Bilatu
Sartu
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • gure materiala
  • hemeroteka
Bilatu
  • Albisteak
    • Gaiak
      • Aisia
      • Ekonomia
      • Euskara
      • Gizartea
      • Hirigintza
      • Ingurumena
      • Jaiak
      • Kirola
      • Kultura
      • Politika
      • Udala
      • Orokorra
    • Herriak
      • Hondarribia
      • Irun
    • Generoak
      • Albisteak
      • Editorialak
      • Elkarrizketak
      • Erreportajeak
      • Iritzia
      • Kronikak
      • Publirreportajeak
  •  Multimedia
    • Argazkiak
    • Bideoak
  • Podkastak
  • Agenda
    • Zerrenda
    • Hilabetea
    • Agendan parte hartu
  • Zozketak
  • ADIMEN ARTIFIZIALA
  • Gidak
    • Bertara Bertatik
    • Plazara Plazatik
    • Eskuz Esku
  • Nor gara
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • gure materiala
  • hemeroteka
Sartu
Kultura
ASTEKARIA
Aritz Galarraga Lopetegi - Idazlea

«Gizon guztiok jarri beharko ginateke ispiluaren aurrean»

Gizontasunaren inguruan hausnartu du Galarragak liburu berrian, bere biografia oinarri hartuta. Haurtzaroa, gaztaroa eta azken urteak berrikusi ditu, generoaren betaurrekoak jarrita.

Urko Iridoy Alzelai
Hondarribia
2026/10/16

Amona idealizatu zuen, baina baita Patxi Ezkiaga eta Kurt Cobain ere. Gutxinaka, gizon horiek mito moduan erortzen joan ziren Aritz Galarraga Lopetegiren bizitzan, publikoki salatutako emakumeen kontrako abusuak egindakoak ziren eta. Amona, aldiz, beti izan zen bere familiaren aterpea. Atzera begira jarri da Galarraga bere liburu berrian, Izan gizona, autobiografikoa baita, baina ez ohikoa. Bere haurtzaro eta gaztaroko bizipenak gogoratzeaz gain, genero ikuspegiaren betaurrekoak jarri eta berak egindakoak ikertu ditu, bizitzan zehar aurkitutako maskulinitate ezberdinak identifikatuz, eta hainbat urte geroago, ulertuz. Autobiografia generikoa deitu dio egindako lanari.

Zer da autobiografia generiko bat?

Azpititulurako erabili dudan kontzeptua da. Anbiguotasun hori bilatu nahi nuen, eta generiko adjektibo horrek printzipioz adiera bat baino gehiago izan ditzake. Zerbait orokorra da, eta hor kontrastea bada, autobiografia bat izanda, hura generikoa izatea ulertzeko zaila baita. Ez dut uste bizitza bat, propioa, indibiduala, uste bezain esklusiboa denik, baizik eta kontrakoa; bizitza batek bizitza asko adierazteko gaitasuna du. Instituzio sozial asko ditugu gure inguruan, guri eragiten digutenak, eta eragiten dute bizitza batek bestearen antza izatea. Bestetik, generoarekin zerikusia du lan honek, eta alde horretatik generikoa da. Nire bizitza arakatzen dut, baina genero eraikuntzarekin harremana duten bizipenak, anekdotak eta istorioak kontatuz. 

Amonaren figura aipatzen duzu hainbatetan, esanez idealizatuta zenuela. Ama ere askotan hortik dabil, eta izeba ere bai. Emakumez inguraturiko haurtzaroa izan al zen zurea?

Jaiotakoan, topatzen duzun lehen instituzio soziala familia da, hura da lehen sozializazio bidea, ondoren datozenak irekitzeko balio diguna. Nire kasuan, onerako edo txarrerako, edo besterik gabe horrela tokatu zitzaidalako, oso ingurune femeninoa izan nuen, ama, amona, amonaren lagunak, izeba oso gazte bat eta haren lagunak… eta figura maskulinoak ausenteagoak ziren. Hori ez ezik, testuinguru femenino horretan figura maskulinoak sartzerakoan, ez zuten paper oso protagonistarik izaten, ez zuten haien iritzia inposatu. Izan ditudan eredu maskulinoak likidoak izan direla esango nuke.

