Rainel Ortega, garaile bere debutean
Lehen borroka profesionala izan zuen larunbatean Rainel Ortega boxeolari hondarribiarrak. KO-z irabazi zuen.
Ortega, bera babestu zuten zaleekin. IÑIGO SALCEDO Larunbatean izan zuen Rainel Ortega boxeolari hondarribiarrak bere profesionaletako debuta, Bilbon. Eskua altxaturik atera zen, Anderson Rangel venezuelarra garaitu ostean. Bere ibilbidearen lehen urratsa izan da, eta boxeolariak etorkizuna ilusio handiarekin hartzen duela azaldu du.
Hainbat konbate egin zituzten larunbatean Bilboko La Casilla kantxan. Hasieran, amateurren txanda izan zen, eta denbora aurrera zijoala, maila handitzen zihoan. Euskadiko txapelketak ere bertan erabaki ziren, besteak beste. Borroka guztiak epaileen erabakiarekin erabaki ziren, round guztiak amaitzerakoan, Rainel Ortegaren txanda iritsi arte.
Hasieratik bereganatu zuen Ortegak borroka. Lehenengo roundean lurrera bota zuen Rangel, baina venezuelarrak gogor eutsi zien Ortegaren kolpeei. Erabat dominatu zuen hondarribiarrak borroka, eta hirugarren roundean, gibelean emandako kolpe batekin, lurrera bota zen Rangel, bertan borroka amaituz.
Bertaratu ziren inguruko pertsona guztiei eskertu zien Ortegak haien babesa. Hurrengo borrokarako prestatzeko asmoarekin dabil, oraindik ezer finkatuta eduki ez arren. Oraingoz, 1-0 da Ortegaren ibilbidea, garaipen bakarra KO-z lortuz.

