Maria Garro plaza, sorginkeriaz leporatutako emakumeen omenez
Eliza ondoko plazak ez zuen izenik, eta maiatzako udalbatzan erabakia hartu dute: Maria Garro plaza izango da. 1611. urtean sorginkeriaz leporatutako emakumeetako bat izan zen Garro.
Eliza ondoko plazak badu izena: Maria Garro plaza. Orain arte izenik ez zuen plaza zen, eta aurreko asteko udalbatzan, Emeki Emakume Elkartearen ekimenez egindako proposamen bat onartu zen, Abotsanitzen eta EH Bilduren bozkekin. 1611. urtean hainbat emakume, sorginkeria leporatuz, San Telmo gazteluan preso hartu zituzten. Maria Garro zen haietako bat, eta orain bere izena duen plazan izan zen akusatua. EAJk eta PSE-EEk abstentzioa eman zuten.
Orain, jendaurreko prozesuan dago erabakia, 30 egunez. Ondoren, erabakia behin betikoa denean, ekitaldi bat egingo du udalak bertan.
Herriko hainbat plaza izendatu dira emakumezkoen izenekin azken urteetan. Helburua argia da: emakumeen presentzia kalean indartzea eta erreferente izandakoei aitortza egitea. “Kaleen izenek ere istorioak kontatzen dituzte: nor gogoratzen dugun, nor omendu dugun eta nori eman diogun lekua espazio publikoan”, adierazi zuen Igor Enparan alkateak udalbatzan. Akusatutako emakumeen artean ezezagunena izan da Maria Garro, eta hori ere bada plazari izena jartzeko arrazoietako bat udalaren ustez.
Hainbat ikerketa egin dira gertaerari buruz, eta ikerketei esker jakin da ezagutzen zirenez gain, beste bi emakume ere preso hartu zituztela. “Adingabeen deklarazioetan oinarrituta, emakume haiei deabruarekin lotutako erritualak egitea, gauez hegan egitea edo ekaitzak eta gaixotasunak eragitea egozten zitzaien. Testuinguru hartan, halako akusazioek ondorio oso larriak izan zituzten, bereziki emakume zaurgarrienentzat edo egoera sozial ahulean zeudenentzat”, azaldu du Enparanek.
Udal taldeen adierazpenak
Udal talde bakoitzak bere txanda izan zuen erabakiaz hitz egiteko.
Garoa Lekuona (EH Bildu): “415 urte behar izan dira Inkisizioaren eskutik eta bermerik gabe epaituak izan ziren emakume horietako baten izena Udalera ekartzeko. Maria Garro da, agian, ezezagunena. EH Bildutik ere lanketa ezberdinak egin ditugu gai honen inguruan, eta Maria Garroren izena jartzearen alde gaude, jakinda oraindik badirela aitortza merezi duten emakume asko, Inesa Gaxen kasu. Azken urteotan izenik ez zuten plazak izendatu dira, baina ez da inoren etxeko helbidea aldatu. Gure ustez, kaleek ere emakumeen izenak izan behar dituzte. Mahai gainean jartzen dugu kale-izendegia berrikusi beharra dagoela: emakumeen izenak espazio berrietarako erabiltzeaz gain, erreparazio modura gizon izenak dituzten kale batzuk aldatzea ere aztertu beharko litzatekeela uste dugu”.
Maria Serrano (EAJ-PNV): “Begi onez ikusten dugu emakumeen presentzia handitzeko kale-izendegian egiten ari den lanketa. Aurreko agintaldian abiatu zen bide hori, EMEKIren ekimenez. Hala ere, lanketa parte-hartzaileago baten beharra ikusten dugu, elkarte, eragile eta bizilagunekin elkarlanean; izan ere, gaur egun ditugun hainbat plaza modu horretan sortu ziren. Emakume horien historia eta ekarpena balioan jartzeko, memoria kolektiboa lantzeko eta herriarekin partekatzeko jardunaldi edo ekitaldiren bat egitea ere interesgarria litzateke. Gure ustez, erabakiak elkarlanean eraikitzea da bidea, eta kasu honetan halako parte-hartze prozesu bat faltan bota dugu. Proposamenaren funtsarekin ados gaude; positiboa eta beharrezkoa iruditzen zaigu emakumeek kale-izendegian presentzia handiagoa izatea. Horregatik, plaza izendatzen den unean testuinguru historikoa azaltzeko jardunaldi bat antolatzea proposatzen dugu”.
Noemi Odriozola (PSE-EE): “Argi dago kale-izendegian desoreka handia dela gizonen eta emakumeen presentziaren artean, baina egia da azken urteotan egoera hori pixkanaka zuzentzen joan dela hainbat izendapenen bidez. Ulertzen ez duguna da zergatik lehenetsi den emakume hau epaitutako guztien artean; gainera, memoria teknikoan ere ez da gai hori behar bezala argitzen. Proposamenaren aurka egon gabe, gogorarazi nahi dugu badirela kaleei izena emateko proposatu diren beste emakume batzuk ere. Proposamena positibotzat jotzen dugu, baina interesgarria iruditzen zaigu izendapen hau baliatzea herritarrek 1611n ustezko sorginkeriagatik egin zen prozesua ezagutzeko ekitaldi edo jardueraren bat antolatzeko. Halaber, beharrezkotzat jotzen dugu plaza eta kale izendapenen proposamenak aztertuko dituen batzorde tekniko bat sortzea”.

