Josu Zabala Erasun, 50 urteko aitortzarako bidea
1976. urtean hil zuten Josu Zabala. Harrezkeroztik, hainbat pauso eman dira bere memoria ez galtzearren. Aurten, hainbat erakunde eta herri eragile mugitu dira.
Abuztuaren 29an omenaldia egin zioten Zabalari, Gazte Egunaren barruan.Aitor Baztarrika Enrique Pascual guardia zibilak Josu Zabala Erasun hil zuenetik 50 urte igaro dira. Txantxangorri taberna alboan izan zen, Guardia Zibilak presoen amnistiaren aldeko eta Perturren desagertzea aldarrikatzeko manifestazio bat bortizki eten zuenean. Irailaren 8a zen, eta Alardea jada amaituta zegoen. Askok diote Guardia Zibilak itxaron egin zuela, herritar guztiek Alardeko eskopetak etxean utzi arte. San Pedro kalean egin zuten manifestazioa 150 lagun inguruk, eta Guardia Zibilak kaleko bi aldeak moztu zituen, gutxinaka gazteengana hurbilduz, eta haien kontra eginez. Bi tiro jo zizkion Pascualek Zabalari, eta bertan hil zen. Bost hamarkada pasa dira hartatik, eta hiltzaileak ez zuen inoiz kartzela zapaldu, kondenatua izan arren, 1977ko amnistiak kaleratu baitzuen.
40. urteurrenean, 2016an, Zabala Gogoan taldeak dokumental bat ondu zuen, eta horren harira erakusketa bat ireki zuten. Helburu argia zuten: Josu Zabalaren memoria bizirik mantentzea, eta gertatutakoa belaunaldi berriei azaltzea. Orain, beste 10 urte pasa dira, eta Josu Zabalaren izena berriro ere mahai gainean jarri da. Gauzak mugitzen hasi dira, eta afera berriro ere prentsan agertzen hasi da. Martxoaren 31n izan zen lehen aldiz, Giza Eskubideen Behatokiak egindako iragarki baten ondorioz.
GEBehatokiak, 50. urteurrena dela eta, adierazi zuen bi iniziatiba jarriko zituela aurten martxan. «Lehena, Memoria Demokratikoaren Legearen barruan, Madrildik estatuaren biktima bezala identifikatzea da», azaldu zuen martxoan Agus Hernan GEBehatokiko koordinatzaileak. Baina aitortza hori ez ezik, Hernanek adierazi zuen Irungo epaitegietan beste eskaera bat egiteko asmoa zutela, borondatezko jurisdikzioan oinarrituta, auziaren azterketa bat egin zezaten.
Uztailaren 9an eman zuten hedabideek, hitza haien artean, Espainiako Gobernuaren erantzunaren berri, GEBehatokiak egindako eskaeraren harira. Josu Zabala biktima gisa izendatu du Espainiako Gobernuak izan zen hitza-k egun hartan erabilitako titularra. Guardia Zibilak arrazoi politikoengatik hil zuela aitortu du Espainiako Gobernuak, eta eskubidea dagoela «bere memoria pertsonala, familiarra eta kolektiboa aitortzeko eta erreparazio morala lortzeko eta berreskuratzeko». Era berean, Irungo epaitegiak borondatezko jurisdikzioaren eskaera ere aurrera eraman du, izapidea onartuz. «Horrek ez luke xede gisa Zabalaren hiltzailea auzipetzea —Enrique Pascual guardia zibila, alegia—, baina bide emango lioke jazotakoen inguruko ziurtagiri judizial bat eskuratzeari; egia judiziala», idatzi zuen Josu Alberdi kazetariak berria egunkarian.
Bi eskaera horiek lortuta, udalei begira jarri zen GEBehatokia, Egiari Zor erakundearekin batera. Irungo Udalari eskaera argia egin zioten: Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentutik Meliton Manzanasen izena kentzea. 2015. urtean inauguratu zen monumentua, eta beste hainbat izenen artean dago torturatzailearena. «Ez dauka inongo logikarik Meliton Manzanas bezalako torturatzaile bat bertan egotea, eta Josu Zabalari haren herrian oraindik aitortza duin bat ez egin izana», esan zuen Egiari Zor fundazioak maiatzean. Hori ez ezik, Zabalak eta Manzanasek bazuten lotura bat, Josu Zabalaren aita Manzanasek torturatu zuelako, pistola bat buruan jarriz, mehatxuak eginez. Maiatzeko udalbatzan Irungo Udalak erabaki zuen Meliton Manzanasi dominak kentzearen alde egingo zuela.
Belaunaldi berrien ardura
Aitortza eta erreparazioa nahi dute Josu Zabalaren memoria lantzen dabiltzanek. Egiari Zor, GEBehatokia, Abotsanitz, Hondarribiko EAJ, Hondarribiko EH Bildu eta CCOO sindikatua daude Espainiako Gobernuari eta Irungo epaitegiei egindako eskaeren atzean. Baina erakunde ofizial eta politikoen atzean herria dago, eta herriak ere mugitzeko ahalmena eta nahia erakutsi ditu. Horren adibide da Hondarribiko gazteek aurten hartutako erabakia. Urtero, abuztua amaieran egiten den Gazte Egunari gai bat jartzen diote. Azken urtean gaztetxe baten beharra aldarrikatu zuten; duela bi Palestinaren askapena; eta duela hiru Irungo Harrera Sarearekin batera egin zuten kolaborazioa. Aurten, Josu Zabalaren hilketa izan da gaia. «Ardura bat dugula sentitzen dugu. Gure belaunaldietako jende askok ez daki zein zen Josu Zabala, eta zer gertatu zitzaion. Horregatik, transmisio hori egiteko lanketa batean sartu gara, gure ingurukoei haien herrian izandako gertaera garrantzitsu hau azaltzeko», azaldu dute Gazte Eguneko antolatzaileek.
Instagram bidez, hori baita gaur egun gazteengana hurbiltzeko modurik errazena, astero argitalpen berri bat egin dute gazteek. 1976. urteko irailaren 8a azaldu dute, xehetasunez, baina baita urte hartan Euskal Herrian zehar izandako aurrekariak, tentsio momentu latzak bizi izan ziren eta, hala nola Gasteizko martxoaren 3a edota Montejurrako erasoa. «Zabalaren hilketa gure gurasoek edota aiton-amonek kontatu digutelako dakigu batzuek, baina beste askok ez dakite ezer. Horren harira ere, egun horretan amnistiaren alde egin zuten manifestazioan, edota Perturren desagertzea salatu zuten. Zenbat gaztek dakite hori?», esan dute antolatzaileek. Gazte Egunean bertan, abuztuaren 29an, omenaldi bat egin zioten Zabalari.
Bihar (larunbata), 12:00etan eta San Pedro kalean, Zabala hil zuten tokian, herri omenaldia izango da. Bestalde, gaur Berria egunkarian Zabalaren gaineko erreportajea egin dute. Baliatu esteka hau hura irakurtzeko.

