Abuztuaren 7tik 9ra egingo dute aurtengo Euskal Jira
Urdanibia plaza 46. edizioko erdigunea izango da; aurten, udalak bere gain hartu du Euskal Jira antolatzeko ardura.
Irungo Euskal Jirak 46 urte beteko ditu aurten. Abuztuaren 7tik 9ra bitarte, musika, dantza, herri kirolak eta haurrentzako jarduerak antolatuko ditu udalak hiru eguneko egitarau zabalaren baitan. Orain arte, Euskal Jira Elkarteak jaiak antolatzeko ardura zuen, eta gorabehera batzuk medio udalak bere gain hartu du Euskal Jira antolatzeko ardura. Apirilean eman zuten ardura aldaketaren berria, eta udalak hasieratik argi adierazi zuen Euskal Jira bermatuta egongo zela. Gaur egin dute 46. edizioaren aurkezpena Urdanibia plazan, beste urte batez, Urdanibia plaza izango baita Euskal Jiraren erdigune. Hemen egunez eguneko egitaraua kontsulta daiteke.
Euskal Jira Elkarteak oztopoak izan ditu azken urteetako edizioak antolatzeko, eta aurtengoari begira udalarekin hainbat bilera egin ondoren, udala eta elkartea Euskal Jira antolatzen jarraitzeko akordio batera heldu ziren. Gauzak horrela, udalak edizio honen koordinazioa hartu du bere gain, aurretik inplikatuta dauden erakundeen eta kolektiboen laguntzarekin.
Euskal Jiraren barruan, jarduera ugari antolatuko dituzte. Horien artean jende gehien biltzen duena Euskal Jiraren desfilea da, abuztuaren 8ko goizean egingo dena. Aurten bederatzi gurdik parte hartuko dute: Irungo Euskal Jira, Hendaia, Behobiako Auzo Elkartea, Meakako Auzo Elkartea, Kemen Dantza Taldea, Santiagoko Auzo Elkartea, Landetxa Auzo Elkartea, Foro Irun XXI – Hogeitabat, eta Los Trankilos. Desfileak Erdialdeko kaleak hartuko ditu; Letxunborro hiribidetik hasita Urdanibia plazaraino.
Asteburua borobiltzeko igandean, abuztuak 9, 11:30ean hasita, herri kirolek Urdanibia plaza hartuko dute. Gipuzkoako gizonezkoen Pentatloi Txapelketa eta emakumezkoen Trontza Txapelketa egingo dute. Pentatloian honako kirolari hauek parte hartuko dute: Andoni Iruretagoiena, Xabat Olaizola, Jokin Urretabizkaia eta Iñigo Zabala. Lau kirolari hauek harri jasotzea, giza proba, aizkora proba, txingak eta bi kilometroko lasterketa egin beharko dute. Trontzan, berriz, 10 enbor ebakitzen honako bikote hauek arituko dira: Malen Barrenetxea – Aitziber Martiarena, Ane Urresti – Jone Uria, Naiara Peñagarikano – Naia Zubillaga eta Maitane Lasarte – Ainhoa Otaño.
2026ko Euskal Jiraren egitaraua
Abuztuak 7, ostirala
- 17:00 – Haurrentzako jolasak Urdanibia plazan, Santiagoko Deabruak elkartearen eskutik, 20:00ak arte.
- 17:00 – Puzgarriak Urdanibia plazan, 20:30era arte.
- 17:45 – Irungo Atsegiñaren erraldoien desfilea. Hau izango da ibilbidea: Urdanibia plaza, Eguzkitzaldea kalea, Ama Birjina Mirarietakoa kalea, Ama Xantalen egoitza, Dolores Salís kalea, Santa Elena karrika, Urdanibia plaza (atsedena), Kontrakalea, Zeharkarrika, Larretxipi kalea, Jesus karrika, Prudencia Arbide kalea, San Juan plaza, San Martzial kalea, Sargiako parkea, Larretxipi karrika eta Urdanibia plaza.
- 18:00 – Urdanibia plazako saltokiak irekiko dira (taloak, pintxoak…).
- 18:00 – IGA Abesbatzaren ekitaldia Ama Xantalen egoitzan.
- 19:00 – Kantu Jira egingo da Ospitale Zaharreko lorategian, Jeiki Hadi taldearen eskutik.
- 21:30 – Burrunba elektrotxarangaren kontzertua Urdanibia plazan.
Abuztuak 8, larunbata
- 08:30 – Jostailu Dultzainero Taldearen diana. Hau izango da ibilbidea: San Juan plaza, Karrika Nagusia, Foru kalea, Colon ibilbidea, Fermín Calbetón kalea, Oiasso Museoa, Erromes plaza, Junkal plazatxoa, Urdanibia plaza, Larretxipi kalea, Sargiako partea, San Martzial kalea eta San Juan plaza.
- 09:00 – Txalaparta egingo da hiriko hainbat puntutan, Urdanibia plazatik hasita.
- 10:00 – Urdanibia plazako saltokiak irekiko dira (taloak, pintxoak….
- 10:00 – Eraiki Dantza Taldearen emanaldia Urdanibia plazan.
- 11:00 – Euskal Jira. Honako ibilbide hau jarraituko du: Letxunborro hiribidea, Hondarribia kalea, Colon ibilbidea, Jenaro Etxeandia plaza, Foru kalea, Karrika Nagusia, San Juan plaza, San Martzial karrika, eta, azkenik, Urdanibia plaza.
- 12:30 – Puzgarriak egongo dira Ospitale Zaharreko lorategian, 14:30era arte.
- 12:45 – Irungo Txistulari Taldeak “Agur Jaunak” eta “Gernikako Arbola” musika-piezak joko ditu, eta, jarraian, ekitaldi labur bat egingo dute Irun Hiria Musika Taldearekin batera.
- 12:45 – Euskal Jiran parte hartu duten gurdien erakusketa, 18:00ak arte.
- 13:00 – Jaiki Hadi Taldearen mutxikoak, Urdanibia plazan.
- 16:00 – Los Akordeones de Iñaki Dieguez taldeak joko du Urdanibia plazan eta inguruan.
- 17:00 – Puzgarriak egongo dira Ospitale Zaharreko lorategian, 20:00etara arte.
- 18:30 – Erromeria Urdanibia plazan, Kemen Dantza Taldearen eskutik.
- 20:00 – Ahantzi Erromeri Taldearen kontzertua.
- 22:00 – Gora Herria Taldearen kontzertua.
Abuztuak 9, igandea
- 11:30 – Gipuzkoako gizonezkoen Pentatloi Txapelketa eta Gipuzkoako emakumezkoen Trontza Txapelketa, Urdanibia plazan.

