Bidasoko bertsolaritzaren lorpen historikoa
Irunabarreko hiru bertsolarik balentria historikoa lortu dute, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalerdietara ailegatuta. Bertsolaritzak plazak behar ditu, eta hori aldarrikatu dute.
Ezkerretik eskuinera, Manu Goiogana, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriaga, Urdanibia plazan. Gorka Correyero Llamas Bidasoan maila handiko bertsolaritza dagoela erakutsi dute Manu Goiogana, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriaga bertsolariek. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa bihar (hilak 30, larunbata) Aian finalarekin bukatuko den arren, Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneko eskolako bertsolariek aurten balentria handia lortu dute herriartekoen finalaurrekoetara iritsita Txingudi A taldearekin; Tolosan izan zen finalerdian, Zumarraga-Urretxu taldearen kontrako lehia bikaina egin, baina azken saioaren atarian gelditu ziren. Saioz saio eta hasierako helburu garbirik izan gabe otsailean hasitako ibilbideari bukaera ezin hobea eman zioten hala ere.
Herriartekoaren lehenengo fasean Oarsoaldeko eta Donostiako taldeen aurka aritu ziren, eta horien artean lehenengo sailkatu ziren bigarren faserako. Hiruek argi dute lortutakoa «historikoa» izan dela, jakinda Gipuzkoan den maila oso altua dela. Pozik dauden arren, badute zer aldarrikatu: «Ez dugu merezi genuen oihartzunik izan eskualdean».
Bertsolaritzan bakarka zein taldean egin daiteke, eta kasu honetan, hirurek talde oso ona sortu dutela adierazi dute: «Gakoa talde orekatua osatzea izan da. Batek egun ez hain ona eduki duenean besteek lagundu dute». Txapelketan momentu onak eta ez hain onak bizi dituzte hirurek, hala ere, harrituta daude aurten lortu dutenarekin. «Hasieratik hirurok ondo moldatu gara, eta horrek eman digu aurrera egiten jarraitzeko indarra», gehitu du Luzuriagak.
Helburu garbirik ez izan arren, ametsa bete dute: Irunen izenean parte hartzea herriarteko txapelketan. Gainera, Irungo Kabigorrin saio bat egiteko aukera izan dute. «Kantatzeko espazio seguru bat sortu nahi genuen». Eta hala egitea lortu dute. Gainera, txapelketako saioetan zehar lagunen eta hurbilekoen bultzada oso presente eduki dute. «Saioetara hurbildu den jendea esker onekoa izan da, eta gustura gelditu dira haiek ere», nabarmendu du Luzuriagak.
«Irunek bere taldea izatea eta bertsotan ondo aritzeko maila dagoela frogatzea sekulakoa izan da», azaldu du Lopetegik. Bertsolaria izateaz gain, Irunabarreko irakasle ere bada, eta bertatik bertara bizi du bertsolaritzaren egoera. «Egoera ez da onena, bertsotan aritzeko gogoa duen jendea dugu, eta hori landuta etorkizuna izango dugu». 2017an egin bezala, aurten ere Irunabarreko bi talde izan dira txapelketan lehiatzen. «Esanguratsua da, ez baita herri guztietan gertatzen», nabarmendu du Goioganak.
Plazak aldarrikatzen
Lortutako balentria handia izan arren, hiru bertsolariak kexu dira gaur egun duten oihartzun faltarekin. «Eskualdeko hedabideek ez dute jarraipenik egin; beste eskualdetako hedabideetan, berriz, saioen berri eman dute», argi adierazi du Goioganak. Erakundeen aldetik ere ez dute bultzadarik izan, eta hori minetik bizi izan dutela esan dute aho batez: «Bertako sortzaileak babesten dituztela esaten dute, baina errealitatean ez da hala izaten».
«Arazo orokortu bat da bertsolaritzarekiko. Nahiz eta Irunen Maialen Lujanbiorik ez izan, urte pila bat daramagu bertsotan», dio Lopetegik. Irunabar 2008an sortu zen, eta azken urteetan «ikusezinak» direla sentitu dute. Ildo beretik, Luzuriagak Irunabarreko kideek egiten duten lana baloratu du: «Izugarrizko ekarpena eta lan handia egiten du bertso eskolak, eta gero lan hori guztia ikusezina izan ohi da». Bertsolari onak badaude, baina plazak aldarrikatzen jarraitzen dute. «Jendeari ez badizkiozu aukerak ematen, ez dute ikasitakoa jendaurrean azaltzerik izango», adierazi du Goioganak.
Plazak exijitzeko bide beretik jarraituko dute. Irunen eta beste hainbat tokitan bertsolaritzak plazak behar ditu eta aldaketarik egon ezean, Goioganak argi du harrobian dabilen gazte batek bertsotan aritzeari utziko diola. «Gabriel Garcia Marquezen obra datorkit burura: Cronica de una muerte anunciada». Tradizioak dio bertsolaria herriaren ahotsa izan behar dela, eta hala izan da urteetan zehar. Hiru bertsolariek adierazi dute herriartekoari esker irundarrak konturatu direla Irunen bertan badaudela bertsotan ondo aritzen diren bertsolariak.
Erdigunetik at
Txapelketako saioetan Irungo errealitatea oso presente eduki dute. «Azken saioetako gai nagusia izan zen herrian bizi dugun errealitatea. Euskal munduaren erdigunean gelditzen ez diren leku horietan, ez euskalduntzat izendatzen ditugun toki horietan, jendeak duen erantzuna zein den azaldu genuen bertsotan». Lopetegik hausnarketa bat egin du: «Bertsolari gazteei ez bazaie plazarik eskaintzen nola lortuko dugu talde bat eratzea, txikia bada ere, eta aurrera ateratzea?». Horregatik, uste dute Bidasoko bertsolaritzak oihartzun handiagoa behar duela hedabideen aldetik, baita erakundeen aldetik ere. Blokeo egoera batean murgilduta daudela uste dute, eta jendeak hori sinistu duela. «Indar galera hori ez da kasualitatea», azaldu du Goioganak.
Blokeotik ateratzeko motibazioa behar dute Irungo bertsolariek, azkenaldian saioen kopurua asko jaitsi baita, izan herriko edo auzotako festetan, izan elkarteetan. Dena den, bertso eskolak horri irtenbidea topatzeko lanean jarraituko duela adierazi dute. «Bertsotan gozatzeko maila mantendu nahi dugu eta ahal den neurrian hobetu, bertsotan aritzea sekulakoa baita».

