"Perturren desagerpen behartuak, egia, justizia eta erreparazioa behar ditu"
Aurten 50 urte bete dira Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' desagerrarazi zutenetik, gaur goizean haren oroimenezko ekitaldia egin dute Etorbidea zubian.
50 urte pasa dira Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur desagerrarazi zutenik, eta oraindik ez dute desagerpenaren arrastorik topatu. 1976ko uztailaren 23an azken aldiz bizirik ikusi zuten Irungo Etorbidea zubian, eta ordutik haren pista galdu zuten. Haren desagerpenaren 50. urteurrenean Perturren senide eta lagunek omenaldia egin diote Etorbidea zubian, 12:00etan hasita. Bertan, ehunka lagun izan dira egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko. “Bidasoa ibaian elkartu gara hatxerik gabeko egia aldarrikatzeko. 50 urte dira Pertur desagerrarazi zutela, badira usteak, badira hipotesiak, badira informazioak eta norberak jakingo du non kokatzen duen burua eta zein hipotesiri ematen dion sinesgarritasuna”, halaxe hasi du ekitaldia Xabier Euzkitze kazetari eta bertsolariak. “Euren senideak, lagunak eta Euskal Herriak Perturren desagerpenaren egia behar du, jakin nahi du”.
Ekitaldiaren helburua argia da: egia aldarrikatzea. Ekitaldiari hasiera emanda, Petti abeslari beratarra abestia eskaini du: Irrintzi bat entzun ezpataren aurrean, oskorria zabaltzen da euskaldunen lurretan. Jarraian, Pertur. Egia nahi agiria irakurri dute, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. “1976an, diktadura frankistatik erregimen demokratikorako bidean zenbait zantzu zabaltzen ari zirenean, norbaitzuek errotik eten zuten Eduardo Moreno Bergaretxe Perturren ibilbide pertsonala eta politikoa, desagerpen behartua izan zen, hots, desagerraraztea”. Memoria bizirik dirauela aldarrikatu dute, behingoagatik, beharrezko datu eta probak eskatu dituzte senideek. Ordutik, senide eta lagunek memoria ahantzian erori ez dadin urrats garrantzitsuak eman dituzte, baina benetako egiaren zain daude oraindik.
“Memoria demokratikoaren 2022ko legeak hitzaurrean honako hau dio: Memoria demokratikoari buruzko politika publikoek gizarte zibilaren helburuak jaso eta bideratu behar dituzte, herritarren parte hartzea eta gizarte hausnarketa sustatu behar dituzte, eta indarkeria intolerante eta fanatiko ororen biktimen duintasuna erreparatu eta aitortu behar dute”, azaldu dute. Honela, instituzio publikoei dei egin diete esku hartu dezaten eta beharrezkoa den informazioa eskaintzea eta argitzea, anonimotasunean bada ere. “Perturrek frankismoaren aurkako eta Euskadiren askatasunaren aldeko borrokan bete zuen papera aitortu nahi dugu. Izan ere, hori lagungarri da hobeto ulertzeko zein testuingurutan erabaki zuen norbaitek Pertur akabatzea, bahituz eta desagerraraziz”.
“Gertatutakoaren egia ezagutu nahi dugu. Eduardoren duintasunari zor zaio, familiari zor zaio eta euskal gizarteari zor zaigu. Perturren desagerpen behartuak egia, justizia eta erreparazio eskatzen ditu. Gizarte bidezko batean elkarbizitzak behar duen agindu etikoa osatzen duten printzipioak dira, ezkutuan dirauen egia ezagutu nahi dugu eta egia hori botere publikoei zuzen zuzenean itauntzen ari zaie 50 urteotan. Egia, besterik gabe egia”, amaitu dute.
50 urte ondoren, galdezka
Andoni Egaña eta Jon Sarasua bertsotan izan dira Perturren senide eta lagunen begiradapean. Mezu argia zuten bertsoek eta bertaratutakoen begietan malkoak izan dira. Galderak, eta datu eta informazioa falta dela azaleratu dituzte bi bertsolariek. “Urte bat joan zen, gero beste bat, mende erdia azkenean. Jakin min hori iltzatua da, horrenbeste barrenean. Inoiz herdoilik ez baita sortzen jakin mina ez denean, iruditzen zait denok gaudela jakintza askatasunean. Galdera hainbat bider eginda, erantzunik ez denean”, kantatu du Egañak.
Perturren senideek lore sorta jaso dute, eta haren omenezko irudiaren ondoan oroimenerako argazkia atera dute. Dantza ez da falta izan, eta dantzariek agurra eskaini diete Perturren senide eta lagunei. Ekitaldiari amaiera emateko Pettik mikrofonoa hartu eta lau haizetara Xalbadorren heriotzean kantatu du, bertaratutakoen laguntzaz. Estribiloan dezibelioek gora egin dute, eta denok batera Non hago zein larretan oihukatu dute. “Begietan malkoak, ahotan egia”, hala definitu daiteke gaur goizean egindako ekitaldia.
Jarraian, omenaldiak utzitako argazkiak.

