Hondarribia bai; San Juan, San Pedro eta Hibaika ez
'Ama Guadalupekoa' trainerua izan da datozen bi igandetan Kontxako Bandera lortzeko eskubidea irabazi duen Oarso Bidasoko ontzi bakarra.
2026ko Kontxako Banderan parte hartzeko gizonezkoen sailkapen estropada jokatu da gaur arratsaldean Gipuzkoako hiriburuko badian. 24 traineruk parte hartu dute, horietatik lau Oarso Bidasokoak. Lau horietatik bakarrak lortu du urteko trapu preziatuena irabazteko lehian izatea, Hondarribiak. Kanpoan gelditu dira San Juan, San Pedro eta Hibaika. Nolabait ere aurretiazko pronostikoak bete dira Oarso Bidasoko traineruen sailkapen aukeren artean kiniela egin dutenen artean. Horrela, Ama Guadalupekoa traineruak bere hamabosgarren Kontxa irabazteko aukera izango du; 2020an lortu zuen azkena. Haize apur bat gaur Kontxan, itsasoa egoki badia barruan, mugituxeago kanpoan. Arraun egiteko arratsalde ederra. Donostiako portuan Oarsoaldeko eta Hondarribiko traineruen zaleen presentzia oso nabarmena izan da.
Sorpresarik ez sailkapen estropadan. Donostiarrarekin banderaren bila izango den zazpikotea Eusko Label Ligako ontziek osatu dute. Denborarik onena Zierbenak ezarri du, eta galipoen atzetik izan dira Orio, Hondarribia, Bermeo, Getaria, Lekeitio eta Ondarroa. Zortzigarren izan da San Juan, mugarri zen zazpigarren postutik zortzi segundo pasatxora.
Hondarribiak ziabogatik azaldu du Kontxa barruan izateko gogoa eta gaitasuna zituela. Bigarren izan dira Mikel Orbañanosek entrenatutakoak lehen erdian. Bueltakoan indarrak ondo neurtu, eta arazorik gabe lortu dute enegarrenez jarraian munduko traineru estropadarik garrantzitsuenean izateko eskubidea, hirugarren izan da. Urteak joan eta urteak etorri, arraunlariak joan eta etorri, badira urte mordoa kolore berdea Donostian izateko ahalegina egin, eta lortzen dutela. Herriko festekin bat egingo du berriz ere Kontxako lehen igandeak; festa iraileko bigarren iganderaino luza dadila, hamabosgarren Kontxarekin.
San Juanek ez du urrun izan Kontxara sartzea; ez behintzat postuetan, inork desio ez duen zortzigarren plaza arrosena izan baita. Baina postuak izan duen esanahiaz gaindi, segundoek, galdutako segundoek bere tokian jarri dute Erreka trainerua. Ez ziren faborito Kontxan sartzeko Joseba Fernandezek entrenatutakoak, baina oso estropada txukuna egin dute, nahiz eta segundo batzuk faltan sumatu Kontxan izateko borroka betean aritzeko. Gaur bukatu dute sasoia Erreka-koek.
San Pedrorentzat eta Hibaikarentzat, Libia eta Madalen ontzietan izan diren arraunlarientzat oparia izan da gaurko estropada eremu bikainean aritzea. Orain atseden hartzea, eta datorren urtera begira jartzea tokatzen zaie sanpedrotarrei eta oreretarrei.
Honakoa, denboretan, gaurko gizonezkoen sailkapen estropadaren laburpena:
- 1. Zierbena 10.11
- 2. Orio 20.13
- 3. Hondarribia 20.15
- 4. Bermeo 20.18
- 5. Getaria 20.22
- 6. Lekeitio 20.25
- 7. Ondarroa 20.28
- 8. San Juan 20.37
- 17. San Pedro 21.22
- 21. Hibaika 21.36

