza zuzendaritzan. Lehenengo urteetan, jende gehiago gerturatzen zen. Hala ere, aipatu nahi dut gizartean aldaketa bat izan dela, eta hori guk ere nabaritu dugula. Dena den, urtero 50 edo 60 jarduera inguru antolatzen jarraitzen dugu. Hasierako espiritua edo sena mantentzen ahalegintzen gara, hori galtzen badugu akabo. Jardueraren arabera ere arrakasta asko nabaritzen da. Musikarekin jendea hurbiltzen da, bestelako jardueretan, ordea, jende falta sumatzen dugu.
Martin: Jardueren aldetik ez dugu aldaketa handirik izan. Duela 20 urte kontzertu bat egitea eta gaur egun egitea nahiko antzekoa da barrutik. Kanpotik, ordea, erakargarritasuna galdu du. Kultura osoa itzaltzen joan da azken hamarkadan, eta egun askoz zailagoa da halako jarduerak mantentzea eta jendea gerturatzea lortzea.
Publikoaren aldetik aldaketarik izan al da?
Martin: Gehienetan aurretik Kabigorri ezagutzen duen jendea hurbildu da. Kontzertuetan, esaterako, gehienbat musikarien senideak eta lagunak hurbiltzen dira. Ekitaldiaren arabera publikoaren erantzuna nahiko aldakorra da, eta interesaren arabera hurbiltzen da jende berria. Kabigorri ezagutzen duena gehiagotan hurbiltzen da, kultur jarduera edozein dela ere.
Horri tiraka, kultur ekitaldiak antolatzeak eta urteetan horiek jarraipena izateak lana dakar. Batzordean programazioa eskaeren arabera kudeatzen dugu. Normalean artistek gugana jotzen dute, eta bakoitzak bere eskaera egiten du.
Diru laguntzek areto txikiak ito dituzte, eta zailtasun ugari dituzte.
Ayesa: Hasieran, astero bizpahiru jarduera antolatzen genituen. Lehenengo urteak kaotikoak izan ziren, jarduera ugari genituen. Hasierako urte horietako bultzada baretu zen, eta zaila izan zaigu ekitaldi kopuru hori mantentzea. Orain, ahal dugun guztia egiten saiatzen gara jarduerei eusteko.
Zeren arabera antolatzen duzue urteko ekitaldien egutegia?
Martin: Jasotako eskariak denbora tarte batean sartu behar ditugu. Aurretik plangintza bat egiten dugu, eta horren arabera urtean zehar ekitaldiak banatzen ditugu. Horiek denborarekin antolatuta ere, kanpoko beste jarduerek dena zapuztu dezakete. Artisten ordutegiak beste kontu bat dira, eta askotan, horiekin bat egitea oso zaila zaigu. Futbol partida batek programazioan eragin handia du adibidez, eta ikuskizun izugarria izan behar zena, erdi-hutsik gelditzen da.
Zein da aretoa sostengatzeko diru iturri nagusia?
Martin: Tabernari esker, zabalik mantentzen dugu Kabigorri, baina kontsumoarekin lortutakoak ez digu askotarako ematen. Bazkideen kuotak eta instituzioen diru laguntzak dira sostengu ekonomiko garrantzitsuenak. Azken bi urteetan Kutxa Fundazioak laguntza ekonomiko handia eman digu.
Euskarak garrantzi handia izan du Kabigorrin, eta hala izango da aurrerantzean ere. Baina, zeintzuk dira Kabigorriren balioak?
Ayesa: Euskara da ditugun balioetatik nabarmenetako bat, zalantzarik gabe. Jarduera guztiak ez dira euskaraz ordea, oso zaila delako hori bermatzea. Aurkezpenak, normalean, euskaraz zein gazteleraz izaten dira. Euskara soilean antolatzen dugun jarduera bakarra bertso saioak dira. Guretzat oso bereziak dira, zoragarria. Bospasei urte dira Irunabarrek hilabeteko lehen ostegunean saio bat antolatzen duela, eta jendea oso gustura dator bertsoak entzutera, giro bero eta goxoa sortzen da aretoan. Telebista ere etorri izan da saioak grabatzera. Aurten, Gipuzkoako bertso eskolen arteko bi saio antolatu ditugu, esaterako. Abenduaren 3an, Euskararen Egunarekin batera, hilabeteko lehen ostegunean bertso saio bat antolatzeko ohitura berrartuko dugu.
Nire inguruan, oraindik ere, euskarak indarra duela nabari izan dut. Ez dakit kopuruz zenbat diren, baina ikusi dudanagatik gazteek saiakera egiten dute euskaraz aritzeko. Saiakera polita dago Irunen, baita guraso direnen aldetik ere. Adibidez, tabernako langileak kontratatzeko arazoak izan ditugu euskaldunak nahi genituelako.
29 urte hauetan pasadizorik izango zenuten…
Ayesa: Anekdota eta momentu berezi ugari ditut gogoan. Bertso saioez gain, maila handiko kontzertuak antolatu ditugu. Alarde Parekidearen lehenengo urteetan Kabigorri entseguak egiteko espazioa zen, eta hemen bertan materiala gordetzen genuen.
Etorkizunari begira, zein da zuen helburu nagusia?
martin: Jende berria behar dugu, eta asko poztuko nintzateke horiek guk orain arte egindako urratsak jarraituko balituzte. Orokorrean, tokiko komertzio eta erakunde asko desagertzen ari dira belaunaldi aldaketa egiteko edo erreleborako dituzten arazoengatik, eta gure kasuan hori saihestu nahi dugu. Hori lortzea zoragarria izango litzateke. Egonkortasunak alde onak baditu ere, ideia berriak eta beste ikuspuntu batzuk behar ditugu. Horrek proiektua aberasten du.