Emakumeek eramaten zuten eguneroko martxa nire etxean, eta ez dut esaten haiek goraipatzeko, deskribatzen nabil soilik. Nik uste ingurune femenino horretan hazi izanak utzi dituela nigan hainbat ezaugarri, liburuan aipatzen dudan moduan; entzuteko beharra izan daiteke horietako bat. Azkenean, eremu hartan mutil bakarra nintzen, eta gauza asko entzuten nituen. Nire bizitzan zehar gaitasun horrekin hazi naiz.

Zure etxeko ereduak eta gizarte ereduak talka egiten zutela kontziente al zinen? Edo orain atzera begiratzeko lanketa egiterakoan konturatu zara horretaz?

Ez dut horrela planteatu liburuan, bere garaian ez nuelako horrela bizi. Baina egia da familia guztiak ez direla berdinak, eta izan daiteke, noski, beste familia askotan figura maskulinoak izatea inposatzaileagoak edota protagonistagoak, figura maskulino hegemoniko horretara hurbilduz. Familia onena izanda ere, oso zaila da genero rolei ihes egitea, eta beraz, zaila da genero rolek ekartzen dituzten diskriminazio eta desorekei ihes egitea.

Maskulinitatea ulertu, jasan, eraiki… Nola definitzen duzu kontzeptu sorta hori?

Maskulinitateak asko dira, eta liburuan aipatzen dut, gizonak beste izan daitezkeela. Argi dago gizartean badagoela inposatzen den eredu bat, nagusi dena. Sistema patriarkal honek funtziona dezan maskulinitate hegemonikoa baliagarri da. Gizon batzuk eroso sentitzen dira eredu horren barruan, baina badira beste hainbat deseroso direla, ez dutela haien buruan horren barne ikusten. Uste dut badirela eredu atseginagoak eta horietan ekin behar da, elkarbizitza osasuntsuago baten alde.

Aipatzen duzu zure gurasoek trauma bat oparitu zizutela txikitan, banantzea erabaki zutenean. Garai gogorrak izanik, kosta egin al zaizu atzera begiratzea?

Kostatzen da, batez ere memoriari dagokionez. Liburuko lehen atalak, kronologia zuzen jarraitzen duten heinean, haurtzaroko garai horiek, nire lehen oroitzapen horiek memoriari dagokienez, eremu nahasiak dira, ez dira hain garbiak. Zaila da jakitea oroitzapen horietan zer den gertatu dena, zer den benetakoa, eta horregatik zaila da ere horien argazki fidel bat egitea. Irudimenak pisu handiagoa du lehen garai horietan. Hau da, irudimenak lan gehiago egin du benetan gertatu ziren gauzak berriz ere lantzeko eta birfinkatzeko garaian. 

Era berean, uste dut badagoela literarioki bide bat liburuan zehar. Lehen kapituluak askeagoak dira, irudimenari lekua emanez, eta estiloari begiratuz atseginagoa eginez. Ondoren, denboran gerturatzen doazen gauzak agertu ahala, gordintzen doa dena, eta tonua lehorragoa eta gogorragoa da. Gaiak ere halakoak dira, beraz, hori da kontatzeko era. 

Iraganari begiratzea denentzat beharrezkoa izan beharko al litzateke?

Nik hala uste dut. Gainera, genero kontuei buruz ari garela, gizonezko bezala identifikatzen garenok batez ere egin beharko genuke hori. Ariketa erraza da. Ispiluaren aurrean jarri behar gara, ea ispiluak zein irudi bueltatzen dizun. Badira zure pasarteak, bizipenak edota izaerak agian ez direla zure gustukoak, baina gizonen eta emakumeen arteko desoreka horiek leuntzeko eta ezabatzeko bidean hein batean uste dut beharrezko dugula. Liburua bada zentzu horretan mezu bat, ahal dela esatekoa. Genero rolak finkatzen dituzten instituzio sozialak oso indartsuak dira, eta beraz, uste duguna baino askatasun gutxiago dugu, baina badugu denok tarte bat hobekuntzarako. 

Liburuko ataletako bat futbolarena da. Gizontasunaren espazio erosoena al da futbola?

