CAFek Israelekin duen konplizitatea salatzeko kalera atera dira
BDZk deituta, CAFek Jerusalemgo tren ertainaren proiektuaren aurkako elkarretaratzea egin dute, San Juan plazan.
'Gerra eta genozidioekin kolaboraziorik ez!' lelopean bildu dira.Gorka Correyero Llamas Ugariak dira azken egunotan BDZk deitutako mobilizazioak, eta berriro ere herritarrek kaleak hartu dituzte Israeli boikota adierazteko. Gaurkoan, CAFek Israelekin duen konplizitatea salatzeko bildu dira hamarnaka lagun San Juan plazan. Euripean egonda ere, mezu argia zabaldu dute: “Israel hiltzaile, CAF laguntzaile”.
Bildutako herritarrekin batera, Sol Band taldeko kideak ere izan dira, eta Txoriak Txori abestu dute, herritarren laguntzarekin. Elkarretaratzea aprobetxatuta, kufijak, pinak, txapak eta Palestinako banderak saltzen aritu dira musikariak.
Enegarrenez, Trumpek eta Netanyahuk zuzentzen duten munduko ordena salatu dute, alegia, inperialismoa. “Israel eta AEB gelditzen ez baditugu, inpunitate osoz jarduten jarraituko dute. Palestina, Libano zein Irango herriari elkartasuna adieraztea Israeli boikota egiteko kanpainarekin bat egitea da”, azaldu dute. Behingoagatik Israelgo estatuari zigorrak ezartzeko deia egin dute. “Jordan ibaitik Mediterranear itsasora estatu bat edukitzeko eskubidea babestu behar dugu”.
Elkartasun aktiboa eskatu dute, eta enpresa orok, baita CAFek ere, Israeliekin duen harremanak etetea. “Israelekin kolaboratzea gerrarekin kolaboratzea da. Zoritxarrez, CAFek Israelgo estatuarekin kolaboratzea aukeratu du”. Urteotan, Jerusalemgo tren ertainaren proiektuan dihardu CAFek, eta hala egiten jarraitzen du. Apartheidaren trena dela ozen adierazi dute BDZko kideek.
Bestalde, aurreko asteburuan Irunen antolatutako OCR Europako Txapelketan bizitakoa gaitzetsi dute. “Israeldarrak kirol probetan zeuden bitartean euskal kirolariak deskalifikatuak izan ziren Euskal Selekzioko kamisetarekin parte hartu nahi izateagtik”. Hori gutxi ez, egoera salatu nahi izan zuten hainbat kide identifikatuak izan zirela adierazi dute.
“Gogoratu behar da Itay Woolf gazako genozidioan parte hartu zuen israeldar soldadua bigarrena izan zela OCRko Europako Txapelketam”. Hori dela eta, agintariek adierazpenak eman ditzatela exijitu dute berriro ere.
Gaurko mobilizazioaz gain, datorren larunbatean, hilak 13, Beasainen egingo duten mobilizazioan parte hartzeko gonbita egin diete herritarrei.
Jarraian, HITZAk gaurko elkarretaratzean ateratako argazkiak:

