Bueltan da Tortilla Irundarraren Nazioarteko Lehiaketa
Hirugarren edizioa ekainaren 14an izango da San Juan plazan, eta ekainaren 8ra arte izena eman daiteke. Gehienez, 20 partaide izango dira.
Alde Zaharra San Juan auzo elkarteak Tortilla Irundarraren Nazioarteko Lehiaketa antolatuko du ekainaren 14an, San Juan plazan. Aurtengoa hirugarren urtea izango da, eta 9:30etik 11:30era tortillak prestatzeko tartea izango dute izena eman duten 20 partaideek. Antolakuntzak kopuru horretara mugatu du parte hartzea; hortaz, izena ematen duten lehenengo 20 partaideek aukera izango dute tortilla prestatzeko. Osagai eta tresna guztiak parte hartzaileek eraman beharko dituzte.
Izen emateko azken eguna ekainaren 8a izango da, 20:00ak baino lehen. Interesdunek aldezaharrasanjuan@gmail.com helbidera korreoa bidali beharko dute parte hartzaileen izen abizenekin eta harremanetarako telefono zenbaki batekin.
Lehiakide guztiek osagai hauek erabili ahalko dituzte: 8 arrautza, 100 gr Baionako urdaiazpikoa, 100 gr onddo, perretxiko edo txanpinoi, 3 piper gori, txerri-gantza (olioz ordezkatua), perrexil fresko xehatua eta gatza. Zerbitzatzeko tortilla triangelu formako zatitan moztu beharko dute.

