155 proposamen izango dira aurtengo sanmartzialetan
Gaur aurkeztu dute aurtengo sanmartzialen egitaraua, eta bihartik uztailaren 1era bitarte adin guztietarako proposamenak izango dira Irunen.
Ekainarekin batera, Irun jaietan murgilduko da eta bihartik, hilak 5, uztailaren 1era bitarte, 155 proposamen izango dira hirian. Kontzertuak zeintzuk izango diren argitaratu bazuten ere, gaur aurtengo San Martzialetako egitaraua aurkeztu dute. Irundarrek beste urte batez adin eta gustu guztietarako jarduerak izango dituzte, hiria girotzeko helburuarekin. Aurten, gainera, egitaraua ofizialaren jarduerak lehenago hasiko dira, bihar Zabaltza plazako kioskoan egin ohi duten dantzaldiekin. Egunotan, egitarauaren 28.000 ale banatuko dituzte. Bitartean, egunez eguneko egitaraua udal webgunean eskuragarri izango da.
Aurkezpenean egitarauaren xehetasunak azaldu dituzte udal zinegotziek. Azken urteetan egin bezala, Irunek musika eskaintza anitza izango du aurten ere, eta San Juan, Urdanibia eta Istillaga plazan kontzertu ugari eskainiko dituzte ekainean zehar. Lehenengoa larunbat honetan, hilak 6, izango da. Puro Relajok musika mexikarrarekin girotuko du San Juan plaza, 22:30etik aurrera. Datozen asteburuetan, Chenoa, Zea Mays, Gozategi, Mikel Erentxun edota Henry Mendez ariko dira, besteak beste.
Kontzertuetatik harago musika eskaintza eszenatokietatik kalera jaitsiko da. Iaz lehenengo Txaranga Eguna antolatu zuten, eta izandako arrakasta ikusita, aurten ere errepikatuko dute, hain zuzen, hilaren 28an. Txarangekin batera, Ondare Kultur Elkarteko eta Bidasoako Erraldoiek hainbat irteera egingo dituzte jaiegunetan. Aipatzekoa da Ondarek larunbat honetarako antolatu duen Erraldoi Eguna, elkartearen 15. urteurrena ospatzeko.
Aurtengo beste berritasun bat dronen ikuskizuna izango da, Munduko festak. 22:30ean hasita, zerua argiz eta formaz beteko da, eta ikuskizuna ikusteko lekurik aproposena Ficobako kanpoaldea dela adierazi dute.
Kirolak ez du hutsik egingo
Borja Olazabal Kirol Ordezkariak argi adierazi du gaurko aurkezpenean: “Irunen, kirolak beti dauka bere txokoa”. Esku huskako jaialdi profesionala, emakumeen eskubaloiko San Martzial txapelketa, 3×3 saskibaloi txapelketa edota Aiako Harriak natura parkeko mendi martxa egingo dute jaiak irauten duten egunetan.
Horietaz gain, bi hitzordu garrantzitsu izango dira hirian. Igande honetan, hilak 7, San Pedro klasikoaren 105. edizioa antolatuko dute. bertan, junior mailako 250 txirrindulari biltzea espero dute. Hilaren 27an, urteroko hitzordua izango dute korrikalariek San Martzialerako Igoerarekin.
Adinekoak eta gazteak, protagonistak
Biharko kioskoko dantzaldiak adinekoak izango ditu protagonista. Tsunami Orkestrarekin batera, dantza eta mugimendua sustatuko dituzte 18:00etatik aurrera. Dantza, Tipi-Tapa, tailerrak eta Kantu Jira edukiko dute adinekoek, bakoitzak bere eran jaiak bizitzeko.
Adinekoekin batera haurrentzat eta gazteentzat ere jarduera ugari egingo dituzte. Etxeko txikienek txotxongiloekin hitzordua edukiko dute hilaren 23tik 26ra bitarte Sargia parkean, 12:00etan. “Jaietako helburua primeran pasatzea da; hori dela eta, bi arloetatik hainbat jarduera proposatu ditugu: adinekoen bizi kalitatea hobetzeko eta haurren artean euskara sustatzeko”, adierazi du Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko eta Euskarako ordezkariak.
Istillaga plazako Santiagoko frontoia Gaztegune bilakatuko dute, eta bertan gazteentzat hamarnaka jarduera prestatuko dituzte. Kontzertuak, simulagailuak, txapelketak, erronkak eta ur jokoak egingo dituzte San Martzialetan.
Guztiontzako jaiak
Cristina Laborda alkateak elkarbizitzarako eta errespeturako mezua helarazi die herritarrei. ” Irundarrontzako hilabeterik bereziena iritsi da; familiek eta lagunek une bereziak partekatzeko aukera edukiko dute hilabete osoan zehar”. Sanmartzialak hiri baten isla direla adierazi du.
Bide beretik, Nuria Alzagak eskerrak eman dizkie festen antolakuntzan murgildu diren guztiei. “Horiei guztiei esker, Irun bizipozaz betetzen da ekaina osoan. Jarduera bakoitzaren atzean dedikazioa, grina eta konpromisoko ordu ugari daude, eta, horregatik, sanmartzialak programa bat baino askoz gehiago dira”.
Jaiak guztientzat diren bezala, barrakak ere herritar guztientzat izango dira. Hilaren 13tik uztailaren 2ra arte Ficoban jarriko dituzte. Aurten ere, autismoa eta hipersentsibilitatea duten haurrek ere parte har dezaten 17an, 24an eta 25ean musikarik gabeko barrakak izango dira, 17:00etatik 19:00etara.

