Maasti errekak bustitako errota geldiak
Goikoerrota baserria izan zen asteazkenean protagonista, Itsas Etxean proiektatutako dokumental baten bidez. XX. mende erdialdean erosi zuen udalak, eta orain, berreskuratzeko asmoa du.
Goikoerrota baserria, artxiboko irudi batean. Lander Etxedona, dokumentalaren zuzendaria: “Goikoerrotarekiko dugun ezjakintasuna handia da; balioan jarri behar dugu”
Goikoerrota hortxe dago, Maasti errekaren ondoan. Orain, hutsik. Baina bizitzaz beteriko lekua izan da. Bizitza hori berreskuratzea zaila izango da, baina udalak ahaleginak egin nahi ditu espazioa irekitzeko. Horren harira, dokumental bat osatu dute Lander Etxedonak eta Telmo Basterretxeak.
Dokumentala egiterakoan, alde emozionala edo informatiboa helaraztea bilatu duzue?
Nik uste kasu honetan biak uztartzea lortu dugula. Alde batetik, Aranzadiko zientzialariei esker informazioa jaso dugu, bai Goikoerrotakoa eta baita ere bere inguruko landaredi guztiarena. Biologoak eta arkeologoak izan ditugu horien artean. Gero, bizilagunekin aldiz, alde sentimentala bilatu dugu. Deskontestualizatu ezkero, azken finean eraikin bat da, eta elkarrizketak egiterakoan, bi bizilagunek hala deskribatzen zuten, beste edonolako baserri baten moduan. Zulo bat zela adierazten ziguten, haientzako ere bizitza gogor baten irudikapena baitzen. Baina halere, ondarea da, eta ondarea babestu beharreko zerbait da.
Alde sentimentalari begira, adibidez, ez da kasualitatea Anais Mitxelena bezalako pertsona bat bertan izatea. Aranzadiko biologoa da bera, baina Hondarribiarra izanik, hurbiltasun gehiago eragiten du dudarik gabe. Hitz egiterakoan ere, nik uste badagoela Hondarribiko kutsu hori, eta horrek ukitu humanoagoa ematen dio. Azken finean dokumental bat egiterakoan, zerbait transmititu nahi dugu, eta horrek erabakiak hartzera behartzen gaitu. Dugun testigantza batek ez badu ezer transmititzen, informazioa ez bada garrantzitsua eta jarrera hotz bat baldin badauka, ba seguru aski ez dugu harekin asko kontatuko.
Dokumentazio lan bat dago horrelako edozein ikus entzunezkoren atzean. Nolako prozesua izan da?
Gehien bat Telmo egon da horretan. Udalaren aldetik kontaktuak jaso ditugu, eta haiek azaldu digute norekin hitz egin genezakeen. Elkarlanean oinarritu dugu lan hau. Azken finean, elkarrizketak dira dokumentalaren oinarri handiena, eta bertatik jaso dugu beharrezko informazioa.
Ikusleari begira, zer transmititu izan nahi duzue?
Nik uste bakoitzak bere erreakzioa izaten duela horrelako momentuetan. Ez dut uste helburu generiko bat dugunik horri begira, baina ukitu asko daude, eta jende anitz askori deitu ahal dio atentzioa. Fikzioan ez bezala, bizirik dauden piezak dira horrelakoak. Norbaitekin elkartzerakoan eta honetaz hitz egiten hasterakoan, edozein gauza berri atera daiteke, eta horrek eduki guztiari eragin diezaioke. Nire ustez, honekin batera herri galdeketa bat egitea beharrezkoa da.
Hondarribiarrek ahaztuta duten zerbait da Goikoerrota?
Ni kanpoan bizi naiz, eta Hondarribira hurbiltzerakoan, lagunek eta ingurukoek galdetzen didate ea zertan nabilen lanean. Azaldu izan diet, Goikoerrotari buruzko dokumental txiki batean nenbilela, eta haien erreakzio beti da berdina. Goikoerrota ez da presente duten zerbait herrian, eta aipatzerakoan, oroitzapenak datoz burura, eta horrela orduak eman ahal dituzu aspaldiko garaiez hitz egiten.
Agian horrelako ondarea baloratzen ez dugula da?
Bai bai, erabat. Ni kanpora joan nintzen bizitzera, eta itzultzen naizen bakoitzean, kotxean Hondarribiko sarreran kartela ikusten dudanean barnean dena mugitzen zait. Gauza asko ditugu herrian, ondare handia, eta natur gune asko, eta ez ditugu baloratzen. Goikoerrota bai ahanzturan dugula, baina ezjakintasunak ere protagonismo handia du hor. Alde zientifiko eta historikotik oso gutxi dakigu.
Telmo eta zu hondarribiarrak zarete. Dokumental hau kanpoko norbaitek egingo balu, ezberdina izango litzateke?
Dudarik gabe. Hara joaterakoan oroitzapen asko iristen zaizkigu burura, han pasatako denborak. Aitarekin joaten nintzen bertara, eta hartako garai on horiek gogoratzea beti da ariketa goxoa. Adibidez, lan hau egiterakoan asko gogoratu naiz Kantinaz. Azken finean, hurbileko zerbait dugu, eta aspaldi bertan izan ez garen, gure herriko nortasunaren parte da.
Gertakari edo pertsona bati buruzko dokumental bat egiten denean, protagonistak badu dinamismoa. Eraikin bat protagonista denean, hau da mugitzen ez den zerbaiti fokua jartzerakoan, nola kudeatzen da lana?
