2026ko Jaiek badute kartela
Yoana Mintegi irundarrak diseinatu du, eta Alardearen amaieran egiten den Zapateroa irudikatu nahi izan du.
Yoana Mintegi Castro irundarrak diseinatu du 2026ko Hondarribiko Jaietako kartela. Festak ospatzen izena du lanak, eta bertan lagun talde bat ageri da, alardez jantzia, eta Hondarribiko Alde Zaharreko silueta atzean dutela. Alardea amaitzeko egiten den Zapatero jaitsiera da irudikatu nahi izan duena. 12 proposamen aurkeztu dira aurten, eta epaimahaikideek berriro ere aurkeztutako lanen maila altua nabarmendu nahi izan dute.
“Jendea saltoka, elkarrekin ospatzen eta jaiaren azken une horretaz gozatzen irudikatu nahi nuen”, adierazi du Mintegik. Artistak adierazi du ez zuela batere espero jasotako saria, eta harentzat ohore handia dela horrelako egun markatuetan haren lana izatea erakusleiho nagusia. Epaimahaia Idoia Seijok, Tzane Carrillok, Oaya Albizuk eta Javier Sagarzazuk osatu dute.
“Diseinuari dagokionez, estetika sinple eta garaikidearen alde egin du irundarrak, horrexegatik erabili ditu kolore lauak eta xehetasun gutxiko konposizioa. Horrela, irudi garbi eta indartsua lortu nahi izan du, Hondarribiko berdea eta Alardearen gorria ardatz hartuta”, esan du Hondarribiko Udalak. Pixkanaka, herriko kaleetan ikusten hasiko da lana, eta noski, sare sozialetan.
Irailaren 6an hasiko dira jaiak, urtero moduan, baina lehenagotik programazio anitza izango du herriak. Bentako kontzertuak, adibidez, irailaren 4an hasiko dira, eta urtero moduan, abuztuaren azken larunbatean herriko gazteek Gazte Eguna ospatuko dute.
Bigarren postuan Martin La casta Aranburu izan da Figuras lanarekin, eta hirugarrenean Maore Tolosa Peña, Gonak proposamenarekin.