Bai, futbola aipatu dut elementu paradigmatiko bat bezala, gizonen harremantzeko modua azaltzeko lagungarri egin zaidalako. Gizonok badugu halako harreman bat kirolarekin, eta horren barruan, futbolarekin. Iruditzen zait futbola badela bizitzako fase ezberdinetan gizonen artean sozializatzeko modu erraz bat. Hasieran izan daiteke, haur garela, futbolera jokatzen, eta jada helduak garenean futbola ikusten edota hortaz hitz egiten. Hori ondo iruditzen zait, ezin garelako egun guztian elkarrizketa filosofiko eta sakonak edukitzen bizi. Baina ulertzen dut futbola eta halako gai arin horiek balio digutela aurre ez egiteko benetan esan nahiko genukeen horri, edo sentitzen dugun eta esaten ez ditugun gaiei. 

Liburuan aipatzen dut gizonen artean nola harremantzen garen, nola hitz egiten dugun gure artean. Gauzak kontatzen ditugu gure artean, hala nola zer egin nuen atzo, eta nora joango naizen oporretara; baina zaila egiten zaigu azaltzea gauza horiek nola sentiarazten gaituzten. Sakontzea falta zaigu, sentimenduez hitz egiteko faseetara pasatzea. Emakumeekin ezberdina da, eta horrelako elkarrizketak errazago eraikitzen ditugu.

Futbol harmaila batean gizontasunaren estereotipo bortitzena aurkitu dezakegu?

Muturreko adibide bezala ulertu dezakegu, bai. Futbola mila modutara bizi daiteke, baina egia da horrelako egoeretan beste faktore batzuk sartzen direla, biolentzia bezalakoak, gizontasun hegemonikoarekin oso lotuak daudenak. Baina eredu hori ez da gizon izateko modu bakarra, izan daiteke gizon atseginagoa, baina seguru aski hegemonikoek gaizki sentiaraziko dute hura. Gizon hegemonikoaren lehen biktima emakumezkoa da, dudarik gabe, baina gizonezko batzuei ere, esan dezakegu sufriarazi izan digutela ezberdin izate hori. 

Alardea ere liburuan agertzen da, atal baten izenburu moduan. Alardea, gizonaren pribilegioak arriskuan jartzerakoan izaten den defentsaren edo ondorioen irudikapen bat al da?

Baietz uste dut. Emakumeek berdintasunaren aldeko pausoa eman zuten duela 30 urte, jaiena, sozializatzeko moduena, badelako esparru garrantzitsua. Mendebaldean azken mendean eman den bilakaeraren ondorioa da berdintasun nahi hori, non emakumeek ere espazio publikoak hartu dituzten. Baina niri ere logikatik eskapatzen zaizkidan arrazoiengatik, Hondarribian eta Irunen gaia enkistatu egin da. Argi dago emakumeak gehitzerakoan gizonek pribilegioen zati bat galtzen dutela, baina hori ezinbestekoa da, gizonek zerbait galdu behar dugu berdintasuna lortzeko bidaia horretan, eta nik behintzat ez dut hori drama baten moduan bizi.

Logikoa iruditzen zait behintzat niri. Gizonek zer galduko dugu emakumeen sarrerarekin Alardean? Kapitain izateko hamar hautagai beharrean, hamabost izango direla? Nire ustez, galera hain da txikia kasu konkretu honetan, oraindik ere ulergaitzagoa egiten zaidala afera. Noski eskubide urraketa kasu bat dela Alardearena, eta noski emakumeek nahiko luketen lekuetan egon beharko luketela festetan eta nahi duten tokian. Kasu dramatikoa da, eta jende askok sufritu du, baina dramatikoa ez balitz, kasu absurdoa izango litzateke.

Beldurra eta gizontasuna badirudi askotan ezin direla eskutik joan, baina beldurra izaten da pribilegio galeraren lehen erantzuna, ezta?

Bai, zeren beldur dira? Sentimendu irrazional bat den neurrian, ezin da arrazoitu eta ezin da azaldu goitik behera. Mekanismo bezala oso ongi dago, baina beldur sozial hori erabat manipulagarria da. Masen norabidea markatzeko ere balio du, eta hor gure eskualdean adibide nabarmenena da nola alderdi politikoak saiatu diren eskubide gatazka hau bakoitzaren interesen harira bideratzen.

Liburuaren bukaeran zure lagun min baten atxiloketaz mintzatzen zara, ETAko kidea izatea leporatuta. Gogorra egin zaizu haurtzaroko Asierretaz [Galarragak ezarri dion fikziozko izena] hitz egitea, ondoren izan dituen egoerak jakinda?

