Isolamendua prebenitzeko programaren bigarren fasea, martxan
Bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoei laguntza pertsonalizatua eskaintzeko tailerrak antolatuko dituzte hiriko bost guneetan.
Irunen 75 urtetik gorako pertsona ugari daude, eta iraila hastearekin batera Irungo Udalak isolamendua prebenitzeko programa berbiarazi du. Urtarriletik ekainera bitarte, programaren lehenengo fasea burutu zuten; eta irailetik abendura bitarte, programa honen bigarren fasea martxan jarriko dute. Bigarren fase honetan, Irunen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoak, azken urtean bakarrik bizitzera pasatu direnak, eta 75 urtetik gorako bakarrik bizi diren pertsonak, eta gainera, babes sozialik ez dutenak hartuko dituzte kontuan. Horretarako, estimulazio kognitiboa lantzeko ordu eta erdiko tailerrak antolatu dituzte hiriko bost txokotan.
Estimulazio kognitiboa lantzeak arlo asko lantzeak dakar: kontzentrazioa, lengoaia edo funtzio exekutiboak. Horretaz gainera, abilezia sozialak sustatuko dituzte, eta zenbait ariketaren bidez, erregulazio emozionala, komunikazioa, entzute aktiboa, enpatia eta aserbitatea landuko dituzte. Horrela, parte hartzaileen ongizatea eta harreman sozialak hobetuko dituzte.
Tailerrak astean behin landuko dira Irungo zentro sozial zein auzo elkarteetan, astelehenetik asteazkenera bitarte. Astelehenetan, Palmera Monteron, 10:00etatik 11:30era; eta Elitxu auzo elkartean, 16:00etatik 17:30era bitarte izango dira tailerrak. Astearteetan, Artiako auzo elkartean egingo dituzte goizez, hain zuzen, 10:00etatik 11:30era. Asteazkenetan, berriz, bina tailer egingo dituzte: lehenengo, Irasoko zentro sozialean, 10:00etatik 11:30era; eta 12:00etatik 13:30era, Lekaeneko espazio sozialean.
“Bakarrik dauden adinekoekin lan egiten jarraitzea oso garrantzitsua da, baita beharrezko babes profesionala ematea ere. Horrela, bizitzaren etapa honetan, Udalaren zerbitzuak balia ditzakete, autonomiari eusteko, lagunduta daudela sentitzeko eta hiriko bizitzaren parte aktibo izaten jarraitzeko”, adierazi du Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak.
Psikologoaren laguntza
Datozen egunetan, programan parte hartzeko irizpideak betetzen dituztenek gutun bat jasoko dute. Horiek, Amagoia Caballero psikologoarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, eta izena ematen dutenekin harreman pertsonalizatua izango du telefono bidez, programaren berri emateko eta elkarrizketa indibidualizatu bat eskaintzeko.
Elkarrizketa etxean bertan egiteko ere aukera izango dute, hala eskatuta. Horrela, segurtasuna eta lasaitasuna bermatuko die parte hartzaileei, eta bisita bakoitzaren ondoren, elkarrizketa klinikoaren egiaztagiri bat jasoko dute. Programari buruzko informazio gehiago jakiteko Adinekoen zerbitzura dei dezakete, 943 50 53 48 telefonora.

