Elkar topatzeko festak antolatu dituzte Anakan
Jaiak datorren ostiralean, ekainak 5, hasiko badira ere, gaurtik hasita datozen bi asteburutarako programazioa prestatu dute.
Jaietan murgilduko dira Anakako bizilagunak datozen bi asteburutan. Festen txupinazoa datorren ostiralean, ekainak 5, izango den arren, asteburu honetan hainbat jarduera antolatu dituzte auzoa pizteko. Auzo elkarteak bizilagunei dei egin die auzoko festetan parte har dezaten, “kalera jaitsi eta elkar topatzeko”.
Gaur, hilak 29, helduen abesbatzak kontzertua eskainiko du San Juan Batailatzailea parrokian. Bihar, berriz, Ademgik, esklerosi anizkoitzaren elkarteak, paella jana solidarioa antolatuko du Munnogaina kalean, 14:00etan. Arratsaldean, berriz, DJ Landerm eta Ramosek musikaz alaituko dute bazkalostea, eta 19:00etan bingoa egingo dute. Ekainaren 4an, ostegunarekin, haurrentzako tailerrak eta pintxo potea egingo dituzte.
Jaien hasiera ofiziala datorren ostiralean izango da, 17:00etan haurrentzako marrazki lehiaketa prestatu dute eta 19:00etan, Bidasoako Txaranga erraldoi eta buruhandien laguntzaz, jaiei hasiera emango diote. Gauerako musika eskaintza izango dute bizilagunek Lee Junior eta M-Cano taldeen kontzertuekin.
Jaien egun garrantzitsuena ekainaren 6a izango da. 09:00etan urtero egiten duten martxa antolatuko dute. Aristegi Enbaxadorearen plazatik hasita, auzoko txokoak bisitatzeko ibilbide zirkularra antolatu dute, eta bueltan mokadutxoa hartzeko aukera izango dute. Judo eta Eraiki Dantza Taldearen ikuskizunak izango dira auzoan, eta horiek amaitzean, herri bazkaria egingo dute, 14:00etan. Tiketak Ana okindegian erosi daitezke, helduak 30 euroan eta haurrak 15 euroan. 18:00etan, Zozongo batukadak auzoa alaituko du eta gauean ere musika izango dute Ibai Berriak taldearen eskutik.
Igandea aurtengo festen azken eguna izango da. Goizean goizetik, txistulariek auzotarrak esnatuko dituzte, eta 09:30ean hasita, patata tortilla txapelketa egingo dute. Pintxoak euro batean salduko dira. Auntxa taldeko trikitilariak, toka txapelketa eta Irungo Musika Bandaren kontzertua izango dira goizean zehar. Arratsaldean, aurpegi magoketa, txapak eta txokolate jana antolatuko dituzte auzoko haurrentzat. Irungo dantza taldeek jaiei amaiera emango diete.

