23. Bioterrak haziak erein ditu
Gaurtik igandera bitarte, Ficoba jasangarritasunaren topagunea izango da, aurtengo edizioan 120 ekoizle zein artisau bildu dira.
Gaurtik, hilak 5, igandera bitarte, Ficoban 23. Bioterra egingo dute. Goizean goizetik bertaratu direnen joan etorria izan da Ficobako pabiloietatik barrena. Jasangarritasuna ardatz eskaintza osasungarri zabala izango dute azokara hurbiltzen direnek: gastronomiatik hasita bitxiloreetara. Denetarik edukiko dute erosteko, baita dastatzeko ere.
Hiru pabiloitan banatuta, 120 erakusmahai izango dira, bakoitzak bere produktuak saltzen. Gastronomia, moda, masajeak, etxeko produktuak… aurkitu daitezke. Produktuen salmentatik harago, hitzaldiak, tailerrak eta bestelako jarduerak antolatu dituzte adin guztietarako publikoarentzat. Gaur goizean, olio dastaketa tailerra, mildfulness saioa edota haurrentzako tailerrak egin dituzte. Inguruko herrietako ikastetxeetako ikasle ugari izan dira hainbat jarduera egiten, produktuak probatzen eta saltzaileekin zalantzak argitzen.
10:00etan ateak ireki ditu, gaur eta bihar 20:00ak arte irekita egongo da. Igandean, berriz, 10:00etatik 19:00etara irekiko dute. Azokarako sarrera doakoa izango da, baita aparkalekua ere.
“Bizimodu osasungarriaren festa Euskal Herriko erraldoia da Bioterra”, adierazi du Cristina Labordak, Irungo alkatea eta Ficoba Fundazioko presidenteak. “Edizio honen ardatzak osasuna, jasangarritasuna eta ingurumena dira. Gainera, urtetik urtera gero eta publiko gehiago hurbiltzen da Bioterrara, eta hori oso pozgarria da”, gehitu du gaurko aurkezpenean. “Asteburu honetan, ez dago Bioterrara baino plan hoberik”, animatu ditu herritarrak.
Ekoizleen artean lehenengo aldiz etortzen direnak eta beste urte batez errepikatzen dutenak daude. Horren eredu dira Jaendik etorritako bikotearen kasua. “BeVeggien eta Bioterran egondakoak gara etxean egindako olioa saltzen. Gerturatzen den herritar askok eskatzen digute urtetik urtera hemen egoteko, eta guk, noski, baietz esaten diegu”. Lehenengo eguneko ilusioa nabari zaie aurpegietan, eta hurbiltzen den orori olioa ekoizteko prozesua xehetasun guztiekin azaltzen diete. “Bi olio saltzen ditugu, janaria prestatzeko eta frijitzeko olio suabeago bat, eta bestetik, entsaladetarako beste olio bat. Azken hau, fuerteagoa da”.
Bi hamarkada baino gehiago duen azoka honek “ingurumenaren gotorlekua” izaten jarraitzea espero dute antolatzaileek, eta urtetik urtera izan duen garapena hazten jarraitzea.
Hona hemen, HITZAk goizean ateratako argazkiak:

