"Artaldetik kanpo bizitzea oso gogorra da"
LGTBIQ+ Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Eguna da etzi, eta Hondarribian ere bada zer ospatu. Gaur hasiko dute ospakizuna, Kasino Zaharrean, eta bertan izango da Weber.
Igandean izango da LGTBIQ+ Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Eguna. Hondarribian gaur hasiko dira ospakizunak, eta Monika Weberrek emango du pregoia Kasino Zaharrean. Harekin izan da HITZA.
Poza, beldurra, lotsa, gogoa, amorrua… zer dator pregoiaren opariarekin batera?
Berdintasun sailetik deitu zidaten, Sarak, Berdintasun teknikariak. Badirudi Berdintasun Mahaiak proposatu nauela pregoia emateko, eta egia esanda, hasieran ez nuen nahi. Ez zaizkit horrelako gauzak gustatzen, nahiko lotsatia naiz eta. Baina era berean amatxo Moni naizen heinean, nire seme-alabentzako eredu bat naiz, eta haiengatik erabaki dut baiezkoa ematea. Beraz, bertan izango naiz, LGTBIQ+ eguneko pregoia bertan direnei helarazten.
Urteak dira egun hau ospatzen dela, eta jendeak badu jada erreferentzia moduan. Baina zure ustez, ematen zaio eman beharreko garrantzia?
Nik uste lehen aldiz egin zenetik gaur arte asko aldatu dela programazioa. Aurtengo kartela begiratzen baduzu, denetarik duzu. Zinema, musika, denentzako programazioa… Dudarik gabe handitzen doan eguna da. Gainera, aurten ez da soilik egun bateko gauza, gehiago luzatuko baita.
Hobekuntza horrek irudikatzen du Hondarribia, herri moduan, badoala aurrera berdintasunaren aferan?
Hori espero dut. Nire pregoian kontatuko dudan moduan, nire bizipenak ez dira onak izan. Bereziki, nire anaia jartzen dut pasarte txar horien erdigunean, bera jipoitua izan baitzen, gaizki tratatua. Azkenean hemendik alde egin behar izan zuen, 23 urterekin, desberdina zelako eta maitatzeko beste modu bat zuelako. Gaur egun, behintzat, ez dut horrelakorik ikusten herrian, eta gertatuko balitz, uste dut badagoela protokolo sistema antolatu bat horri aurre egiteko.
Aurrera goaz, baina oraindik bidea luzea da?
Pixkanaka aurrera goaz, eta pausuak eman dira. Beti baikorra naiz, eta beti begiratzen dut aurrera. Ikusita nire iragana zein beltza izan zen, eta zenbat sufritu genuen, aurrera begiratzea da irtenbide bakarra. Nire anaiari eta niri los cambiaus deitzen ziguten eskolan, eta saiatzen ziren era askotara gu iraintzen. Baina uste dut pertsona gogorra naizela, arazoak ez ditut gustuko, baina beti mantendu naiz nire anaiaren ondoan.
Egun honetako pregoilariak ikusirik, eta herriko LGTBIQ+ erreferenteak ikusirik, antzematen da 40 urtetik gorako jendea zaretela. Atzetik ba al datoz belaunaldiak berdintasunaren aldeko borrokaren gogoa barnean dutenak?
Bai, noski. Gaur egungo gazteak, gainera, niri pertsonalki sekulako inbidia ematen didate. Etiketarik gabe jaio dira, haien jarrera ere etiketarik gabekoa da, gaur A dira eta bihar B. Askatasun hori oso polita da, eta haien aldetik, uste dut generoa jada ez dela gauza hain garrantzitsua lehen izan zitekeen moduan.
Irakaslea zara. Hezkuntzatik, berdintasuna jorratzen da?
Uste dut hezkuntzan lanketa sakona egin behar dela. Gutxitan jorratzen dira horrelako gaiak, eta askotan, zuzenean, ez dira lantzen. Nire ikasleekin landu izan dut zer pentsatzen duten, zer sentitzen duten, zein generorekin jaio diren, eta noski, nola nahi diren haiek definitu. Gaztetatik barneratu behar ditugu kontzeptu horiek, eta ulertu behar dugu pertsona bat ez dela A edo B, baizik eta agian biak batera. Hezkuntza sisteman ez dira horrelakoak lantzen, eta pena bat da. Ezin dugu utzi hau ekainaren bukaerako egun bat izatea soilik. Gainera, data hauetan jada eskolarik ez dugunez, ez da bertan lantzen.
Instituzioen aldetik ere soilik egun horretan kondenatzeko asmoa ikusten duzu?