Gatazkaren atalean idatzi dut Asierri buruz. Atal horretan bi gauza aipatzen ditut. Bat da gatazkaren beraren konponente maskulinoa, hau da, gatazka politikoa gurean, eta batez ere borroka armatua bezala izendatu dugun horretan, inpresioa daukat oso mugimendu eta espresio maskulinoa izan dela bere horretan. Hasteko, biolentziaren ezaugarria zeukalako besteen gainetik, nahiz eta beste biolentzia mota bat erantzuteko izan. Biolentzia erabiltzea helburu batzuk lortzeko iruditzen zait badela jarrera maskulinoa, eta nik behintzat ez dut konpartitzen, ez dator bat nire maskulinitatea ulertzeko moduarekin.

Bestetik, agian ikuspuntu literario bat jorratu beharko bagenu, zortearen edo zoriaren gaia da. Uste dugu gure bizitza guk kontrolatzen dugula, baina argi gelditu da urteen poderioz badirela hainbat gauza ezin ditugunak kontrolatu, zoriaren gauzak direla, edota askotan ere zortearekin lotzen ditugula. Euskal Herriko gatazkaren une jakin batzuetan ez zenuen gauza asko egin behar atxilotua izateko, edota ETAn militatzeko. Nire lan hau bizitzaren azterketa bat den neurrian, aztertzen dut nola gauzak adin horretan diferente joango balira, bidea beste leku batzuetatik egin zitekeen. Euskaldun askoren kasua dela uste dut. Nire bidea ez zen nire lagunarena bezalakoa, baina edozein momentutan desbideratu izan banintz, nork daki non amaituko nukeen. Azken finean literaturak izan ez diren bizitza horien inguruan irudimena askatzeko aukera ematen dizu, eta horren inguruan hausnartu dut atal horretan.

Patxi Ezkiaga irakasle eta erreferente izan zenuen, haren abusuez ohartarazi baino lehen. Zer datorkizu burura Ezkiaga oroitzen duzunean?

Donostiako La Sallen izan nuen irakasle Patxi Ezkiaga. Hirugarren mailan tutore izan nuen, eta niretzat mentore bat zen. Liburuak, gehienbat poesia idazten zuen, euskaraz gainera, eta nik jada interesa nuen literaturan. Hainbestekoa zen miresmena, non hil zenean Berria-tik hil ohar bat idaztea eskatu zidaten gure loturaren berri zutelako. Hor oraindik ez ziren publiko egin Patxi Ezkiagak bere ikasle neskei egindako erasoak. Hori ikusterakoan, galdera asko sortzen dira. Zerbait ikusi al nuen? Ez bazen horrela izan, nire begien bistan gertatutako abusuak izan ziren eta hori berez jada larria da. Ez dut ulertzen nola hori ez nuen ikusi, eta ikusi banu, zergatik ez nuen ezer egin. Nerabeak ginen, eta gure egiteko ahalmena mugatua zen, baina ez dut ulertzen. 

Autorea eta obra bereiztekoaren aldekoa naiz. Autoreak bere bizitza pribatuan egin dituenak, eta ondoren bere lanen edukia independenteak izatearen aldekoa naiz. Baina Ezkiagaren kasuan ez naiz kapaza bi aldeak bereizteko. Bere poemak irakurtzen ditudanean, orain, beste modu batera ulertzen ditut, beste ikuspuntu bat dut. Patxi Ezkiaga abusatzailea inposatu da nire barnean jada.

Errudun sentitzen al zara gertatutakoaz ez ohartarazteagatik?

Erabat. Zure aurrean gertatzen zen, eta ez zenuen ezer egin. Horrek erru sentimendu handia sorrarazten dizu. Baina berriz ere zoriak duen garrantzia nabarmentzen da. Gizon erlijiosoa zenez, gizartean hedatuta dagoen topikoak dio mutilei egin behar ziela eraso. Baina ni gizon izateagatik salbatu nintzen, Ezkiagari neskak gustatzen zitzaizkiolako kasu honetan. Eta era berean, urte hartan, alboko klaseko irakasleak hainbat abusu egin zituen ikasle mutilen aurka. Hor ere zoriak nire alde egin zuen, ni beste gelan jarriz.

