Euskal Jirak trafikoan eragina izango du
Bihartik, hilak 7, igandera bitarte, Erdialdeko kaleetan trafiko aldaketak izango dira; Irunbus zerbitzuak ere hainbat aldaketa izango ditu.
Bihartik, hilak 7, igandera bitarte, Irungo Euskal Jira antolatuko dute. Hori dela eta, hiru egunotan trafikoan hainbat aldaketa izango dira, batez ere, Erdialdeko kaleetan. Egitarau oparoa antolatu dute aurtengo ediziorako eta jarduerak horiek aurrera eramateko ezinbestekoa izango da eten partzialak egitea trafikoan.
Bihar, erraldoien eta buruhandien desfilea dela eta, 17:40tik 20:00etara Urdanibia plazan, Salis etorbidean eta Juncal, Santiago, Eskolak, Fermin Calbeton, Foruak, Nagusia eta San Martzial kaleetan trafiko etenak egingo dituzte; baita Kolon pasealekuan eta Urdanibia plazan errepidea zeharkatzeko ere.
Larunbatean, berriz, trafiko aldaketak goizean goizetik izango dira, hainbeste jende biltzen duen Euskal Jirako konpartsen desfilea egin ahal izateko. 9:30etik aurrera, Gibeanakako biribilgunetik Zubimuxu biribilgunerako sarbidea itxiko dute. 10:00etatik aurrera ibilgailuek ezin izango dute Urdanibia plazara sartu Eguzkitzako ibarra, Prudencia Arbide, Dolores Salís, Santa Elena, Pelegrin de Uranzu, Korrokoitz, Juncal eta Papinea bideetatik. Larreaundi auzorako sarbidea Euskal Herria etorbidetik bakarrik egingo da. 11:00etatik aurrera, Uranzu kaletik Urdanibia plazarako sarbidea ere itxiko da, eta trafiko guztia Nafarroa etorbiderantz bideratuko da. Hondarribia kalea, Kolon pasealekua eta Gipuzkoa hiribidea ere itxiko dituzte 10:50ean, desfilea amaitu arte.
Aparkalekuei dagokienez, Kolon pasealekukoak aldaketak izango ditu 10:50etik aurrera. Aparkalekurako sarrera Gipuzkoa etorbidetik egin beharko dute; irteera, berriz, Joaquin Gamon eta Pikoketa kaleetatik.
Igande eguerdian Urdanibia plaza herri kirolen plaza bihurtuko da, Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa eta Emakumezkoen Trontza Txapelketa egingo baitute. Hori dela eta, Urdanibia plaza inguruko kaleetako zirkulazioa etenda egongo da, 09:00etatik 14:30era.
Irunbus, aldaketak
Larunbatean, L1 Zaisa-Ospitalea lineak aldaketak izango ditu, 10:45etik 13:00etara. Zaisarantz autobusek ohiko ibilbidea egingo dute Monte Aldaberaino. Bertan, GI-636 saihesbidea hartuko dute Osinbirileko biribilguneraino. Kontrako noranzkoan, Ospitalerantz, Fermin Calbeton kaletik Nafarroa hiribidea jaitsiko dute eta GI-636 errepidetik Zubimuxuko biribilguneraino joango dira. L2 San Juan-Katea lineak Fermin Calbeton kalean egiten duen geralekua Elizatxo kalera (Sindikatuaren aurrean) lekualdatuko dute, 11:00etatik 13:00etara. Eta, L4 San Juan-Anzaran-Olaberria lineako Fermin Calbeton kaleko geltokia Elizatxo kalera (Olibondoen biribilgunea) lekualdatuko dute. 11:00etatik 13:00etara Anzaranen zerbitzua kenduko dute.
Igandean, 09:00etatik 14:30ak arte San Juan Langile eta Urdanibiako geltokiak ez dira erabilgarri izango. Lineek ez dute aldaketarik izango euren ohiko ibilbideetan.