Etengabean aldarrikatu behar dugu, eta gogorarazi behar dugu badaudela beste hainbat pentsatzeko modu. Egunerokoan landu behar dugu, eta hori denok badakigu, baina ekin behar diogu horri. Nire ustez ez dugu barneratua edonor maite dezakegula, edonor izan daitekeela gure lagun, eta edonor onartzen dugula… Badago zer egin. Nire koadrillan ez dut inoiz azaldu behar izan zer naizen, zer sentitzen dudan. Monika naiz haientzat, eta ez zitzaien axola norrekin ibiltzen nintzen edo zein muxukatzen nuen.
Oraindik ikusten al dituzu duela 200 urte moduan pentsatzen dutenak?
Hor, nire ustez, gako handia zure jaioterria da. Ez da berdina herri txiki batean jaiotzea edo hiri handi batean. Hemen pribilegiatu bat sentitzen naiz, nire inguruan ez ditudalako horrelako jarrerak ikusten, baina herri txikiago eta itxiago batean biziko banintz, bada agian izango lirateke beste modu batera pentsatzen dutenak. Herri batean ez bada gauza arrunta eta ez badago askatasunik horretaz hitz egiteko, ez da inoiz ezer normalizatuko. Burura etortzen zait ere trans mundua, jakinda zenbat eta zenbat sufritzen duten.
Zure kuadrillarekin zortea izan duzu, baina oraindik ikusten dituzu duela 200 urte moduan pentsatzen dutenak?
Hor, nire ustez, gako handia zure jaioterria da. Ez da berdina herri txiki batean jaiotzea edo hiri handi batean. Hemen pribilegiatu bat sentitzen naiz, nire inguruan ez ditudalako horrelako jarrerak ikusten, baina herri txikiago eta itxiago batean biziko banintz, bada agian izango lirateke beste modu batera pentsatzen dutenak. Herri batean ez bada gauza arrunta eta ez badago askatasunik horretaz hitz egiteko, ez da inoiz ezer normalizatuko. Burura etortzen zait ere trans mundua, jakinda zenbat eta zenbat sufritzen duten.
Sare sozialak, berdintasunaren eta normalizazioaren aldeko tresnak ala arriskuak?
Asko hitz egiten da sare sozialei buruz. Pertsona batek bere familia, bere gurasoak, alboan baditu, goxotasun batekin hezi badute, bide onetik joango da seguruenik. Ezin dugu beti errua kanpora bota. Nire ustez dena dator etxetik, eta hor dago gakoa. Gainera, sareetan asko ikas dezakegu. Nik, adibidez, asko disfrutatzen dut, eta badakit arraroa izan daitekeela, First dates telebistako programarekin. Asko ikasten dut, bertara doazen pertsona askok niretzako kontzeptu berriak direnak aipatzen eta azaltzen dituztelako. Nik jada gaur egungo LGTBIQ+ munduko hiztegia ez dut ezagutzen, eta horrelako gauzak baliatzen ditut ikasteko.
Iritsiko da punturen bat non normalizazioa gailenduko den eta ez dugun ezer izango aldarrikatzeko?
Beti aldarrikatu behar da, beti izango dugu zerbait aldarrikatzeko. Hobetzeko aukera beti dugu hortxe, eta baliatu behar dugu. Denongatik borrokatu behar dugu, eta guri eragin zuzena ez izan arren, agian munduko beste punta batean badu eragina. Ordezkatzen ditugun sigla horiek jende asko englobatzen dute, eta denen alde jokatu behar dugu.
Erreferente handi bat izan duzu zuk beti.
Hala da, nire ama. Zorte handia izan genuen anaiak eta nik, gure ama oso aurrerakoia izan baitzen. Ez zizkigun estereotipoak transmititu, askatasunarekin hezi gintuen. Beti egon ginen artaldetik at, berarentzat Monika eta Tomy ginen, eta kito. 1940ko hamarkadan jaio arren oso modernoa izan zen beti, eta aurrera begira bizi zen. Errespetua barneratu zigun txikitatik, edozeinekiko errespetua.
Oraindik ere artaldetik kanpo bizi zara?
Bai, ez naiz inoiz artaldeko kide izango. Nire seme-alabak ere horrela hezi ditut betidanik, haiek erabaki dezaten zer eta nolakoa izan. Artaldetik kanpo bizitzea oso gogorra da, eta nerabezaroan askoz gehiago. Horregatik, beldurrak edota minak bultzaturik jendeak eredu horiek jarraitzen ditu, artaldean gelditzen da. Begiak ireki behar ditugu, errespetuak gailendu behar du. Nire ustez, Hondarribian Osakidetzak paper bat sinatu beharko lioke institutua bukatzen duen gazte orori, esanez behartuta dagoela urte batez herritik kanpo ateratzera, mundua ezagutzeko, eta beste hainbat gauza ezagutzeko. Gure herria maitatu nahi badugu, kanpora begiratu behar dugu lehenik eta behin.