Kurt Cobain aipatzen duzu liburuan, emakumezkoen aldeko figura gisa. Kurt Cobain gehiago behar al dira egun?

Cobainekin ere Ezkiagarekin bezala gertatu zait, baina ez maila berean. Mito hori erdi-erori egin zitzaidan. Emakumeen kausaren aldeko figura bat izan zen, eta hori aldarrikatzen zuen bere abestietan. Baina halako batean irakurtzen duzu bere biografian badirela pasarte ilunagoak, eta nola bera iritsi zen aitortzera emakumezko bati abusuak egin zizkiola, hark esandakoaren arabera inperatibo sozialak bultzatuta. Ondoren damua eta horrelako sentimenduak erakutsi zituen. Ez zait mitoa erabat erori, baina ikusten duzu nola idealizatu ditugun figura askoren atzean badaudela alde nahasiagoak eta ilunagoak.

Urteak eman dituzu herritik kanpo, eta orain, itzuli egin zara. Zein harreman duzu Hondarribiarekin?

Iruñean unibertsitate publikoan lortu dut irakasle plaza, eta beraz ez naiz osotasunean herrira itzuli. Hemen bizi naiz baina Iruñean egiten dut lan. Bartzelonan familia daukat ere, beraz ez da 18 edo 20 urte nituenean bezala, ehuneko ehunean nengoela. Azken 20 urte hauetan kanpoan bizi arren etengabe itzuli izan naiz herrira, eta argi daukat ni munduan egoteko lekua hau dela, mundura lotzen nauen lekua. Nire idealetik gertuen dagoen bizimodua egitea lortu dut bertan, ez egunerokoa, eta hori da egona eta ez egona uztartzen lortu dudana. Gure eskualde hau, Hendaia, Irun, Hondarribia… hau da nire lekua.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

Zerbitzu Gida

 

 

Agenda

Eguraldia

Iturria:tiempo.com

Azken 7 egunetako irakurrienak

 

 

 

Gipuzkoa

Gipuzkoa, Ekonomia

ELAk salatu du Itasua enpresak dibidenduak hirukoiztu egin dituela azken bost urteetan, baina langileei ukatu egiten dietela soldata igoera

Kultura, Gipuzkoa

150 hizlari arituko dira ‘Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II’ kongresuan

Gipuzkoa, Euskal Herria

Aurtengo lehen sei hilabeteetan hamasei milioi bidaia egin dira Lurraldebusen, iaz aldi berean baino milioi bat gehiago

Gipuzkoa, Euskal Herria

Gradu berri bat jarriko dute martxan EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan hurrengo ikasturtetik aurrera

Gipuzkoa, Euskal Herria

Merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza aldatuko du Donostiako Udalak

Euskal Herria, Gipuzkoa

Urriaren 19ko etxegabetzea bertan behera uztea lortu du Saretxek, behin-behinean

Gipuzkoa, Euskal Herria

Atzo goizaldean Donostian erretako eraikina «agian» osorik eraitsi beharko dutela esan du Insaustik

Gipuzkoa, Kultura

Hariak jaialdia azaroaren 5etik 15era egingo dute

Euskal Herria, Gipuzkoa

EH Bilduk salatu du La Cumbreren lagapena ez dela gauzatu lau urteren ostean, Donostiako Udalaren «borondaterik ezagatik»

Euskal Herria, Gipuzkoa

Donostiako familia bat urriaren 19an etxegabetuko dutela salatu du Saretxe sindikatuak

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

  • 943 34 03 30
  • oarsobidasoa@hitza.eus
  • Nafarroa etorbidea 26, Errenteria-Orereta 20100
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
Babesleak:
Hasi saioa HITZAkide gisa

Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.

HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA

Zure kontua ongi sortu da.

Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.

Sartutako datuak ez dira zuzenak.
Zure kontua berretsi gabe dago.
 
 
 
(Pasahitza ahaztu duzu?)
 
 
SARTU
 
Pasahitz berria ezarri da eta zure helbide elektronikora bidali da.
Sartutako datuak ez dira zuzenak.
 
(Identifikatu)
 
 
 
 
BIDALI
 

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea

HITZAkide izan nahi dut
Aldatu zure pasahitza
Pasa hitza ondo aldatu da.
 
 
 
 
 
 
 
Aldatu
 
Oraindik ez zara HITZAkide?

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.

HITZAkide izan nahi dut

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.