Kooperatuz Sariak ekainaren 5ean banatuko dituzte
BDS Koopek antolatuta, aurtengo deialdian 42 lan aurkeztu dira eta horien artean banatuko dituzte sariak Iruñeko Geltoki aretoan.
Urtero legez, BDS Koop Elkarteak Kooperatuz Sarien edizio berria antolatu du. Aurtengo edizioan, 42 lan aurkeztu dira (21 helduen kategorian eta 21 adingabeen kategorian), eta horien artean aukeratuko dute aurtengo irabazleak nortzuk izango diren. Sari banaketaren ekitaldia Iruñeko Geltoki aretoan egingo dute datorren ostiralean, ekainak 5, 13:00etan hasita.
Sari hauek ekonomia sozialaren balioak eta kooperatibismoaren printzipioak sozializatzea, ikusgarri egitea eta hausnarketa kolektiboa sustatzea dute xede. Aurkeztutako lanetan, gainera, balio horien presentzia, mezuaren argitasuna eta koherentzia, ikuspegi komunitarioa eta soziala, eta jatorrizkotasuna eta begirada propioa baloratuko dute. Kalitate teknikoa, maila profesionala eta ezagutza teorikoa, berriz, ez dute kontuan hartuko.
Ekitaldia Olatukoopen Saretze Egunaren baitan egingo dute, eta balio kooperatiboak partekatzeko eta zabaltzeko topagunea izango da. Aurkeztu diren 42 lanen artean, 1.500 euroko bi sari banatuko dituzte BDS Koop Elkarteak osatutako epaimahaiak.

