Jai berdinzaleak lortzeko, Bilduk "elkarrizketa parte hartzaileak" defendatu ditu
Hondarribiak "urteetan pairatu duen gatazka" konpontzeko irtenbidea "herritarren arteko elkarrizketatik" etorriko da, alderdiaren ustez.
Jaizkibel konpainia 2024an. Hondarribiko egun handiaren atarian, Hondarribiko EH Bilduk prentsa oharrez aldarrikatu du herritarren “ahotsa eta elkarrizketa erdigunean” jarri behar dela, “bizikidetza eta jai berdinzaleak” lortzeko.
Koalizioaren hitzetan, “urte luzeko gatazka” da Hondarribiak pairatzen duena. Azken urteetan aurrerapausoak lortu eta Jaizkibel konpainiak espazioak “bereganatu” baditu ere, kritiko agertu da elkarrizketatik kanpo borondatez irten direnekiko, herriaren sinboloak diren espazioak “alde batera” utzi dituztelako: “Inoiz baino argiago ikusi da emakumeen aurkako jarreran gotortuta daudenei ez zaiela herri ondarea axola; haien helburu bakarra emakumeen parte hartzea ezintzea da”.
“Espazio banaketak” gatazka hori areagotu egiten du, ez baitu islatzen herrian “berez” dagoen nahia: “Herritarrak elkar topatu, ikusi eta egoteko gogora”. Era berean, autokritika ere egin du koalizioak, aitortuta ez direla bete legealdirako zituzten helburu guztiak, adibidez, kantineren karroza udal egitarauan agertzea.
Alderdiak, ikusirik bide administratiboak ez duela “konponbidea ekarri”, defendatu du elkarrizketarako unea dela, argudiatuta elkarrizketak “herritarren nahia” beteko lukeela. Gogoratzekoa da 2024an egindako inkestak frogatu zuela herritarren %79,6 formula berrien alde zegoela, %7 “gatazka egoeran gustura” zegoen bitartean.
Herritarrengan oinarritutako elkarrizketa defendatu du; hau da: “Jarrera ezberdinek beren argudioak emanda eta gatazkaren puntuak identifikatuta, bizikidetza handiena ahalbidetuko duten formulak bilatzea”. Hori da EH Bilduren ustez, Hondarribiak behar duena, “herritarren ahotsa entzutea erabaki konplexuak hartzerakoan”.
Hori da, hain justu, alderdiarentzat bizikidetza dena: “Guztiok batera bizitzeaz bakarrik ez, baizik eta askatasunez, errespetuz eta berdintasunez parte hartuz bizitzea”.

