Gizarte berdinzaleagoa eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko hamaika jarduera, udazkenean
Irungo Emakumeen Etxeak udazkeneko programazioa aurkeztu du; abendura bitarte, hiru ikastaro eta bederatzi tailer trinko antolatuko dituzte.
Irungo Emakumeen Etxeak udazkenerako aurreikusitako jardueren programazioa aurkeztu du. 2026-2027 ikasturtearen hasieran zer egiteko ugari izango dituzte Ahalduntze Eskolaren eta Eskola Feministaren bitartez. Guztira, hiru ikastaro eta bederatzi tailer trinko eskainiko dituzte, eta horien guztien xehetasunak eman ditu Maite Cortinak, Berdintasuneko eta LGTBIQ+ Eskubideetako ordezkariak. Jarduera hauen bitartez, ahaduntze indibiduala zein kolektiboa sustatuko dute, topagune berdinzallea sortzeko xedearekin.
“Irunen gizarte hobe bat eraikitzen laguntzeko zerbitzua eta jarduerak eskaintzea da gure helburua. Kontua ez da ikastaro eta tailer batzuk biltzen dituen programa bat osatzea bakarrik, baizik eta emakumeentzako topagune bat sortzea, sozializatzeko, saretzeko eta taldeak osatzeko”, adierazi du Cortinak. Bide batez, ordezkariak zehaztu du eskaintza zabalago bat osatzen ari direla, “gizonenganaino iristea nahi dugu, berdintasunezko gizarte baten eraikuntza ezin baita izan emakumeen egitekoa bakarrik”.
Irailetik abendura programatutako jarduereten jorratuko dituzten gaiak anitzak izango dira. Ahalduntze Eskolak hiru ikastaro eta sei tailer trinko eskainiko ditu. Ikastaroen artean, Karmele Gurrutxagak Dantzaterapia ikastaroa eskainiko du, bertan dantza eta mugimendu askea eta emakumeen barne bizitza landuko dituzte. Miren Camisonek Nigan pentsatzen: arrazoiaren eta emozioaren arteko elkarrizketa antolatuko du norberaren barne irizpidearekin konektatzeko eta begirada kontzienteago indartzeko. Azkenik, Osakidetzaren paziente aktiboa programaren barruan, Crsitina Bazek Zaintzeko neure burua zaintzen ikastaroa eskainiko du. Ikastaroa emakume zaintzaileek beren burua zaintzeko zuzenduta egongo da.
Bestalde, Irungo Udalak Irungo Emakumeen Etxea Elkartearekin duen elkarlanaren baitan, beste jarduera batzuk antolatuko dituzte: Zibersegurtasuna, Hezkuntza finantziarioa eta Zaindu zaitez. Gainera, urtero. antolatzen duten Elkarrizketa feministak zikloak jarraipena izango du, eta irailetik abendura lau hitzaldi antolatuko dituzte Emakumeen Etxean.
Udazkeneko programazioa osorik, hemen.
Izen ematea, gaurtik
Jarduerak eta ikastaroak hilabete honen amaieran hasiko badira ere, gaurtik hilaren 16ra izena emateko epea izango dute. Formularioa udalaren webgunearen bitartez betetzeko aukera izango dute, baita Emakumeen Etxean bertan ere. Emakume bakoitzak hiru ikastaro edota tailerretan izena emateko aukera izango du, eta Irunen erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Jarduera guztiak Emakumeen Etxean egingo dituzte, eta doakoak izango dira.
Tailerretarako plazak betetzen baldin badira, hilaren 17an, 10:00etan, zozketa publikoa egingo. dute izena eman dutenen artean. Aldiz, plazak betetzen ez baldin badira tailerra hasi baino astebete lehenagora arte aukera izango dute apuntatzeko, epea luzatuko baitute. Behin jarduera hasita, ezingo dute izenik eman.