Konparaketa bat egin beharko banu, hildako norbaitez hitz egiten dugunean bezalako zerbait dela esango nuke. Bizitza izan duen zerbait da, eta hortik tiratu behar dugu. Alde teknikoari begira, adibidez, mugimendu leunak eta geldoak erabili ditugu, iruditeria goxoa izateko xedearekin. Errekurtso planoen eta elkarrizketen artean dinamika sortzea eta biak uztartzea lehenetsi dugu.
Telmo Basterretxea, dokumentalaren zuzendaria: “Bertan bizi zirenek nostalgia gutxirekin oroitzen dute”
Bizilagunak eta Aranzadiko kideak elkarrizketatu dituzte, besteak beste, dokumentala egiteko. Batzuentzat, leku kuttuna da, ondare historiko handiko tokia. Baina beste batzuk bizitza gogorraren irudi moduan ikusten dute Goikoerrota, eta ez bereziki iritzi onekin.
Historia asko duen tokia da Goikoerrota ezta?
Erabat. XV. mendean eraikitako errota da. Hondarribiko dirudun familia batek eraiki zuen, Maasti errekako ura kalitate handikoa eta emari ugarikoa baitzen. Hainbat familiak egin zuten bertan lan, beti ere baserria eta errota familia dirudun batena izanez. Azken finean, negozio bat zen, eta fabrika baten moduan funtzionatzen zuen. Erdikoerrotako azken errotariaren testigantza jaso dugu dokumentalean, eta bitxia iruditu zait nola haren funtzionatzeko sistema berdina zen, hau da, Erdi Aroko berdina, dirudun baten errotan bizi zen familia langile batena. 1950. hamarkada inguruan udaletxeak eraikina erosi zuen, eta hortik 40-50 urtetara erreforma egin zen. Ondoren, aterpetxe bat egin zen bertan baina azkenean ateak itxi zituen.
Udal artxiboan informazioa bilatzen hasi ginen, baina konturatu ginen ez zegoela dokumentatutako material asko. Horrez gain, Aranzadikoek hainbat gauza azaldu zizkiguten ere, baina azken finean, horrelako lanetan gertatzen den moduan, informazio nagusia elkarrizketak egiterakoan jaso genuen. Adibidez, jakin dugu udaletxeak Goikoerrota erosi zuela bertako iturburutik Hondarribian erabiltzen zen uraren ia %40a han sortzen zelako. Niri iturburura iristea gustatzen zait, jakitea nondik datorren ikertzen duguna, eta zertarako erabili den historian zehar.
Inguruko bizilagunak elkarrizketatu dituzue, haientzako, leku kuttuna da?
Ba egia esan, bertan bizi izan zirenek nostalgia oso gutxirekin gogoratzen dute. Haientzat lan gogorra egiteko tokia zen, eta haien errotatik atera zirenean, ospatu egin zuten. Hor, tarte handia dago guk adibidez herritarrok eta zientzialariek dugun ikuspuntuaz eta bertakoek dutenaren artean. Guk erromantizismo batetik begiratzen dugu, eta haiek momentu oso gogorrak bizi izan zituzten bertan. Adibidez, Erdikoerrotan egon zen Jose Julianek kontatzen zigun errota utzi zuen eguna bere bizitzako onenetarikoa izan zela.
Eraikina eta errota ez ezik, inguruan dagoena ere erakusteko modukoa da, ezta?
Dokumental honekin Goikoerrota ez ezik, bertako inguru guztia balorean jartzea izan da helburua. Erreka eta ura dira erdigunea, eta urak zeharkatzen dituen parajeak hor zeuden errota eraiki baino lehen. Anais Mitxelenari esker bertako landaredia eta natur guneak identifikatu izan ahal ditugu. Bitxikeria moduan Anaisek kontatu digu nola bertan landare oso berezi bat aurkitu duten Aranzadiko zientzialariek, soilik Orion eta Hondarribian aurkitu dena.
Negozio soil bat baino gehiago izan da Goikoerrota?
Aranzadikoek kontatzen ziguten zer nolako garrantzia zuen errota batek bere garaian. Negozio bat zen, bai, baina bertara inguruko baserrietako jendea hurbiltzen zen, haien artoa txetzera. Hor herriko plaza moduko bat sortzen zen, non jendea elkartzen zen, eta haien harreman soziologikoak sortzen zituzten.
Herriko gaiak lantzean, gehiago disfrutatzen duzu?
Bai, noski. Azken finean Lander eta ni hondarribiarrak izanik, bagenekien gutxi gora behera zer nolako lekua zen. Horregatik, hurbiltasun hori badugu. Baina niri adibidez horrelako lanetan gustatzen zait ikertzea, eta nire interesekoak diren galderak egitea. Joxe Julian adibidez, adineko pertsona izanik, istorioz beterik dago, eta berekin elkarrizketa egin genuenean, ordu t’erdi egon ginen. Garaiko Hondarribiaz hitz egin zigun, zer nolako arto klase izaten zituzten esku artean… gozatzeko momentuak dira horiek.
Jendearen aldetik zer espero duzue?
Gustatuko litzaiguke jendeak Goikoerrota berraurkitzea. Hor dugun altxor bat da, eta balorean jarri behar dugu. Horrelako tokiak gureak egin behar ditugu, eta zergatik ez harrotasunez aldarrikatu.

